STEAM Euskadi Hezkuntza Estrategia aurkeztu da

Lunes, 18 de Junio de 2018 - Actualizado a las 14:00h.

Cristina Uriarte Hezkuntza sailbuuak, saileko sailburuorde talde osoa lagun zuela, STEAM Euskadi Hezkuntza Estrategia aurkeztu du gaur goizez Bilbon.

Hezkuntza Sailak STEAM Estrategia jarri du abian (ingelesezko Science, Technology, Engineering, Arts and Mathematics hitzen akronimoa da STEAM). Estrategia honen zenbait jarduera -STEAM ikuspuntuz garatu direnak- ikasturte honetan zehar jarri dira martxan, eta aurrerago garatuko dira beste batzuk. Helburua da, zientzia eta teknologia gaietako hezkuntza sustatzea ikasmaila guztietan, emakumezko ikasleei arreta berezia eskainiz.

Beraz, STEAM Euskadi Hezkuntza Estrategiak honako helburu hauek ditu:

Heziketa eta prestakuntza zientifiko-teknikoa hezkuntza-etapa guztietan bultzatzea, eragile sozio-ekonomikoak inplikatuz horretarako.

STEM eremuko lanbide-bokazioak eta helburuak sustatzea, arreta berezia eskainiz emakumezko ikasleei, etorkizuneko erronken aurrean egoki prestatzeko.

Euskal herritarren artean zientzia eta teknologiako kulturaren zabalkundea sustatzeaZer da STEAM hezkuntza?

STEM hezkuntza zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika integratzen dituen hezkuntza da, Arteekin eta Humanitateekin lotuta. Oinarrizko gaitasunak garatzen ditu, zeharkakoak nahiz diziplina-gaitasunak, eta ikasleak ahalduntzen ditu erantzukizunez aurre egin diezaieten gure gizartearen erronkei.

Hezkuntzaren STEAM ikuspuntuak berariaz eragin nahi ditu egoera jakin batzuk, aldi berean eta era integratuan ikasteko gai hauetako kontzeptuak, problemak diseinatu eta ebatziko dituen testuinguru praktiko batean, enpresetan ingeniaritzan egiten den bezala. Ikerketan oinarritua dago, eta hori gauzatzeko saiakuntzak planifikatu, hipotesiak ikertu, informazioa bilatu, ereduak eraiki, taldean lan egin, azalpen koherenteak eztabaidatu eta proposatzen dira.

Testuingurua

Erabat teknifikaturiko gizartean bizi gara. Egungo munduaren konplexutasunek eskatzen dute jende guztiak izatea ezaupideak eta trebetasunak arazo zailak konpontzeko, ebidentziak bildu eta ebaluatzeko, eta hainbat bidetatik jasotzen duten informazioa aztertzen jakiteko.

Testuinguru honetan UNESCOk (Science Education programan) ezartzen duenez zientzian eta teknologian gaitzea funtsezko elementua da ekonomia eta gizartea garatzeko. Horretarako, funtsezkoa iruditzen zaio zientzian eta teknologian prestakuntza sustatzea hezkuntza-maila guztietan, eta oro har gizartearen zientzia-hezkuntza hobetzea. Halaber, azpimarratzen du arreta berezia jarri behar zaiola gazteak, bereziki neskak, animatzeari lanbide-ikasketak zientziaren eta teknologiaren eremuan egin ditzaten.

STEAM ikaskuntzak eta praktikak trebetasun horiek garatzen laguntzen dute eta gazteak lan-merkaturako prestatzen, merkatu honek zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematikan jakintza handiagoaz gain, hori guztiori zentzu, testuinguru eta sormenez erabiltzeko gaitasuna ere eskatzen baitu.

STEAM Euskadi Estrategiak, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailetik bultzatuak, ildo horretan garatu nahi du hezkuntza-programa bat, erreferentziazko herrialdeak diren Herbehere, AEB edo Erresuma Batuak egin bezala.

Webgune berria

STEAM Euskadi Hezkuntza Estrategia web atari berri eta guzti jaio da: www.steam.euskadi.eus

Webguneak jasotzen ditu, STEAM ikuskerari loturiko kontzeptuez gaiz, STEAN hezkuntza definitzen duten ardatzak, hezkuntza mota honek dituen helburuak, edo STEAM hezkuntzaren egoera mundu zabaleko herrialde zenbaitetan. Baina gaur egun Hezkuntza Sailaren Sailburuordetzetatik bultzatuta Euskadin egiten ari diren STEAM jarduera nagusien zerrendak ere badu lekua atari berrian.