Euskaraldia bihar aurkeztuko dute Urretxu eta Zumarragan

Euskaraldia prestatzeko egindako bileretako bat. (Manex Mantxola)

Ekitaldia Areizaga-Kalebarren plazan izango da, 18.30ean, eta ordubeteko iraupena izango du

Asier Zaldua - Martes, 12 de Junio de 2018 - Actualizado a las 06:03h.

urretxu - Hainbat gizarte eragile eta erakundek Euskaraldia izeneko ariketa sozio-linguistiko erraldoia antolatu dute. Euskara ulertzen duten 16 urtetik gorako herritar guztiek parte hartu ahal izango dute. Urretxu eta Zumarragan ere lanean ari dira jada eta bihar, 18.30etik 19.30era Areizaga-Kalebarren plazan, herri mailako aurkezpena egingo dute. Eguraldi txarra egiten badu, Gernikako Arbola plazan izango da.

Helburua hamaika egunez (azaroaren 23tik abenduaren 3ra) Euskal Herri osoan euskara ahalik eta gehien erabiltzea da. Hau da, dakitenek euskaraz hitz egitea eta ulertzen dutenak beraiei euskaraz egiteko prest egotea. Bi figura egongo dira:  Ahobizi eta Belarriprest. Bakoitzak txapa bat eramango du. Lehenengoek euskara ulertzen duten guztiei euskaraz egiteko konpromisoa hartuko dute. Bigarrenek beraiei euskaraz egiteko eskatuko dute, nahiz eta gero beraiek gazteleraz erantzun.

Hizkuntz ohituretan eragitea da helburua. “Orain arte, lau pertsonako talde batean batek gaztelerara jotzen badu, gaztelera nagusitzen da. Izan ere, hiztunok simetriara jotzen dugu. Elkarrizketa bat bi hizkuntzatan egitea gogorra da, estres linguistikoa sor-tzen da. Hori dela eta, normalean bi aldeetako batek amore ematen du. Gure herrian erderaz hitz egiten bukatzen da. Laugarren horrek Belarriprest txapa eramango balu, euskaraz hitz egingo lukete”, azaldu du Manex Mantxola Urretxu eta Zumarragako koordinatzaileak.

Euskaraldiaren jatorria Lasarte-Oriako euskaltzale taldearen 40 egun euskaraz egitasmoa da. “Oso emaitza onak eman zituenez, BAMen (Baiona, Angelu eta Miarritze) eta Agurainen ere egin zuten. Euskaltzaleen Topaguneak Euskal Herri mailakoa egitea proposatu zion Eusko Jaurlaritzari eta elkarte eta erakunde askok babesa eman dute”.

Erronka handia da. “Erakundeen eta herri eragileen babesa biltzen eta egitasmoa ezagutzera ematen ari gara. Hilero herri batzarrak egiten ditugu. Bileretan 50 bat lagun elkar-tzen gara. Talde motor bat ere eratu dugu. Hamar bat lagunek osatzen dute eta maiztasun handiagoz biltzen da”.

Bihar aurkezpen nagusia egingo dute. “Ekitaldi dinamikoa izango da. Jendeak talde txikitan parte hartuko du eta ondoren herriko hamaikakoa aurkeztuko dugu. Alor ezberdinetan erreferenteak diren bizilagunek osa-tzen dute. Bukatzeko, taldeko argazki bat aterako dugu”.

Izen-ematea irailaren 20an hasiko da. Mantxolak herritarrak biharko aurkezpenera joatera eta izena ematera gonbidatu ditu. “Proiektu polita da. Jendeak inguru egoki batean euskaraz egitea errazagoa dela ikusiko du. Euskaraldia urtero antolatu behar da eta helburua 20 urte barru Euskal Herria Belarriprest eremua izatea da”.

Secciones