Irati Zubizarreta korrikalaria

“Mendi lasterketak bizi eta gero ezin duzu itzuli pistara, askoz ere gehiago disfrutatzen dut mendian korrika”

Irati Zubizarreta beasaindarra mendiko lasterketatan murgilduta dabil. Besteak beste, munduko skyrunning txapelketa irabazi zuen iaz

M. Aranburu - Sábado, 16 de Junio de 2018 - Actualizado a las 06:04h.

beasain - Bakarrik 20 urte baditu ere, dagoeneko sari asko irabazi ditu Irati Zubizarreta beasaindarrak. Eta ez nolanahikoak. Besteak beste, iaz Andorran jokatutako skyrunning txapelketa irabazi zuen. Orain, kilometro bertikalen junior mailako Espainiako Txapeldun berria da eta Euskal selekzioko mendi lasterketarien taldearekin junior mailako Espainiako txapelketa ere irabazi berri du.

Noiz hasi zinen korrika egiten?

-Gazte-gaztetatik hasi nintzen. Lehen hezkuntzan edo nengoela, nire ikastolan taldetxo bat sortu zen astean behin korrika egiteko eta parte hartu nuen. Talde horrekin krosak egiten genituen eta ni neska bakarra nin-tzen. Orduan nik kirol pilo bat egiten nituen, hala nola, futbolean eta saskibaloiean ibiltzen nintzen. Hala ere, konturatu nintzen korrika egitea zela benetan gustatzen zitzadana. Betidanik egin dut korrika, niretzat zerbait naturala izan da. Segidan, Ordiziako Txindoki atletismo taldean hasi nin-tzen eta hor gogorrago eta zehatzago entrenatzen hasi nintzen.

Pistak albo batera utzi eta orain mendian zabiltza buru-belarri. Zergatik aldaketa hori?

-Niri asko gustatu izan zait betidanik mendia, baina txikitatik korrika egiten nuenez, inoiz ez dut denbora asko izan mendira joateko. Mendian orain dela bi urte inguru hasi nintzen, pistetan korrika egiteaz aspertu egin nintzen eta zerbait berria nahi nuen.

Monotoniagatik, agian?

-Hori baino gehiago, aspertu egin naiz pistako denboraldiaz, udan pistan egiten diren karreretaz. Gradu askotan, beroarekin, obstakuloetan korrika egiten nuen eta helburua Espainiko txapelketan sartu eta medailaren bat eskuratzea zen. Baina eroriko bat izan nuen medaila lortzera nindoanean eta planteamendua aldatu egin nuen.

Zer aldatu zen?

-Ulertu nuen medaila lortzeko bakarrik korrika egiten ari nintzela eta horrek ez zeukan inolako zentzurik. Benetan korrika egin nahi nuen disfrutatzeko, niretzako.

Ondoren mendi lasterketa batean parte hartzea erabaki zenuen.

-Idiazabalgo Axari Trailen izena eman nuen mendiko lasterketa bat nolakoa zen probatzeko. Gustura amaitu nuen eta segituan kroseko denboraldian hasi nintzen eta zalan-tza neukan ea kros edo mendian jarraituko nuen. Krosekin amaitu ondoren, Arriarango lasterketa egin nuen eta hori ere oso ondo amaitu nuen. Han mendiko Euskal Selekzioak esan zidan ea haien taldeko parte nahi nuen izan eta ia beraiekin egin nuen Espainiako txapelketa. Hor hasi zen nire mendiko ibilbidea eta hor ikusi nuen inoiz ez nintzela berriz itzuliko asfaltora.

Zergatik?

-Mendi lasterketak bizi eta gero ezin duzu itzuli pistara, askoz ere gehiago disfrutatzen dut mendian korrika.

Zein desberdintasun ikusten dituzu bi lasterketen artean?

-Batetik, entrenamenduak desberdinak dira. Orain mendira joaten naizenean pentsatzen dut ea zer ikusiko dudan, gailurra nola egongo den... ilusio handiarekin joaten naiz, baina lehen derrigorrezko zerbait bezala ikusten nuen. Hori alde batetik;eta bestetik, mendian dagoen giroa. Oraindik beste balore batzuk mantentzen dira eta asko nabaritzen dut hori.

Esfortzu aldetik ere desberdina dela esango zenuke?

-Bai. Dena ematen dut karreretan, eta asko sufritzen dut baina desberdina da. Krosean kilometroak azkar egiten ditut, pultsazio altuekin, erritmo azkarrean… eta mendiko sufrimendua zure gorputzarekin lotutakoa da. Gorputzari entzuten jakin behar da, hark esaten dizu noiz lasaitu, noiz eman indar gehiago. Gainera, jana zaindu behar da, hidratazioa... askoz ere konplikatuagoa iruditzen zait.

Mundiala irabazi duzu baina kilometro bertikaletan ere Espainiako txapeldun zara. Hor ere badago aldea, ezta?

-Bai, beti pendiente izan dudan zerbait izan da kilometro bertikaletan hobetzea, nire puntu ahulak igoerak izan dira, hankei kostatu egiten zi-tzaien aldapetara ohitzea. Baina aurten asko indartu ditut, asko entrenatu dut eta horretarako prestatu egin naiz. Orain igo, jaitsi eta lauan nahiko antzeko nabil.

Duzun lesioak ere eragina du?

-Bai, belaunak barruraka ditut eta lesio kronikoa da. Kros lauetan ez dut arazorik, baina mendian aldapa behera belaunak karga guztia jasa-tzen dute eta hanka guztia karga-tzen zait. Hala ere, hankak indartu ditut eta orain oso ondo daramat.

Eta orain udako zein asmo duzu?

-Uztaila hasieran Dolomitetara, Italiara, joango naiz. Han 23 kilometroko lasterketa bat egingo dute nire taldearekin, La Sportivarekin. Horren ondoren, Sierra Nevadara joango naiz errendimentu altuko zentro batera Espainiako selekzioarekin, eta han Italian jokatuko diren mundialak prestatzen arituko gara. Ondoren, Euskal Herrira itzuliko naiz baina datorren urtera begira ere aldaketak izango ditut, Erasmusa Mexikon egingo baitut. Hala ere, bertako taldean sartuko naiz eta han ere karrera batzuk egingo ditut.