Gozategi: 26 urte plazaz plaza

Jueves, 21 de Junio de 2018 - Actualizado a las 14:19h.

Mende laurdena pasatxo taula gainean pasa ondoren, musikarekin emozionatzeko gaitasunarekin eta grinarekin jarraitzen du Gozategik. Asier eta Ainhoa Gozategi anai-arreba oriotarrek eta Iñigo Goikoetxea altsasuarrak osatu zuten Gozategi taldea, 1991. urtean, eta ‘Nornori-nork’ kantuarekin egin ziren ezagun. Musika freskoa, bizia eta adin guztietako entzuleen gustukoa eginez agertu ziren plazara. 1995ean iritsi zen Gozategiren estreinako diskoa: ‘Gozategi’. Alabaina, urtebete geroago heldu zioten arrakastaren bideari, ‘Ainhoa’ proiektuari esker. ‘Nirekin’ abestiak asaldatu zuen euskal musikagintza, doinu itsaskor eta letra gogoraerraza lagun. Hain zuzen ere, Jon Maia bertsolariaren hitzak jaso zituen bizkaieraz abestutako kantu horrek.

‘Kalanbreak’ hirugarren diskoan (Elkar, 1998), bere musikari ukitu modernoagoa eman nahi izan zion taldeak. Geroago etorri zen ‘Egunon’, taldearen diskorik pertsonalena. Mezu baikorra zabaldu nahi zuen Gozategik, baina kantuen hitzetan eduki sozial eta politikoak pisu handia hartu zuen, bai eta maitasunak ere. ‘Goztg.kom’ diskoa kaleratu zuten 2006an, estilo arrakastatsuari eutsiz. ‘Bizi-bizirik’, berriz, 2010ekoa da. Hogei urteko ibilbidearen errepasoa egin zuen taldeak ‘All Stars 1992-2012’ diskoan.

Iaz, berriz, ‘Gozategi zuzenean 25 urte’ CDDVDa kaleratu zuten, Iruñean, Donostian eta Bilbon emandako kontzertuen soinu eta irudiekin. Urte hauetan guztietan egindako lagunak izan ziren Gozategirekin oholtza gainean: Jon Maia, Garikoitz Mendizabal, Xabi Solano, Andrea Bidart, Mikel Markez, Iker Galartza, Pirritx, Porrotx eta Marimotots eta Ainhoa Gozategi, besteak beste. Abesti propioekin sortutako zortzigarren diskoa da ‘G puntua’.