Hilaren 24ean hasiko da Zestoako Antzerki Astea

Guztira, bost antzezlan ikusi ahal izango dira eta sarrerak dagoeneko salgai daude

Ane Roteta - Sábado, 9 de Junio de 2018 - Actualizado a las 06:04h.

Zestoa - Beste urte batez, Zestoa antzerkiz beteko da herriko Interpretazio Eskolako taldeak antolatutako egitaratuarekin eta Antzerki Astea ospatuko dute datorren ekainaren 24tik aurrera. Guztira, bost antzezlan ikusteko aukera egongo da hilaren 30era bitartean, eta antolatzaileek “ilusio handiz” osatu dute aurtengo programa. Emanaldi guztiak kultur aretoan izango dira.

Hilaren 24an emango diote hasiera asteari Elurra izeneko tragikomediarekin, eta beldur eta sineskeriaren inguruko hausnarketa egingo dute. Zestoako aktore beteranoenak arituko dira Amancay Gaztañagak sortutako antzezlanean eta antola-tzaileek azaldu dutenez, obra koral horretan hamalau lagunek hartuko dute parte (guztien artean bi sari eskuratu dituzte aurreko urteetan). Hilaren 24, 25 eta 26an izango da ikusteko aukera, 20.30etik aurrera.

Ekainaren 27 eta 28an, berriz Moliereren Alegiazko gaixoa komedia izango da ikusgai, 20.30ean, eta bertan hirugarren kurtsoan dauden ikasleak Argan gaixoaren bizitzan murgildu dira.

Bestalde, hilaren 29an kanpotik bi konpainia ekarriko ditu antzerki taldeak eta bi pieza ikusteko aukera izango da 20.00etatik aurrera. Batetik, Atx Teatroa konpainiaren Tomiris, Iñaki Ziarrustarekin, eta bestetik, Agur eta Dolore Bilboko Pabellon 6eko topaketetan Kriseilu Saria eskuratu zuen pieza. Miren Gaztañaga eta Iraia Elias arituko dira Amancay Gaztañagak zuzendutako lan honetan. Bi antzezlanen artean 15 minutuko geldialdia izango da.

Amaitzeko, Antzerki Astea txikienek itxiko dute aurten, eta hilaren 30ean Errege Gaua taularatuko dute Mikel Ibargurenen zuzendaritzapean (18.00). Emanaldi hau doakoa izango da. Gainera, goiz horretan Zestoako Interpretazio Eskolako ikasleek Ander Lipusekin ikastaro bat jasotzeko aukera izango dute.

Sarrerak dagoeneko salgai daude Mairi dendan (estankoan), eta aurten ere bonu berezi bat izango da antzezlan guztiez gozatu ahal izateko. Hamabost euroren truke eskuratu daiteke, eta sarrera bakoitzaren prezioa, berriz, sei eurokoa da.

“Geroz eta handiagoa bihurtzen ari den ekintza txiki hau, bihotzez eta maitasunez zuei agertzea beti da plazer izugarri bat”, adierazi dute amaitzeko antolatzaileek.