gizartea

Ikusmen murriztua azaltzen duen erakusketa, Ordizian

Errealitate birtual bidez gai hau landuko da Ordiziako Barrena jauregian

M. Aranburu - Viernes, 15 de Junio de 2018 - Actualizado a las 06:03h.

ordizia - Pertsona bakoitzak bere errealitatea bizi du, baina ondokoaren azalean, edo kasu honetan begietan jartzea ez da beti gauza erraza izaten. Hala, enpatia hori landu eta herritarrak ikusmen murriztua duten pertsonengana hurbiltzeko asmoarekin Ikusmen murriztua bizi ezazu erakusketa antolatu du Begisare Gipuzkoan Erretinosi Pigmentarioak Eragindakoen Elkarteak Ordiziako Udalarekin elkarlanean, eta Barrena kultur etxean jarri dute erakusketa. Ekainaren 22ra arte egongo da zabalik arratsaldeko 17.00etatik 19.00etara bitartean eta tarte horretan Begisare elkarteko kideak egongo dira bertaratzen diren guztiei ikusmen murriztuaren inguruan izan ditzaketen zalantzak argitu eta azalpenak emateko.

Ikusmen murriztua dutenek, alde batetik, inolako zuzenketa optiko edota tratamendu farmakologiko edo kirurgiko egokia erabiliz hobe-tzerik ez dagoen ikusmen-gutxitze larria pairatzen dute eta, bestetik, aurrekoaren ondorio gisa egunerokotasunaren berezko jarduerak burutzeko ezintasuna dutenak dira.

errealitate birtuala Begisare elkarteko Amaia Gereñu ekitaldia aurkezten izan da eta haren hitzetan “egoerari buruzko informazioa ezezik ikusmen murriztuarekin ikustea ahalbidetuko da”. Horrela, “parte-hartzaileak Tengo Baja Visión VR aplikazioa bere smartphonean deskargatu, frogatu behar duen sintoma eta bere garapen maila hautatu, mugikorra eskura izango dituzten VR betaurreko birtualetan sartu eta berauek jartzea besterik ez dute egin beharko”, zehaztu du Gereñuk.

Gainera, Begisarek Ordizian ostalaritza eta merkataritza elkarteko kideei eta herritarrei ikusmen murriztua zer den azalduko dute. Ikusmen murriztua dutenek hori dutela azaltzen duten bereizgarriak jartzen dituzte pegatina moduan eta horiek ere zertarako diren eta haiekin nola jardun azaltzeko hitzaldiak egingo dituzte. Era berean, herriak ikusmen-zailtasunekiko duen kontzientzia bultzatzeko Udalak herritarren arretarako dituen guneetan, taberna eta dendetan Ikusmen murriztua dut, Hemen kontuan dugu leloa duten banderak jarriko dituzte.