tolosaldea

Txupinazoak lehertu zituen atzo Tolosan San Juan jaiak

Gaur kuadrillek hartuko dituzte kaleak eta Euskal Herri plazako bazkarian 1.400 lagun elkartuko dira

Sábado, 16 de Junio de 2018 - Actualizado a las 06:04h.

tOLOSA - Plaza Zaharra morez koloreztatu zen atzo. Tolosako Asanblada Feministak egin zuen jai parekideen aldarrikapenak eman zien hasiera aurtengo San Juan jai goiztiarrei. Gaur kuadrillek hartuko dituzte kaleak.

Tolosarrak bete-betean murgilduta daude festen lehenengo asteburuan. Atzo txupinazoa bota ondoren, gaurkoa ekitaldiz betetako eguna izango da. Kuadrillek beren txupinazo propioa jaurtiko dute 12.00etan plaza Berrian;goizean erraldoi eta buruhandiak kalez kalez ibiko dira eta kuadrillen eguneko egitarauaren baitan hainbat ekitaldi izango dira;hala nola, herri-bazkaria Euskal Herria plazan, non 1.400 elkartuko diren, erromeria, larrain-dantza, Mulambo taldearekin kalejira edo elektrotxaranga.

Bestalde, 12.00etan, V. Tolosa Herria Argazki Lehiaketaren sari-banaketa egingo da Casino elkartean eta 18.00etan haurrentzat ikuskizuna izango da Alondegia plazan.

Gauean musikak hartuko du protagonismoa. 23.00etan dantzaldia izango da Jazpana taldearekin Lopez Mendizabal plazan eta plaza Berrian Gabezin taldea arituko da. Amaitzeko, Jainekin txarangak kaleak alaituko ditu. - M.S.S.