urola kosta

Zarauzko sanpelaiotako egitarauari gaur ekingo diote

Festa giroa gaur hasiko da Iñurritza auzoan eta hilaren 28a arte egitarau zabala izango da

Ane Roteta - Sábado, 16 de Junio de 2018 - Actualizado a las 06:04h.

Zarautz - Zarauzko San Pelaio egun handia datorren hilaren 26an ospatuko da, baina herria dagoeneko hasia da motorrak berotzen eta gaur bertan ekingo diote aurtengo festetako egitarauari. Ohi bezala, Zarauzko Udalak antolatu du programa, Iñurritza eta Zelai-Ondoko Jai Batzordeekin, eta beste zenbait eragilerekin, eta ostegun arratsaldean aurkeztu zuten egitarau zabala.

Xabier Txurruka alkateak prentsaurrekoan azaldu zuenez, aurtengo festetan protagonismo berezia izango dute herriko erraldoiek, eta ekainaren 24ean Erraldoien III. Topaketa ospatuko dute. Horretaz gain, Txurrukak aurreratu zuen Pepe Txabillori eta Erraldoi eta Buruhandi Taldeari emango diotela San Pelaio Makila. Beraiek arduratuko dira festetako txupinazoa bota eta bandera igotzeaz ekainaren 25eko gauerdian.

Esan bezala, jaiak gaur bertan hasiko dira Iñurritza Jai Batzordeak antolatutako programarekin, eta hasteko, inguruko produktuen azoka egongo da Iñurritza auzoan, 10.30etik aurrera. Ondoren, haurrentzako marrazki-txokoa (11.30), txakolin dastaketa (12.30), Jalgi dantza taldearen aurkezpena (17.30), triki-poteoa (19.00) eta kantu-afaria (22.00) izango dira. Bihar, berriz, BZ Dantza eskolaren emanaldia izango da Iñurritzako zelaian, 19.00etatik aurrera.

Iñurritzako auzotik Zelai-Ondo auzora mugituko da festa giroa, San Pelaio eguna iritsi baino lehen. Hala, datorren ostiralean, hilaren 22an, Zelai Ondon txupinazoa botako dute iluntzean, eta parrillada eta Gozo-Gozo taldearen erromeria izango dira. Bestalde, ohi bezala, San Juan bezperarako ere egitarau zabala prestatu dute eta San Juan Sua ospatuko dute Mitxelenako aparkalekuan.

Sanpelaiotako egitarau nagusia, berriz, hilaren 25ean, San Pelaio bezperan, hasten den arren, aurtengoan egun bat aurreratu dute;izan ere, igandean, 24ean, Erraldoi eta Buruhandien III. Topaketa egingo da, 11.00etan. Bertan parte hartuko dute Bidasoako Erraldoiak, Iruñeko Alde Zaharreko Erraldoiak eta Zarauzko Erraldoi eta Buruhandien Elkarteak.

Eta dagoeneko zarauztarrak festetan murgilduta egongo diren arren, txupinazoa 25ean, San Pelaio bezperan, botako da eguerdiko 12.00etan, eta Haurren XL. Agerraldia etorriko da ondoren (18.30), Haur Kultur Taldeak antolatuta. Danborrada Nagusia, aldiz, gaueko 23.00etan aterako da, eta kaleak zeharkatu ondoren, bandera igoko da gauerdian. Horren ondoren, Kresala taldearekin dantzaldia izango da Musika Plazan (00.15).

Gainera, aurten hirugarren danborrada bat ere aterako gaztetxoekin San Pelaio bigarrenean, 27an, 12.00etan hasita.

Behin San Pelaio egunean sartuta, festak ez du etenik izango hilaren 28ra arte. Horrez gain, aipatzekoa da Danda Gazte Asanbladak antolatutako programa. Besteak beste, honako kontzertuak izango dira Munoan gauetan: Rodeo, Rukula eta Ara (25ean), La Basu, Liher eta DJ Txankleta (26an), eta Zaparra, Sonora Kilombo eta Eromeria (27an).