Anari Alberdi musikaria ETA 2018KO ADARRA SARIA

“Ez naiz batere nostalgikoa;pentsatu beharra dago oraindik onena etortzear dagoela”

Anarik ostegunean jasoko du 2018ko Adarra Saria Donostiako Victoria Eugenia Antzokian. Bertan bere ibilbidearen errepasoa egingo du musikari azkoitiarrak

Harri Fernández Gorka Estrada - Lunes, 18 de Junio de 2018 - Actualizado a las 06:03h.

donostia - Adarra Saria jasoko duen lehen emakumea izango da Anari Alberdi. Aurretik Mikel Laboak (2014), Ruper Ordorikak (2015), Benito Lertxundik (2016) eta Fermin Muguruzak (2017) eskuratu zuten musika munduan osatutako ibilbidearengatik. Azkoitiarrarena 1996an hasi zen, titulutzat bere izena zuen diskoarekin. Gerora estudioko beste bost publikatu ditu: Habiak (2000), Zebra (2005), Irla Izan (2009), Zure aurrekari penalak (2015) eta Epilogo bat (2016). Gainera, 2006. urtean, Do it yourself filosofiari jarraiki Bidehuts ekoizetxearen jaiotza bultzatu zuen Anarik, Lisabö, Inoren Ero Ni eta Hoteleko kideekin batera.

Zure azken lanaren izenari keinu eginez, Anarirentzat Adarra Saria epilogo bat borobiltzeko modu ederra da, ezta?

-Ez nuen horrela pentsatu. Epilogo bat jarri nion lanari eta ez Epilogoa, epilogo posibleen artean bat zelako hori. Azken-aurreko diskoari erreferentzia egiten dio -Zure aurrekari penalak (2015) -. Sariak ere nahiko nuke orain arte egin dudan lanari erreferentzia egitea eta ez izatea azken epilogoa. Ez naiz bizitzari erretrobisoretik begira jartzen den horietakoa, baina halakoek horretara behartzen dute, hein batean. Ziurrenik kontzertua prestatzen ari naizelako eta orain dela asko jo ez dudanekin joko dudalako gertatzen da hori. Ez naiz batere nostalgikoa;pentsatu beharra dago oraindik onena etortzear dagoela. Ikasketa moduan hartu dut beti nire ibilbidea. Sortzailearen prozesua tira eta tira egitea da beti. Beraz, tira egiten jarraituko dugu.

Zer pentsatu edo sentitu zenuen saria emango zizutela jakin zenuenean?

-Asko harritu ninduen. Egin nuen lehenengo txistea izan zen oso gaztea nintzela ibilbide guztia aitortzen duen sari bat jasotzeko. Arraroa da, sinistea kostatu zitzaidan. Orain gustura nago, lotsa pixka bat ere ematen dit. Hasieratik ikusi nuen puntu honetara ez dela bat bakarrik iristen. Nire kasuan, are gutxiago. Jende askoren artean sortu eta mantendu dugu Anari. Saria nik jasotzeko aukera nire inguruan egon den eta hainbeste eman didan jende hori saritzeko aukera ere bada. Hori da niretzat ederrena.

Beste lanen bat al duzu esku artean?

-Ez, kontzertua prestatzen ari gara orain. Jotzeari utzi diogu azken pare bat hilabeteetan entseatzeko eta mimoarekin egiteko: osteguneko kontzertua erronka bat da. Diskotik diskorako fase horretan nago. Datorren astean, kontzertua pasata, idazteari ekingo diot berriro. Udazkenerako, gainera, proposamen politak ditugu.

Adarra Saria jasotzen duen lehen emakumea zara. Kostatzen da oraindik emakume musikarien lana aitortzea?

-Bai. Kostatzen da aitortzea ez bakarrik emakumeek egiten duten lana, baizik eta emakumeek egiten duten guztia, hasi etxeko lanetatik eta sorkuntza goreneraino. Oso garai potenteak bizi ditugu, emakumearen presentzia eta lekua birplantearazten ari zaio jende askori. Horrelako edozerk esanahi handia eta erreperkusio txikia du, baina segitu beharko dugu orain arte bezala.

Zentzu horretan, emakumeak programatzen ez dituzten jaialdiak kritikatzea gero eta ohikoagoa da. Mahai gainean daude datorren ostiralean hasiko den Azkena Rock Festibalak jaso dituenak, adibidez.

-Jende asko rollo honekin nazkatu dela dirudi, baina nire ustez gehiagotan egin beharko litzateke zerbait gauzak aldatzeko. Jaialdietan ez daude emakumeak jende gehienak en-tzuten ez dituelako. Erreferentzialitatearen gaian sartzen gara: niri erreferentzialitateez hitz egin didatenean bakarrik emaukumeetaz hitz egin didate. Oso arraroa da gizon bati emakumeei buruzko erreferentziez galdetzea. Honek guztiak gaiaren biluzketa eta analisi oso zabala behar du. Gauza askori buelta eman behar zaio, baina borondaterik ez badago, kupoa ezarri beharko da, adibidez, festibaletan. Ez da gai erraza baina nire inguruan sumatu dut kuotei buruz hitz egitean, emakume taldeek abantaila gehiago dituztela esaten duenik badagoela. Argi erantzun behar da ez dela horrela. Emakume bat edozertan hasten denean desabantaila guztiei aurre egin behar die. Oraingo debate hauek orain dela 20 urte ezin ziren eman. Azkena Rockera Courtney Barnett eta The Breeders ekartzen badituzu gizonezkoen beste hiru talderekin batera ez da kuota bat izango, baizik eta, nire gusturako, musikan dagoen interesgarriena. Ez da bakarrik zenbaki bat eska-tzea, uste dut Barnettek soberan erakutsi duela interesgarrienetakoa dela. Beste aldera ez dago inoiz justifikatu beharrik gauzak zergatik egiten diren.

