Udako euskara errefortzu klaseak, Beasainen

Ekainaren 25ean hasi eta uztailaren 20a bitartean ikastaro trinkoak eskainiko ditu Udal euskaltegiak

M. Aranburu - Domingo, 10 de Junio de 2018 - Actualizado a las 06:03h.

beasain - Iaz egin zuten moduan, aurten ere Beasaingo Udalak bertako Euskaltegiaren bitartez, Derrigorrizko Bigarren Hezkuntzako herriko ikastetxeetako ikasleei zuzendutako euskararen errefortzurako udako ikastaroa antolatu du, besteak beste, ikasleek hizkuntzarekiko duten ezagutza eta erabilera handitu dadin.

Guztira 40 orduko ikastaroa eskainiko da;hau da, egunero bi eskola-ordu hartuko ditu, astelehenetik ostiralera bitartean. Ikastaroa ekainaren 25ean hasiko da eta amaiera uztailaren 20an emango zaio. Ikastaro honen eraginkortasuna berma-tzeko asmoarekin, taldeak gehienez ere 6-10 ikaslez osatutakoak izango dira eta beraz, talde txikietan banatuta aukera gehiago izango dute euskararen inguruko ezagutzan sakontzeko. Saio hauetan bereziki “komunikazio gaitasuna” landuko dela azaldu dute Udaletik, baina bi ordukoak izanik, trinkotasuna eta zuzentasuna lantzeko aukera ere izango da bertan.

errefortzua Udal gobernuak legegintzaldiaren hasieratik herrian euskararen erabilera sustatzeko egitasmoen artean kokatua dauka hizkuntza errefortzuaren zerbitzu hau. Kasu honetan, Udal Euskaltegiaren bitartez herriko ikastetxeetako bigarren hezkuntzako ikasleei zuzendutako zerbitzua da, txikitatik ezagutu ditzaten behar bezala euskararen egitura eta esamoldeak. Errefortzu klaseetan erakutsiko dena ez da gauza berria izango, ikasturtean zehar ikastetxeetan eskaini dena izango da, baina uda partean ikastaro trinko honen bidez jarraipena emango zaio eta ezagutza horretan sakontzen jarraitu nahi duenarentzako aproposa izango da, baita urtean zehar zailtasunak izan dituzten gaztetxoentzat ere.

Bestalde, haur hezkuntzako haurrei zuzendutako hizkuntzaren errefortzurako zerbitzua ere jarri zuten abian Udalean eta datozen asteetan amaituko du ikasturtea. Guztira ia 170 haur izan dira Berritsu eta Txelotxe udal espazioetan jarduten aritu direnak euskararen erabilera indartu eta sustatzeko zerbitzua jasotzen.

Gauzak horrela, iazko esperientzia baikorra izan zela ikusirik, aurten ere errefortzu ikastaroen aldeko apustua egin du Udalak, beti ere herrian euskararen erabilera eta ezagutza maila igotzen joan dadin beharrezko pausuak emanez, euskarari ateak zabalduz.