Ana Lucas, Intza Unanue eta Maialen Rodriguez

“Euskal sorginen mitologia beste ikuspuntu batetik jorratuko dugu ‘Arinmak’-en”

Ana Lucas (ezkerrean), Intza Unanue (erdian), eta Maialen Rodriguez (eskubian, eserita).

Orioko Harribil Dantza Taldeak ‘Arinmak’ dantza ikuskizuna estreinatuko du datorren larunbatean, San Juan bezperan, 22.00etan Karela kiroldegian. Sorgina izango da gai nagusia, baina betiko ideia guztiz aldatuko dute dantzariek

Ane Roteta - Martes, 19 de Junio de 2018 - Actualizado a las 06:04h.

Orio - San Juan bezperan aurten ere Harribil Dantza Taldearekin goza-tzeko aukera izango da Orion, baina ohiko emanaldia eskaini beharrean, Arinmak izeneko obra estreinatuko du herriko dantza taldeak. Lan handia egin ondoren, larunbatean taularatuko dute ikuskizun berritzailea, gaueko 22.00etan Karela kiroldegian. Lehenago, ordea, ohiko kalejira egingo dute haurrekin, 21.00etan hasita.

Nola sortu zen ‘Arinmak’ dantza emanaldia sortzeko ideia?

-Ana Lucas: San Juan bezperan beti egiten dugu kalejira bat herritik zehar, baina azkeneko urteetan parte- hartzea ez zela oso handia ikusi genuen, eta aspaldi emanaldi berri bat osatu ez dugunez, ikuskizun berri bat egitea erabaki genuen. Euskal sorginen mitologiaren gaia hartu genuen, gai hori beste ikuspuntu batetik jorratzeko.

-Intza Unanue: Orain arte suaren inguruan egiten genuen dantza San Juan bezperan eta errepresentatzen genuena betiko sorginaren ideia zen, sorgin zikin eta itxusiena, alegia. Emanaldi honetan horri buelta eman nahi diogu;hau da, sorginak emakume euskaldunak eta libreak zirela, eta ez zirela demonioarekin lotutako emakume zikinak. Ideia hori nahi dugu zabaldu, sorginak ere emakume normalak zirelako.

Eta zer ikusi ahal izango da ‘Arinmak’ obran?

-I.U.: Harribilen egiten duguna euskal dantzak dira, eta euskal dan-tza emanaldi bat izango da, baina, era berean, poesia, ikus-entzunezkoak eta dantza garaikideko ku-tsu batzuk ere egongo dira.

-Maialen Rodriguez: Momentu honetan 16 pertsona gara taldean, baina emanaldi honetan parte hartuko dugunak hamar gara. Denak emakumeak gara, eta hori ere aprobetxatu nahi izan dugu, emakumeak eszenatokian presentzia izateko.

Larunbatekoa estreinaldia izango da. Zer espero duzue oriotarrengandik?

-I.U.: Nik bi iritzi ditut horren inguruan. Alde batetik, harrera ona izango duela uste dut zerbait berria delako, eta eszenatokian bertan bideoari garrantzi handia eman diogunez, nik uste ikusiko dutela lan handia egin dugula. Baina, beste alde batetik, kritikak egon daitezkeela ere pentsatzen dut;izan ere, jendeak pentsa dezake betikoa aldatu dugula eta aurten ez dugula suaren inguruko zerbait egin. Azken finean, Orioko kultura den zerbait aldatzen duzunean, normala da kritika onak eta txarrak egotea, eta nik uste dut biak egongo direla.

Ba al duzue emanaldia beste tokiren batean eskaintzeko asmorik?

-M.R.: Beste herrietara zabaltzeko asmoa dugu. Ikusi beharko da nonbaitetik deitzen diguten, baina inguruko herrietara mugitu nahiko genuke.

-I.U.: Aurreko urteetan egindako emanaldiekin saiatu gara beste herrietara eramaten, eta honekin besteekin baino gehiago saiatuko garela esango nuke. Izan ere, besteek bazuten istorio bat baina ez kulturari lotutakoa, eta honek euskal kulturarekin erlazionatutako istorio bat kontatzen du, eta gainera, beste ikuspuntu batetik. Nik uste dut hau gehiago zabaltzeko aukera izango dugula.

Zuekin dantza egitera animatzen denak zer egin behar du?

-M.R.: Facebook sare sozialean aurki gaitzakete, Harribil Dantza Taldea profilean. Bestela, astelehen edo ostegun iluntzetan elkartzen gara Kultur Tailerrean, 20.30ean, eta hona azalduta nahikoa da.

-A.L.: Irakaslerik ez dugu, dena guk egiten dugu, baina asko laguntzen diogu elkarri. Ni, adibidez, iaz sartu nintzen taldean eta oso gustura nago.

Dantza obra gehiago sortzeko asmorik ba al duzue?

-I.U.: Larunbatean gure lanak izaten duen harreraren arabera ikusiko dugu. Positiboa baldin bada eta kritika onak jasotzen baldin baditugu, ideiak eraikitzen joango gara eta ea zerbait gehiago ateratzen den, baina ikusiko dugu.

Non eskuratu daitezke sarrerak?

-I.U.: Orioko Errusta tabernan, Soia arropa-dendan eta Gure Txoko tabernan eros daitezke bost euroren truke. 10 urtetik beherako haurrek doan sartu ahal izango dute, baina sarrera izatea beharrezkoa da.

Secciones