Aipatu duzu ez zarela nostalgiazalea, baina osteguneko kontzertuak atzera begiratzera behartu zaituela. Zer da ikusi duzuna?

-Proba saioetan errepertorioa jo-tzean argi ikusten duzu egin duzun bidea eta bilakaera. Neure burua harrapatu dut aztertzen ze gauza egiten nituen abesti zaharretan orain egiten ez ditudanak. Arregloei edo kantuen estrukturari buruz ari naiz. Horrelako gauzei erreparatzen diezu. Askotan orain dela 20 urte ida-tzi zenituenak ikusten dituzu eta oso arrotza sentitzen duzu zure burua. Halere, oso polita ere bada. Eta badaude zenbait gauza lehen orain baino hobeto egiten nituenak, konposizio aldetik ari naiz. Ibilbide bat ikusten dut eta, suertez, azkeneko lanekin identifikatzen naiz, gehienbat.

Nolakoa izango da osteguneko kontzertua?

-Kontzertu kronologikoa izango da, lehenengo diskotik azken-azkeneraino. Lortu dugu garai bakoitzeko kantuak garai horretako musikariek jotzea. Ikuspegi kronologikoa, beraz, ez da bakarrik abestietan emango, musikariengan ere emango da.

Ibilbide horretan non ikusten duzu inflexio puntua?

-Inflexio puntu batzuk ikusten ditut nik, adibidez, diskotik diskora. Lehen lanetik -Anari (1997)- bigarrenera -Habiak (2000)- alde handia dago, oso desberdinak dira. Halere, lekuren batean jarri beharko banu, Zebran (2005) legoke. Hor dago hausketarik handiena, aurretik dagoenari ihes egite oso kontziente bat dago.

Ibilbideaz ari garela, zure ogibidea, irakaskuntza, bi hamarkada hauetan ez duzu alde batera utzi.

-Iaz neure buruari urte sabatiko bat oparitu nion, Epilogo bat egin nuen... Baina jarraitzen dut irakaskuntzan. Normalean lanaldi murriztua egiten dut eta ondo konpontzen naiz bi gauzak lotzen. Asko jotzeak ere nekatzen nau. Ez naiz astero joko lukeen pertsona bat. Horrek ematen dit askatasuna, momentuan momentukoa sentitzeko. Ondo konpontzen naiz.

Nola aldatu da zure sorkuntza prozesua bi hamarkada hauetan?

-Nabaritu nahiko nuke hobera aldatu dela. Enegarren aldiz esango dut era batera edo bestera bost-sei kantu ditudala eta horiek behin eta berriro berregiten ari naizela, beste modu batera esaten edo berresaten ari naizela... Adinak espiral bat egiten baldin badu, egoera horren inguruan ahalbidetzen dizu gauzak urrutiagotik ikustea eta beste angulo batetik. Azkenaldian pentsatu dut honetaz guztiaz ere. Nik neure buruari beti eskatu diot espiral hori marrazten segitzea.

Letrak sortzeko garaian prosatik abiatzen zara.

-Bai. Esango nuke nire letrak nahiko prosa direla, Zure aurrekari penalak diskoan, esaterako. Ideia, anbiente edo zerbaiti eusten badiot horri buruz idazten hasten naiz eta baita aipuak apuntatzen ere. Gero, horren gainean, zertaz ari naizen hausnar-tzen dut. Zertaz idatziko dudan ez dut pentsatzen, idazten jartzen naizenean galdetzen diot nire buruari: Zertaz ari naiz idazten?

Ibilbide honetan ere, beste ba-tzuekin batera, Bidehuts sortu zenuen orain dela hamar urte, zure lanak publikatzeko. Dudarik gabe, horrek askatasuna ematen dizu.

-Aukeratzearen askatasuna eta lanaren esklabutza, esango nuke. Bi alde ditu, autoprodukzioan lan guztiak hartu behar dituzu zure gain. Nik eta Anari den talde horrek har-tzen ditu. Gutaz haratago beste jende batekin ere lotzen zaitu eta oso gauza ederra da. Bidehuts oso esperientzia eder baten moduan bizi dut. Oso jende ezberdina bildu gara eta gauzak erabakitzeko asanblea bidez egiten dugu, nahiko motela dena... Baino miresmen eta errespetu handi bat diogu elkarri. Niretzat Bidehuts sortu izana egin dudan gauza ederrenetakoa izan da, beste musikari eta lagunekin batera. Geure buruari, ez beste inori, egiteko beste modu batzuk ere bazirela erakutsi diogu, ondo atera direnak ospatuz eta gaizki atera direnetatik ikasiz. Nahiko nuke Adarra Saria Bidehutsentzat ere izan dadila. Hori ere obraren parte dela esango nuke.

Produkzioarekin erlazionaturik, nola ikusten duzu euskal musikaren sektorea?

-Oso txarra naiz analisiak egiten. Gauza asko ari dira batera pasatzen eta ez dakit denak kontuan hartzen diren edo bakarrik krisia eta horrelakoak aipatzen diren. Gauza interesgarri asko daudela esango nuke. Ez da konformismoa, baina herri honek badauzka ajeak eta baita gauza ederrak ere. Euskaraz ere gauza piloa eta eremu askotan sortzen ari dira. Askotan analisiak jende helduak egiten ditugu eta gazteei utzi beharko genieke, beraien garaia da. Ni hemen nago eta izugarrizko zortea izan dut, baino diskurtsoa egiteko aukera gazteei eman behar zaie. Nik gustura entzungo nituzke askotan musikari gazteak zenbait galderei erantzuten.