Lakuak kudeatutako portuetan 124 jarduera ludiko egingo dira udan

Viernes, 15 de Junio de 2018 - Actualizado a las 19:39h.

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak, gaur goizean, Donostian, aurtengo udarako Bizkaiko eta Gipuzkoako portuetan aurreikusitako eta Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak eta EKP-k (Euskadiko Kirol Portua sozietatea) kudeatutako jardueren egutegia aurkeztu du. Berarekin batera parte hartu dute Aitor Etxebarria, Portuetako zuzendariak, eta Edurne Egaña, EKPko zuzendariak. Guztira, 124 jarduera egin dira, eta edukia askotarikoa izango da (kirol, kultura, jai… arloetakoa), eta horiekin toki batzuetan maiatzaren amaieran hasi zen eta urrian amaituko den egutegia osatuko da.

Tapia sailburuak azaldu duenez “uda honetan Euskadiko portuetan burutuko diren agenda ludiko zabala prestatu dugu”. Departamentutik ekintza sorta zabala sustatuko da, itsas portuak dinamizatzeko eta eskaintza erakargarria osatzeko asmoarekin. Arantxaren hitzetan “euskal portuen eskala txikiak, posible egiten du erabilera ezberdinen elkarbizitza, besteak beste arrantza eta jarduera nautikoa, gainera ingurune urbanoetatik oso hurbil” kasu askotan portuak hirigunetako zati garrantzitsua direlarik. Honek euskal portuak are eta erakargarriago egiten ditu, eta posible egin du azken urteetan gertatu den “turismo nautikoaren igoera nabaria”.

Udalek beren jai-programetako eta aisia- eta kultura-jardueretako batzuk egin ahal izateko portu-instalazioak lagatzeaz gainera, EKP-k (Euskadiko Kirol Portua) aktiboki parte hartzen du kirol-proba askoren antolamenduan eta babesean, esaterako: Kontxako Emakumezkoen Bandera, Hondarribian irailean egiten den kirol-arrantzako Euskadiko Kirol Portuak garaikurra eta Armadorak emakumezkoen Arraintxikien txapelketa, emakumeek gidatutako ontziena. Nabarmentzekoak dira, halaber, bela-estropadak: Euskal Kostaldea estropada “Urrezko Balea”, “Sail the Way” ibilbidea Santiago Bidea belan, emakumezkoen Lamiak estropada, Gurutzaldien EKP liga eta bela arineko EKP garaikurra.

EKPren lankidetza duten beste estropada batzuk honako hauek dira: La Gaviota, La Victoire: Pasaia-Port Medoc, Zumaiako Olarru CUP probak, Hondarribia-Donostia-Hondarribia gurutzaldien Munilla nazioarteko estropada, bela arineko Ama Guadalupekoa eta Hondarribiako Jauregi Almirantearen tokiko estropada.

Guztira, 54 kirol-ekitaldi baino gehiagoren eszenatoki izango dira euskal portuak uda honetan (20 traineru estropada, 10 bela-estropada, igeriketako 9 proba, triatloi-duatroliko 7 proba, surfeko 4 proba eta piraguen 4 proba dira nabarmenenak).

Kultura-jarduerak direla eta, zerrenda luzea da eta hainbat ekintza ditu, besteak beste: Nazioarteko Folklore Jaialdiak Bermeon, crossbooking-eko jardunaldiak (liburuak uztea leku publikoetan, jendeak aurkitzeko, irakurtzeko eta berriro uzteko) Elantxoben eta oso errotuta dauden jaiak, esaterako, Elkanoren lehorreratzea Getarian. Jarduera horietako batzuk EKPk babesten ditu (Hondarribia Blues Festival eta Mutrikuko eta Donostiako portuetako itsas hondoak garbitzea, Kantauri Garbiarekin lankidetzan).

Hemen udalerrien zerrenda, aurreikusitako jarduera-kopuruarekin:

Plentzia (3), Armintza (2), Bermeo (10), Mundaka (5), Elantxobe (12). Ea (1), Lekeitio (22), Ondarroa (6), Mutriku (7), Deba (2), Zumaia (14), Getaria (8), Orio (6), Donostia (13), Hondarribia (13) eta Pasaia (1).

Euskal portuetan zenbait agentek eta erakundek antolatutako jardueren zerrendari Saltillo ontzi-eskolaren programa gehitu behar zaio.

