Bikain ziurtagirien lehen hamarkada

Lunes, 18 de Junio de 2018 - Actualizado a las 14:02h.

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak euskara lan-munduan sustatzeko ehunka entitatek egin duten ahalegina aitortu du eta, era berean, nabarmendu du norabide horretan pauso berriak ematearen garrantzia. Bikain Euskararen Kalitate Ziurtagiriaren 10. urteurrenean, sailburuak txalotu du urte hauetan ziurtagiri hau eskuratu duten 337 entitatek egin duten esfortzua. Azaldu duenez, esparru publikoa zein pribatua kontuan harturik, gaur egun lau langiletik batek erabiltzen du euskara era trinkoan lankideekin (% 25,3k), eta datozen urteotan zenbateko horrek areagotu beharko lukeela azpimarratu du. “Lan-munduan lehendabiziko pausoak ematen ari diren belaunaldi berrien artean inoizko euskal hiztunen kopururik handiena dugu gaur. Erronka handi bat daukagu hor, bai eta aukera itzela ere. Administrazio publikook eta enpresek elkarrekin lan egin behar dugu testuinguru berri horretan euskarak pisu irabaz dezan”, adierazi du.

Donostiako Aquariumen izandako ekitaldi batean, Zupiria sailburuak euskara lan-munduan sustatzeko administraziotik egiten ari den ahaleginaz hitz egin du eta azaldu du Sailak Euskal Autonomia Erkidegoko mila entitate baino gehiagoren atea joko duela Bikain ziurtagirien proiektuarekin bat egin dezaten. Sailburuarekin batera izan dira Josune Zabala Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza-ikerketa eta Koordinaziorako zuzendaria eta, baita ere, euskara lan-munduan txertatzeko ahalegina egin duten zenbait enpresa eta erakundetako ordezkariak: Esther Irigaray, Gipuzkoako Ozeanografia Fundazioa - Aquarium-eko zuzendari nagusia;Lore Erriondo, EHU-ko (Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatea) irakaslea;eta Miren Berasategi, EIKA enpresako kalitate zuzendaria. Hirurek azaldu dute nola kokatu zuten euskara zehar-lerro gisa euren erakundeetan.

Zupiria sailburuak nabarmendu duenez, azken Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, herritarren % 25,3k erabiltzen dute euskara era trinkoan (gaztelania beste edo gehiago) lankideekin. “Datu positiboa da, baina uste dugu hobetu daitekeela konpromisoak eta ahaleginak bateratzen jarraitzeko gai bagara. Egin diren azterlan ezberdinetan ikusten dugu erabilera nabarmenagoa dela esparru publikoan;esate baterako, langile publikoen % 28k batez ere euskaraz hitz egiten dute beren lankideekin, eta beste % 14k hizkuntza biak antzeko proportziotan erabiltzen du lankideekin. Azken urteotako esperientziak eta Bikain ziurtagirien proiektuak erakutsi digute enpresa eta entitate pribatuen euskararen aldeko apustuak sekulako ahalmena duela euskararen erabilera lan-munduan indartzeko”, adierazi du.

Zupiriak azaldu du Eusko Jaurlaritzak ahalegin handia egiten duela enpresei laguntzeko euskararen erabilera arlo sozioekonomikoan sustatzeko lan horretan. Hartara, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 2,6 milioi euro inbertituko ditu aurten euskara lan-munduan sustatzeko: “Jaurlaritzaren laguntzei esker, 1997tik 459 entitate ezberdinek jaso dute noizbait diru-laguntzaren bat enpresako euskara-plana aurrera eramateko. Horrez gain, Euslan edota LanHitz dauzkagu, eta merkatalgune handi eta finantza entitateekin kontsumitzailearen hizkuntza eskubideak bermatzeko hitzarmenak ere baditugu. Euskaragileak programa ere sustatzen ari gara, Kontseiluarekin batera, eta udazkenetik aurrera proiektu berriak etorriko dira. Eusko Jaurlaritzak euskararen aldeko pausoak eman nahi dituzten enpresen bidelaguna izan nahi du”.

