Kultura Ondarea Saria banatzeko ekitaldia ospatu da

(Irekia)

Martes, 12 de Junio de 2018 - Actualizado a las 19:00h.

Iñigo Urkullu Lehendakaria buru izan da Kultura Ondarea Saria banatzeko gaur arratsaldean izan den ekitaldian eta han azpimarratu du proiektu honetan parte hartu duten gazteek kultura ondarearen garrantzia nabarmentzeko egin duten ahalegina. Aurten, 18 eskola ezberdinetako 66 ikasle-taldek parte hartu dute, eta ondoko ikastegietakoak izan dira sarituak: Barakaldoko Minas Institutua, Maristak Durango Ikastetxea eta Donostiako Bidebieta Institutua. Durangoko Maristak Ikastetxeak, halaber, aipamen berezi bat jaso du bideo gehien bidali duen zentroa izan delako.

Proiektu hau urtero antolatzen da Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren eta Hezkuntza Sailaren lankidetzari esker, eta sariak emateko ekitaldia Lehendakaritzan egin da bigarren urtez jarraian. Lehendakariaren batera, gaurko ekitaldian izan dira Hezkuntzako sailburu Cristina Uriarte, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria, Kultura sailburuorde Joxean Muñoz eta Kultura Ondarearen zuzendari Mikel Aizpuru.

Lehendakariak kultura ondarearen garrantzia nabarmendu du, baita berau gazteen artean ezagutarazteko beharra ere. “Eusko Jaurlaritzak proiektua abiarazi zuenean, xedea zen kultura ondarearen garrantzia nabarmentzea eta hedatzea;eta hori guztia teknologia berrien bitartez egitea. Emaitzak oso positiboak izan dira, eta aurkeztu dituzuen bideoak horren erakusgarri dira. Erakutsi nahi genizuen ondarea ez dela urrutiko edo iraganeko zerbait. Ondarea ez da zerbait zaharkitua, aspergarria… Kontrakoa, gizakiak munduan uzten duen arrastorik behinena izan ohi da kultura ondarea”, adierazi du.

Halaber, Bingen Zupiria sailburuak kultura ondarearen zaintzearen inguruko sentsibilizazioaren garrantzia azpimarratu du. Kultura Ondarea Saria ekimenaren barruan, parte-hartu duten taldeek 3 eta 10 minutu bitarteko bideo bat egin behar izan dute, ondarearen kontzeptua ikuspegi zabal batetik landuz. Honela, ikasleek gai zehatz baten inguruko kontaketa bat osatu behar izan dute ikus-entzunezko teknikak erabiliz, taldean lan eginaz eta ikuspegi berritzaile bat garatuz.

Secciones