UPV/EHUko XXXVII. Uda Ikastaroak, martxan

Udako Ikastaroen inaugurazioa.

Martes, 19 de Junio de 2018 - Actualizado a las 14:18h.

UPV/EHUko Donostiako XXXVII. Uda Ikastaroei hasiera eman die Iñigo Urkullu Lehendakariak, Hezkuntzako sailburu Cristina Uriarte lagun zuela. Lehendakariak adierazi duenez, urte osoan zehar unibertsitatea egiten aritu den lana funtsezkoa izan da Uda Ikastaroak gaur aurkeztu ahal izateko. "Udan, inoiz baino gehiago, zabalik egongo dira unibertsitateko ateak", zehaztu du Lehendakariak.

Donostiako Miramar jauregian izan da ekitaldia, eta bertan izan dira baita ere Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabal, BBVA Fundazioko zuzendari Rafael Pardo, UPV/EHUko errektoreorde Nekane Balluerka eta Uda Ikastaroetako zuzendari Carmen Agoues.

Uda Ikastaro hauek eskaintza osagarri bat dira, kurtso akademikoen osagarri, eta horietan unibertsitarioek eta beste ikasle batzuek espazioa, hausnarketa eta ezagutza partekatzen dituzte. Hala, Euskal Herriko Unibertsitatetik gizarteari egiten zaion ezagutza-transferentziaren parte dira Uda Ikastaroak.

Inaugurazioko ekitaldian, Euskadin egiten den ikerketaren garrantzia azpimarratu du Lehendakariak , eta Unibertsitatea eta ikerketa Biosanitarioa nabarmendu ditu RIS 3 Euskadiko espezializazio adimendunaren ardatz estrategikoen artean. "Ikertzaile onenak behar ditugu munduko zientziari egiten diogun ekarpena ahalik eta gailenena izan dadin. Gainera, bikaintasuna eta inpaktu positiboa gizartean esan nahi du horrek", zehaztu du.

Bestalde, Lehendakariak azaldu duenez, Unibertsitateak eta Gizarteak elkarrekin batera egin behar dute aurrera, tandem bereizezin bat eratu behar dute, helburu berari jarraitzen baitiote, bikaintasunerantz aurrera egiten jarraitzea, alegia. "Herrialde aurreratu batek unibertsitate-sistema aktibo eta bikain baten jabe izan behar du. Hala, zeregin horrek eskatzen du inbertsioei lehentasuna ematen jarraitzea, eta partaidetza eta finantzaketa-bideak bultzatzen jarraitzea", adierazi du Lehendakariak.

Lehendakariak amaitu du nabarmenduz Euskadik hezkuntza bikain bat lortzea duela xede, etapa guztietan. "Gure erronka da modu konektatu batean bikaintasunerantz aurrera egitea: oinarrizko hezkuntza, lanbide-heziketa eta unibertsitatea", azpimarratu du.

Ondokoek osatzen dute programa: online ikastaroak, ikastaroak, tailerrak, eskola/jardunaldi profesionalak eta kongresuak, ziklo desberdinetan jasotakoak. Beti aldatzen doan gizarte baten inguruko eztabaidarako eta pentsamendu kritikorako gune bat eskaintzen dute Ikastaroek. Jarduera presentzialak maiatzean hasiko dira eta urrian amaituko dira, eta urte osoan zehar eskaintzen da Online Ikastaroen programa bat.

Secciones