PAKO SUDUPE, IKERLARIA ETA IDAZLEA

“Telesforo Monzon kontserbadorea zen gizarte gaietan eta iraultzailea aberri kontuetan”

‘Telesforo Monzon, aristokrata abertzalea’ biografia ondu duPako Sudupe ikerlariak liburu mardul batean. Bergarakopolitikariaren bizitza jaso du bertan, baina baita Euskal Herriarenmugarri historikoak eta euskal abertzaletasunaren bilakaera ere

JONEBATI ZABALA - Jueves, 21 de Junio de 2018 - Actualizado a las 14:11h.

TELESFORO Monzonen bizitza paperera ekarri du Pako Sudupek (Azkoitia, 1959), Telesforo Monzon, aristokrata abertzalea. EAJtik HBra bilakaera politiko-kulturala lanean (Txertoa argitaletxea). Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegiren lana egiten ari zela, hark esan zion Monzon “abertzale handi eta eredugarria” izan zela, eta haren inguruko biografiarik ez zegoela ikusita, hutsune hori betetzea erabaki zuen Sudupek. Ez da mugatu Monzonen bizitzaren ingurukoak kontatzera, Euskal Herriaren mugarri historiko batzuk ere islatu ditu lanean, euskal abertzaletasunaren bilakaera irakur daiteke orriotan.

Zergatik Telesforo Monzonen biografia? Esaten duzu ez zenuela apologiarik egin nahi.

Bi arrazoi nagusigatik idatzi dut biografia. Txillardegiren lana egiten ari nintzela, hark esaten zuelako Monzon abertzale handia zela, “eredugarria”, eta ikusi nuen ez zegoela gehiegirik idatzita berari buruz, biografiarik ez behintzat. Biografia bat merezi zuela eta, hortik abiatu nintzen.

Zelakoa izan da dokumentazio prozesua?

Artxiboetara joan nintzen orduan, nik bera ez bainuen ezagutu. Idatzien bitartez ezagutu nuen, bere jaiotetxeko artxibora jo nuen, Olaso dorretxekora, gero Euskadiko Artxibo Historikora;gutun asko topatu ditut hor. Ahotsak Debagoienako lekukotasunak jasotzen dituen proiektua ere baliatu dut, Sabino Arana Fundazioa, Tolosako Probintzia Artxiboa… Horiez gain, oso garrantzitsua izan da Koldo Izagirreren Langosta baten inguruan bilduma, 80ko hamarkadan sei liburukitan bere hainbat artikulu bildu zituen eta hori oso baliagarria izan da. Egia da badaudela Monzoni buruzko liburuak, esaterako Anai Arteak argitaratutako Hitzeko gizona. Bertan, bere artikuluak eta berarekin harreman handia izan zutenen testigantzak jasotzen dira. Iñaki Anasagastik Llámame Telesforo idatzi zuen berari 1973an egindako elkarrizketa baten berri emanez, Egin-ek ere atera zituen bere artikuluak… Inoiz ez da erabat ahaztuta egon, baina ez zegoen liburu batean bilduta bere bizitza, haurtzarotik heriotzara, hau da, ez da egon bere biografia bat eskuragarri.

Gaur egungo gazteek zer dela-eta ezagutu behar dute Monzon?

Batetik, esango nuke adin jakin bat daukagunok perspektiba historikoa edota bilakaera politikoa ikusteko interesgarria dela liburua irakurtzea. Orain dela 80 urte ze planteamendu zeuden, ze haustura eta erreforma, hori ondo islatzen du Monzonek. Gainera zubigilea izan da abertzaleen artean. Gazteen kasuan, zaila da eurei erakargarri gertatzea horrelako pertsonaia historiko bat, askoz ere errazagoa izango litzateke hari buruzko pelikula bat egingo balitz, eta emango luke egia esan, pelikula bat baino gehiago egiteko ere.

Zubigilea zela diozu, eta euskarari balio politikoa eman zion gutxietakoa.

60ko hamarkadatik aurrera desmarkatua zegoen, EAJkoa zen eta bere burua jelkidetzat zuen: kristaua, elizaren doktrina soziala eta aberriaren askatasuna. Baina berari iruditzen zitzaion EAJk irekia izan behar zuela eta lekua izan behar zutela, komunistak baztertuta, beste guztiek. Irekita egon behar zela, ezin zela izan aberatsen alderdia. Bera aberaskumea zen, baina herrikoia izan behar zuela uste zuen eta abertzale berriei lekua egin behar ziela, ez baztertu. Abertzale eta gudari zaharrak abertzale berriekin uztartzen edo lotzen saiatu zen.

‘Aristokrata abertzalea’ eraman duzu izenburura. Monzon ondoen deskribatzen duten bi hitzak dira?

