2018ko EuskoSkills sariak banatu zaizkie Lanbide Heziketako ikasleei

Euskoskills irabazleak. (Irekia)

Viernes, 15 de Junio de 2018 - Actualizado a las 19:41h.

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak, Jorge Arevalo Lanbide Heziketako sailburuordea lagun zuela, aurtengo EuskoSkills Txapelketan parte hartu duten Lanbide Heziketako ikasleei sariak banatu dizkie gaur goizez, Donostian. Ekitaldiak 250 lagunetik gora elkartu ditu Eureka! Zientzia Museoan, ikasle sarituak, haien senitarteko nahiz irakasleak, Lanbide Heziketako ikastetxeetako arduradunak eta enpresa laguntzaileetako ordezkariak tarteko.

2018ko EuskoSkills Txapelketan 24 txapelketa antolatu dira (arlo bakoitzeko bat) Lanbide Heziketako 20 ikastetxetan, eta 23 enpresa laguntzailerekin lankidetzan. Apirilaren amaieran hasi eta ekainaren hasiera arte, Euskadiko 46 ikastetxetako 177 ikaslek hartu dute parte norgehiagoketan.

Euskoskills Txapelketa Lanbide Heziketako Sailburuordetzak antolatzen du, edozein heziketa-ziklotan matrikulatuta dauden ikasleei zuzenduta, betiere ziklo hori txapelketako familia batekin lotuta badago. Derrigorrezko baldintza da, parte-hartzaileek 2019an abenduaren 31an 22 urte baino gehiago ez izatea. Modalitate bakoitzerako Lanbide Heziketako ikastetxe erreferente bat aukeratzen da, eta bertako irakasle bat arduratzen da antolaketaz.

Ekimen honen helburu nagusia da, txapelketen bidez, honako honen inguruko kontzientziazioa sustatzea: trebetasun eta gaitasun maila handiek zein ekarpen funtsezkoa egiten dioten bai arrakasta profesionalari, bai norberaren garapen pertsonalari. Era berean, EuskoSkills Txapelketa Lanbide Heziketa eta beronen arlo aniztasuna euskal gizarteari ezagutarazteko tresna egokia ere bada, horretarako norgehiagokak antolatuz.

2018ko EuskoSkills Txapelketan arloetako bakoitzean lehen postua eskuratu duten ikasleek aukera izango dute SpainSkills Txapelketan lehiatzeko, 2019ko martxoan, Madrilen.

Secciones