Saltillo ontzi-eskolaren arrantzaldia

Eusko Jaurlaritzako Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak Saltillo ontzi-eskolaren jarduera babesten du;ikasturtean zeha EHUko Bilboko Ingeniaritza eskolako Nautika espezialitateko ikasleen praktikak gauzatzeko erabiltzen da. Halaber, portuak sustatzeko jarduerak eta Euskal Autonomia Erkidegoan itsas jarduerak sustatzekoak egiten ditu.

Itsasontzi horrek aurreikusten du udako ibilbidea Bretainian hastea, zehazki, Douarnenez-en;bertan egiten da Temps Féte itsas jaialdia, uztailaren 25etik 29ra bitartean. Abuztuan, hamar euskal portutan porturatuko da (Getaria, Santurtzi, Getxo, Lekeitio, Donibane Lohitzune, Zumaia, Orio, Hondarribia, Mutriku, Ondarra eta Bermeo), tokiko herritarrei eta bisitariei barrura sartzeko eta bere ezaugarriak eta dituen eginkizunak ezagutzeko aukera emateko.

Balandroak 26 metro luze ditu eta Amsterdamen eraiki zen, 1932an. Bi urte geroago, belaontzia Pedro Galindezek erosi zuen, eta Saltillo izena eman zion, izan ere, hori zen bere bizilekuaren izena, Portugaleten. Zenbait hamarkadaz Juan de Borbón Bartzelonako kondeari laga ostean, 1968an, Galindezek dohaintzan eman zion itsasontzia orduko Portugaleteko Itsas Eskola Ofizialari, itsas praktikak irakasteko erabil zedin. Hori izan zuen eginkizun data horretatik aurrera. 1994an, Bilboko Itsasketa Zibileko Goi Eskola Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatu zitzaion, eta, gerora, UPV/EHUn sartu zen, eta Nautika eta Itsasontzi Makineria Goi Eskola Teknikoa izena hartu zuen.

2018ko arrantzaldia amaitzeko eta ontzi-eskola gisa berriro martxan jarri aurretik, Saltillok La Rochelle bisitatuko du;bertan ospatzen da Le Grand Pavois nazioarteko itsas sala, irailaren 22tik urriaren 1era.

Zerbitzuen liburuxka xehatua

Tapia sailburuak azpimarratu duenez “nabigatzen duten pertsonek, bai belaz edo bai motorrez, zalantzak izaten dituzte euren itsasontziarekin bidaiak antolatzen dituztenean, ez baitute kirol portuen funtzionamendua ezagutzen eta bertan eskaintzen diren zerbitzuen berri izaten”.

Horregatik, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak, laster, bere titulartasunpean dauden 15 portuek eskaintzen dituzten zerbitzuen eta ezaugarrien deskribapen xehatua ematen duen liburuxka argitaratuko du. Informazio-gidan, azpiegitura bakoitzaren kokapen-datuak eta harremanetarako datuak zehazteaz gainera, dituen zerbitzuak ere azalduko dira, bai lanerako arrantza-erabilerari eskainitako atalean, bai itsas eta kirolerako instalazioetan ere (amarratzeak, dutxak, aparkalekuak, olioen eta beste hondakin batzuen gaikako bilketa, gasolindegiak, konponketa-tailerrak etab.).

Liburuxkaren 10.000 ale argitaratuko dira 2018an, eta doan banatuko dira Eusko Jaurlaritzaren eta EKPren portuetako bulego ezberdinetan, bai eta nazioarteko sektorearen azoka ezberdinetan.

Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak Eusko Jaurlaritzaren titulartasunekoak diren 15 portu kudeatzen ditu (Hondarribia, Donostia, Orio, Getaria, Zumaia, Deba eta Mutriku Gipuzkoan eta Ondarroa, Lekeitio, Ea, Elantxobe, Mundaka, Bermeo, Armintza eta Plentzia Bizkaian). Zuzendaritzak, besteak beste, honako eginkizun hauek ditu: lurralde-plan sektorialak eta antolamendurako plan bereziak egitea, portu-instalazioen mantentze-lanak eta hobekuntza-lanak egitea eta okupaziorako kontzesioak eta baimenak eta amarratzerako baimenak kudeatzea. Era berean, portuko zerbitzuak ematea eta larrialdiko eta segurtasuneko planak prestatzea. Gainera, Euskadiko Kirol Portuak (EKP) eta Zumaiako Kirol Portua (ZKP) sozietate publikoen eta Itsas Administrazioko Eskolaren jarduera babesten da.