Pausoz pauso, Industria 4.0 delakora moldatuz

Domingo, 10 de Junio de 2018 - Actualizado a las 06:03h.

Igor Urkiola Tolosaldea LHIko irakasleak oso argi azaltzen du zertan datzan alderantzizko ingeniaritza delako kontzeptua: “Normalean lehenengo pieza baten diseinua egiten da eta gero fabrikatu, baina alderantzizko ingeniaritzan atzekoz aurrera egiten da: pieza bat duzu eta horri diseinua atera nahi diozu, bere irudia”. Lan horretarako, ikastetxeak prezisiozko bi eskaner ditu eta beraietatik eratorritako fitxategiak landuz diseinu parametrizatua lortzeko softwareetan trebatutako teknikoak.

Baliabide hauei esker, enpresa txiki eta ertainei zerbitzu teknologikoa eskaintzen zaie. “Eskanerrak industrialak dira, oso onak;ez du zentzua horiek enpresa batek edukitzea, noizbehinka erabiltzen duten gauza bat baita eta kostu altua du”, dio Urkiolak. Gainera, oso interesgarria suertatzen da benetako enpresa batetarako lan egitea ikastetxean, modu honetan ikasleek gertutik ikusten baitituzte beraien beharrak, arazoak eta emandako irtenbideak.

Alderantzizko ingeniaritza eta 3D inpresioa prozesu beraren parte izan ohi dira eta askotan bata bestearen osagarri. Hain zuzen, biak Ikaslab proiektuaren oinarria dira, Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako Sailburuordetzak sustatutako egitasmoa. Proiektu honek 3 dimentsioko inprimaketa teknologiaren arloan jakintza garatzea du helburu, eta joan den urteaz geroztik, Tolosaldea LHI proiektuaren parte hartzaileetako bat da beste bi instituturekin batera: Bergarako MAI eta Tknika.

Ikaslab laborategiak ikastetxe bakoitzeko heziketa-ziklo guztietarako eskuragarri dauden ikasgela independenteak dira. Bertan 3D inprimagailuen ekipamendu osoa dago eta horri esker, ikasleek teknologia horrekin praktikatu, esperimentatu eta menderatzeko aukera dute, hainbat proiekturen garapenean parte hartuz. Tknikak, adibidez, badu laborategi horietako bat eta Igor Urkiola bertan izaten da: “Tknikan makinaria industriala dago, zentro teknologiko bat da, baina Lanbide Heziketarena. Han proiektu industrialagoak garatzen ditugu”.

Tolosaldeako LHIk ere Ikaslab laborategi bat sortu zuen eta hemengoan enpresentzako zerbitzua ematen da. “3D inpresioan sortu behar duten guztia guk egiten diegu, bai diseinua eta baita inpresioa ere”, azpimarratzen du Urkiolak. Era honetan, ikasleek makinak erabiltzeko trebetasunak eskuratzen dituzte eta inprimatzeko materialak eta horien aplikazioak ezagutzen dituzte.

Tolosaldea LHI murgilduta dabilen beste proiektuetako bat energia minihidroelektrikoa da. Azken urteetan, hainbat motatako energia berriztagarrirekin egin da lan, hala nola fotovoltaikoa, eolikoa, eguzki energia termikoa, etab. Baina arlo horretan berrikuntza teknologikoa behar duen beste mota bateko energia berriztagarria detektatu da Euskal Herrian: energia minihidroelektrikoa. Inguruko erreketan barreiatuta minizentral ugari daude;batzuek kudeaketa egokia izan dute, baina beste asko berrikuntza teknologikoa aplikatu beharrean daude.

Lan honetan buru-belarri dabilen irakasleetako bat Rafa Albisu da. Berak dionenez, “proiektu honetan Usurbilgo Lanbide Eskolak eta Tolosako Lanbide Eskolak hartu dugu parte. Helburua zentral minihidroelektrikoen teknologia Lanbide Heziketan ezagutzera ematea zen alde batetik, eta martxan dagoen zentral bat nola funtzionatzen duen ikusi bestetik”.

Zentral hauek martxan daudenez gero, ez da erraza bertan ikasleek praktikak egitea, baina behintzat bisitak egin daitezke. “Hainbat zentral minihidroelektriko ezagutzen aritu gara, Hernaniko Fagollaga eta Andoaingo Bertxin, esaterako. Zein osagai dituzten eta sistema elektrikoak aztertzen aritu gara”, dio Albisuk. Horrela, unitate didaktiko bat osatu ahal izan dute, gero Lanbide Heziketako zikloetan aplikatzeko.

Zentral minihidroelektrikoen proiektuaren beste helburuetako bat Gauzen Interneten bidez (Internet of things) datuen irakurketa, monitorizazioa eta telekudeaketa egitea da. Industria 4.0 delakoan sartzen den gauza bat da hau ere. Orain arte gailu edo makina baten datuak bertan geratzen ziren, ez ziren jasotzen eta Internetera igotzen. Orain, ordea, Gauzen Internetari esker, makinak eta kostu baxuko elektronika duten gailuak elkarlanean aritu daitezke eta konektibitatea sor daiteke beren artean.

Koldo Irazu irakaslea gai honetan aditua da. Berak honela azaltzen du: “Guk guztiz konektatuta dagoen enpresa bat badugu, datu pila batekin, analisi bat egin behar da, datuak aztertu: kontsumoa, produkzioa... eta hortik ondorioak atera eta aplikazio inteligente bat egin prozesua optimiza-tzeko”. Konektibitatea enpresaren azken elementuraino eramaten badugu, hor sortzen diren datuak sekulakoak dira, eta horiek kudea-tzeko arazoak sortu daitezke.

Erabiltzaile arruntek aspaldidanik gordetzen dituzte beren datuak lainoan Google eta antzeko sistemen laguntzarekin. Horiek gauza sinpleak dira, baina industria baten datuak eta ezagutzak lainora eramateko garaian segurtasuna eta fidagarritasuna zalantzan jartzen dira. “Datuak lainoan jaso eta han era seguru eta pribatu batean edukitzeko segurtasuna ziurtatzeko azaltzen da zibersegurtasun kontzeptua”, azaltzen du Irazuk.