KIROLAK

Urtez urte, mendiz mendi

Goierriko Mendizale Beteranoak taldeko kideak Kantabrian. GMB

Goierriko Mendizale Beteranoak taldeak 10 urte bete ditu eta aurten, lehenengoz, Euskal Herriko Mendizale Beteranoen I. Topaketa antolatu dute ilusio handiz.

M. Aranbururen erreportajea eta argazkia - Viernes, 8 de Junio de 2018 - Actualizado a las 06:04h.

Duela hamar urte 21 goierritar aurre-erretiratu eta erretiratuk Euskal Herriko hainbat leku historiko, herri, auzo, eskualde, mendi eta bideak gogora-tzeko edo ezagutzeko oinezko bidea aukeratu eta bide eta ibilbide ezagunak egiten hasi ziren. Urte hauetan dozena bat ibilbide osatu dituzte eta poliki-poliki taldea handitzen joan da. Gaur egun, 92 mendizalek osa-tzen dute Goierriko Mendizale Beteranoen taldea: hemeretzi emakumezkok eta 73 gizonezkok. Urte guzti hauetan irteera ugari egin dituzte;tartean, 2009. urtean egin zuten lehenengo irteera, Euskal Pirinioko Bira. Egin duten azkena Arabako Mugetan Zehar bidea izan da eta bi urtetan osatu dituzte, 2016 eta 2017an. “Gu mendizaleak gara eta zaletasun horri eustea da gure asmoa”, adierazi du Juanjo Mugika, taldeko kideak. Horrez gain, egitasmo honek emandako guztia ere nabarmendu nahi izan du: “ekintza honek asko eman digu, bizitza eman digu. Astero horrelako irteera bat izatea astea betetzea ekartzen digu parte hartzen dugunoi”.

goierrin barrena Urteurrena ospatzeko asmoarekin zenbait ekitaldi antolatu dituzte;batzuk guztiei irekiak eta beste hainbat, berriz, taldeko kideentzat erreserbatuko dira. Ekitaldi ireki horietako bat Goierriko eta Euskal Herri guztiko beste hainbat mendizalerekin egin nahi duten juntadizoa da: Euskal Herriko Mendizale Beteranoen I. Topaketa. Horrez gain, Euskal Herriko hainbat punta eta muga igaro ondoren, eskualdeari begira jarri dira Goierriko Mugetatik Bira ere antolatu dute. “Goierri eskualde bat izanik bertako mugetatik barrena ibilaldiak egitea ideia aproposa iruditu zitzaigun. Gainera, gazteentzat mendizaletasunarekiko afizioa sortzeko ere balioko du”, esan du Mikel Oiartzabal taldekideak.

Gaur bertan hasiko dute bira hau eta sei etapa desberdinetan banatu dute. Hala, gaurkoan Gaintzatik hasi Matxinbentara joango dira, hain zuzen, 22,3 kilometroko bidea. Hurrengoak uztailaren 7an, uztailaren 21ean, irailaren 22an, urriaren 6an eta urriaren 20an izango dira. Partaidetza irekia izango da ibilbide guztietarako, baina gehienez ere 60 partaide onartuko dituzte. Interesa duen orok goierrikomb@gmb.eus helbidera idatzi dezake irteeren inguruko informazioa eskatu edo izena emateko. Bataz beste, ibilaldi bakoitzak 20 kilometro luzera ingurukoak izango dira eta nahi duten guztientzat irekiak izango diren arren, mendiko asegurua izatea behar beharrezkoa izango da eta fisikoki prestatua egotea ere bai.

Ekaineko azken astean, berriz, Euskal Herriko Mendizale Beteranoen I. Topaketa antolatu dute, nahiz eta oraindik data ez den zehaztu. “Araba, Bizkai, Gipuzkoa, Lapurdi eta Nafarroako hainbat taldek parte hartuko dute eta 280 lagun inguru espero ditugu”, agertu du Joxean Imaz mendizaleak. Aralarko Oiduiko saroia izango dute bilgune eta bertan “elkar ezagutzeko” aukera izango dute mendizaleek, erromeria eta solasaldia tartean dituztela. Azken finean, sasoian mantentzeaz gain, bestelako xedea ere baduela gaineratu du Xabier Oiartzabal antola-tzaile eta mendizaleak: “ariketa fisikoa egiten dugu irteera hauen bitartez baina horrez gain, emozionalki, kohesio soziala ere lantzen da”. Hala, adibide moduan jarri dute taldekidea den Joxan Imaz. Taldean duten beteranoena da, baina elkarteko kideek azaldu dute adina ez dela muga bat Imazentzat: “guk ere nahi dugu bere adina betetzean Joxan bezain ondo egotea, ikusi egin behar da mendian gora nola ibiltzen den”. Horregatik, joan den apirilean omenalditxo bat egin zioten Lizarragatik Unanura egin zuten ibilaldia, eta bertako elkarte batean bazkaldu zuten ondoren.

Goierritar mendizale hauek beste behin erakutsi dute adina ez dela muga eta mendizaletasunarekiko maitasunak gailur guztiak igotzeko gaitasuna eskaintzen duela.

Secciones