Berak esan zuen Bergara, bera jaio zenean (XX. mende hasieran), zaldunen eta langileen herria zela. Monzon zaldunen familiakoa zen. Argitaratu zuen lehenengo artikuluan, El euskera y las clases altas del País, “aristocracia vasca” deitzen zion bere familiari ere. Hor kritikatzen zuen euskararen aristokrazia, oso ona izan zela herriarengatik egin zuena, interes publikoaren alde lan egin zuela, baina hizkuntza kontuan gaizki jokatu zuela, baztertu egin baitzuen euskara, gutxietsi. Ondorioz, esaten zuen, euskal izpiritua ere galdu egin zela, arroztu. Horri buelta eman behar zitzaiola uste zuen bergararrak;bere ustez, Euskal Herria kohesionatzeko ez zuen balio erlijioak, arrazak, baizik eta nagusiki hizkuntza zen balio zuena. Horregatik, euskarari balio politikoa eman zion Monzonek, hain justu zazpi lurraldeen arteko elementu kohesionatzaile bezala.

“Kontserbadorea gizarte gaietan eta iraultzailea aberri kontuetan”. Ondorio hori atera duzu. Nola izan daiteke? Ez da kontraesana?

Esan dezagun kristau demokrata zela. Adibidez, feminismoarentzat ez da erreferentea izango Monzon, ezta Marxista bazara ere. Baina bai abertzalea izanez gero, eta batez ere zazpi lurraldeak zure aberria direla sentitzen baduzu. Ipar Euskal Herriarekin lotura estua zuen: gurasoak Senperen ezkondu ziren, umetan Donibane Lohizunen bizi izan zen urte batzuez... Eurentzat atseden leku zen. Oso berea zen. Nafar zaletasun ikaragarria ere bazuen. Gainera, bere arbasoetako bat, garrantzitsua gainera, Iruñean jaiotakoa zen, Tadeo Monzon. Bergarako Olasotar emakume batekin ezkondu zen. Nafarroan bakarrik 50 bat hitzaldi eman zituztela esaten du Irujok, Jose Antonio Agirre eta Monzonekin batera: Lizarran, Lekunberrin, Tafalla, Agoitzen… Ez du esaten non, baina tokiren batean harrika hartu zituzten, eta horrek pena handia ematen zion. Hitzaldi horiek Nafarroa berreskuratzeko ziren, Estatuto Vasconavarro-tik kanpo geratu zenean. Agirrek Campaña de Conquista de Navarra deitu omen zion. 60ko hamarkadan Irujori esaten zion bi gauza zirela inportanteak: bata, Nafarroaren mistika eta bestea, euskara. “Ametsa aurrera ateratzeko” gerra aurrean baino faktore gehiago zeudela zioen.

Jelkide sentitu zen hil arte, kristau demokrata izanik, baina Herri Batasunan beso zabalik onartu zuten.

Berak bere ideologiarekin jarraitu zuen. Herri Batasunan beso zabalik hartu zuten, euskal estatuaren alde zegoen, zazpi lurraldeen alde, eta ez zuten behartu ezkertiar izatera. Bera kristaua zen, baina ez klerikala edo apaiz zalea. Bera demokrata zen zentzu horretan, esaten zuen independentziaren alde borrokatuko zuela, baina autodeterminazio eskubidea onartzen bazitzaion Euskadiri, berak onartu egingo zuela jendearen erabakia. Hau da, erabakitzen bazen autonomia edo konfederazioa Iberiar penintsulan edo independentzia. HBn esku zabalik hartu zuten eta azken lau urteak hortxe egin zituen, lasai asko bizi beharrean, borroka politikoan: desobedientzia zibilean, manifestazioetan, Langraizeko kartzelan, gose greban…

Kontzientzia arazoak izaten omen zituen ETAren ekintzak zirela-eta.

Hori da. Gaur egun komikoa iruditu dezake, baina Piarres Larzabalekin oso harreman ona zuen, biak ziren teatro zaleak, eta 30 urtez ia egunero ikusi zuten elkar. Erabaki politikoak hartu behar zituztenean, espiritu santuari eskatzen omen zioten argitasuna, ea ondo jokatzen ari ziren, eta batez ere, kristau bezala ondo jokatzen ari ziren. Larzabalek esaten du Monzonek ez zuela ezer egin kristautasun aldetik leporatu dakiokeenik. Berak uxatzen zizkiola kontzientzia zalantzak, kezkak eta beldurrak.

Ze ondorio atera dituzu? Harritu zaituen ezer topatu duzu bidean?

Ez dakit ondorio bakar bat soilik atera daitekeenik. Nik bere testamentua aipatuz bukatuko nuke. Maite zuen arrano beltza, zazpi lurraldeetan arrano beltzak berea du Nafarroa, Iruñea, baina baita ere Gernika eta EAE, baita Donibane Garazi ere. Zazpi lurraldeetan hegaldatu eta bizitzeko moduan zioen berak. Euskarari dagokionez, euskaldunoi kardantxiloak bezala kantatzea dagokigula zioen Monzonek. Abertzale guztiok etsaiaren aurrean bat egin behar dugula ere esaten zuen, “Mari-gaiztok banatzen gaitu”. Historian zehar banatu gaitu eta zatiketa horiek alde batera utzita batu egin behar dugula zioen

Secciones