Ziritik

Bertso-zipristinak

Xabier. Euzkitze - Domingo, 10 de Junio de 2018 - Actualizado a las 06:03h.

Mikel Mendizabal bertsolaria omendu zuten atzo Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketaren finalean. Berak jarri zion txapela aurtengo irabazleari, Gorka Pagonabarraga durangarrari. Badakit Mendizabali berebiziko ilusioa egin ziola, eta haren aterkipean babes hartu dugun askori ere hunkigarri gertatu zi-tzaigun. Merezi zuen Mikelek. Izan ere, 1982tik iaz arte bertsolari itsasondoarraren eskuetan egon zen txapelketa horren antolakuntzaren ardura. 36 edizio gidatu zituen, beraz, sekulako urte saila.

Tarte luze horretan gauzak asko aldatu ez balira, seinale txarra litzateke. Lehen urtean ekitaldi bakar batean bildu eta neurtu zituzten bertsolari gaztetxo eta gazteak. Orain, ostera, tokian tokiko kanporaketen ondoren heltzen dira azken festa handira. Bertso-paperetan are aipagarriagoa dateke aldea. 50-60 izango ziren lehen edizioan, milaka dira orain. Beste hainbat alderditatik begiratuta ere harrigarria da bilakaera. Hedadura geografikoa ez da makala, Gipuzkoaz kanpoko ia inor ez izatetik kanporaketak zazpi euskal herrietan egitera igaro dira;bertso-udalekuek gai-tzeko eskea eta arrakasta dute;bertsolari gazteen inguruak ez du zerikusirik ordukoarekin;bertso-eskola bakarra zen hasiera hartan, eta bertsolaritza eskola-orduetan lantzen dute orain…

Azken faktore horrek berebiziko garran-tzia duela begitantzen zait. Bertsolaritzak gazte ugari mugitzen du, jarduera arrakastatsua da, eta hizkuntzaren erabilera du oinarrietako bat. Hizkuntzarekiko ezaxola neurri kezkagarrietara heldu den garaiotan, baliabiderik bikainenetakoa iruditzen zait euskara aberastu eta zipriztintzeko. Izan beza luzarorako bizia.