Bikain ziurtagiria

Euskara lan-munduan sustatzeko bidean, Bikain da Eusko Jaurlaritzaren programarik ezagunena. Bikain Euskararen Kalitate Ziurtagiriak 10 urte bete ditu esparru sozioekonomikoan euskararen presentzia, erabilera eta hizkuntza-kudeaketaren normalizazio-maila egiaztatuz, eta ikusi ahal izan den bezala, oso tresna eraginkorra izan da hori aitortzeko. Iaz, gainera, ziurtagiria lortzeko exijentzia maila igo egin zen, eta honek erakunde publiko eta pribatuek euskarekiko duten konpromisoa are gehiago nabarmendu du.

Bikain Ziurtagiriak hamar urte hauetan euskararen erabilera areagotu nahi duten erakunde publiko eta pribatuei ekarpen kualifikatuak egin dizkie, bai eta erakundeek euskararen normalizazioan egindako lana aitortu ere. Guztira, 367 ziurtagiri banatu dira Euskal Autonomia Erkidegoko 337 entitate publiko eta pribaturen artean (entitate batzuek ziurtagiri bat baino gehiago dute), guztira 68.000 langile ordezkatuz.

Sailburuaren hitzetan, urtetik urtera hazten doa euskararen hautu estrategikoa egin duten entitateen komunitatea. “Bikain Ziurtagiria eskuratu duten erakundeek euskara bikaintasunarekin lotzea ahalbidetu dute, euskal komunitatea sendotuz eta etengabeko hobekuntzari bide emanez. Iaz aldaketa batzuk sartu genituen Bikain entitate publikoen artean heda zedin, eta oraindik ere bada erronka nagusietako bat (60 entitate publikok dute Bikain). Horrekin batera, sektore gehiagotara hedatu nahi dugu Bikainen aldeko apustua, euskararen aldeko apustua;hala nola, turismoarena, merkataritzarena edota teknologia berriena”.

Hamarkada honetako ibilbidea ikustarazteko zabalkunde-estrategia baten barnean bideo eta dossierra egin dira, EAE-ko mila erakunde publiko eta pribatuetara hedatuz. Horrez gain, #Bikain10urte hashtag-a sortu da, sareetan ere bideoa zabalduz. Gaurko aurkezpenean bideoa ikusi ahal izan da, eta bertan honako erakundeetako ordezkariek hartu dute parte: Gotzon Juaristi Cikautxoko Lehendakariak;Ana Urkiza Bankoako Giza-baliabideetako arduradunak;Mireia Artetxe Aquarium-eko Kudeaketa-sistema arduradunak;Marisol Alza Bidelaneko Antolakuntza eta Giza-baliabideetako zuzendariak;eta Mikel Ander Zubizarreta Aulestiko alkateak.

Bikain Ziurtagirian bereziki aipagarria da ebaluatzaileek egiten dute borondatezko lana. Ebaluatzaileen klubean jada 666 profesionalek parte hartzen dute eta euren ardura da erakundeen kanpo ebaluazioa egitea, Erreferentzia Marko Estandarrean (EME) jasotako adierazleak aintzat hartuta.

Eusko Jaurlaritzak 2008an sortutako ziurtagiri ofiziala da Bikain, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak kudeatzen du, eta eginkizun horretan hasieratik izan du Artezkaritza Kontseilua osatzen duten erakunde hauen atxikipena: Euskal Autonomia Erkidegoko hiru Foru Aldundiak, EUDEL-Euskal Udalen Elkartea, Euskal Enpresarien Konfederakuntza (CONFEBASK), Gipuzkoako Enpresarien Elkartea (ADEGI), Bizkaiko Enpresarien Konfederazioa (CEBEK), Arabako Enpresariak (SEA) eta Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa.

Publikoa eta doakoa da Bikain, eta kalitatezko euskararen bermea da. Ziurtagiria lortu nahi duten erakunde publiko zein pribatuek ebaluazioa jaso eta gainditu behar dute eta lortutako emaitzaren arabera, hiru maila ezberdinetako ziurtagiria jaso dezakete: oinarrizko maila (Beltza) gutxienez 200 puntu lortu dituztenek (1.000 puntutik);tarteko maila (Zilarrezkoa), gutxienez 500 puntu lortu dituztenek;eta goi maila (Urrezkoa), gutxienez 800 puntu lortzen dituzten erakundeek.