100 ikaslek baino gehiagok Lakua bisitatu dute

Jueves, 14 de Junio de 2018 - Actualizado a las 19:18h.

Hezkuntzako sailburu Cristina Uriartek eta Ogasun eta Ekonomiako sailburu Pedro Azpiazuk ongietorria egin diete DBHko eta Batxilergoko 100 ikasle baino gehiagori Lakuan, Ekonomia Itunaren 140. urteurrenaren esparruan. Eusko Jaurlaritzaren instalazioek lehen aldiz jaso dute ikasle talde baten bisita, eta ikasleak Eusko Jaurlaritzaren lanleku nagusira hurbiltzea izan da helburua. Instalazio horietan, 2.300 pertsona inguruk lan egiten dute.

Ekonomia Ituna finantzaketa-iturri bat da, eta beren politika publikoak garatzea ahalbidetzen die euskal erakundeei. Bi sailburuen ustez, garrantzitsua da Zerga Hezkuntzako moduluan parte hartu duten ikasleek zuzenean ikustea zertarako erabiltzen diren Euskadin biltzen diren zergetako batzuk.

Lakuan izan diren ikasleak Gasteizko honako ikastetxe hauetakoak dira: Carmelitas-Sagrado Corazón, Koldo Mitxelena, Egibide eta Los Herrán. Nolanahi ere, moduluan parte hartu duten 5.000 ikasle ingururen ordezkaritza txiki bat baino ez dira.

Lakua barruko bisitaren ondoren, Ogasuneko sailburuorde Itziar Agirrek Euskadiko errealitate instituzional, ekonomiko, sozial eta kulturalari buruz eskaini duen azalpen laburra entzun dute ikasleek. Ogasuneko sailburuordeak, gainera, Ekonomia Itunaren oinarriei buruzko azalpen entretenigarri bat eskaini du, haren 140. urteurrenean. Berarekin batera, Erakundeen Baliabideetako zuzendari Aitziber Beldarrain izan da.

 Zerga Hezkuntza:

 Zerga Hezkuntzako Modulua foru-aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak sustatzen dute, Iruzur Fiskalaren aurkako Plan Bateratuaren barruan txertatuta dago, eta hezkuntza-ingurunean txikitatik zerga-kontzientziazio handiagoa sustatzean oinarritutako prebentzio-estrategiak garatzea du helburu. Modulua DBHko 4. mailako eta Batxilergoko 1. eta 2. mailetako ikasleei zuzenduta dago (ikastetxe bakoitzak erabakiko du).

Programa 2017ko irailean hasi zen, eta 132 ikastetxeko DBHko eta Batxilergoko 4.972 ikaslek hartu dute parte: 12 ikastetxe Arabakoak dira, 63 Bizkaikoak eta 57 Gipuzkoakoak. Parte-hartzea borondatezkoa da, eta proiektuarekin gutxienez 2021. urtera arte jarraitzeko asmoa dago. Ikastetxeek datorren ikasturterako izena emateko epea irekita dago dagoeneko.