GIZARTEA

Orioko aparkamendu sisteman aldaketak izango dira

Kotxeak aparkatuta, Eusko Gudarien kalean. (Ainara Lozano)

Hilaren 11tik aurrera ordubetez doan aparkatu ahal izango da erdigunean erosketak egiteko

Ane Roteta - Martes, 5 de Junio de 2018 - Actualizado a las 06:03h.

Orio - Orioko erdiguneko denda, taberna eta establezimenduetako bezeroek autoa ordubetez doan aparkatu ahal izateko aukera izango dute aurrerantzean. Hala adostu dute Orioko Udalak eta Arkupe Merkatari, Ostalari eta Profesionalen Elkarteak, eta bi aldaketa nagusi izango ditu hilaren 11tik aurrera martxan ipiniko den denbora mugatuko aparkaleku sistema berriak: alde batetik, aparkatzeko orain arteko gehienezko denbora, ordu erditik ordubetera luzatuko da;eta bestetik, aparkamendu-disko bat entregatuko zaie bezero guztiei, autoa zein ordutan aparkatu den eta aparkatzeko denbora noiz bukatzen den jakin ahal izateko.

Erosketak errazago egiteko Ekimen honen bitartez, Orio erosketak egiteko herri erosoa izatea bultzatu nahi da, bai bertako bezeroentzat, bai inguruko herrietatik datozenentzat ere. Aparkaleku horiek zein diren beherala jakingo dute bezeroek, informazio seinale berriak jarriko baititu Udalak datozen egunotan.

Eta doako ordu bete hori izateko, aparkamendu-disko bat autoaren aurrealdean agerian ipintzea besterik ez zaio eskatuko bezeroari;aparkamendu-disko horrekin adieraziko da, autoa inguruko establezimendu batean erosketaren bat egiteko dagoela aparkatua, eta zein ordura arte egon daitekeen gehienez aparkatua. Disko hori herriko saltoki eta establezimenduetan eskuratu ahal izango da, eta bezero bakoitzak bere disko propioa eraman beharko du autoan, behar duen aldi oro erabiltzeko. Udaletik jakinarazi dutenez, disko horiek doan entregatuko dira, baina eskaera egitasmo honetan parte hartzen duten denda eta establezimendutan egin beharko da. Merkataritzako aparkamendu horien erabilerari buruz informatzeko, informazio orriak banatuko dira denda eta establezimenduetan, baita aparkamendu-diskoaren eskaera egiteko orriak ere.

Aparkatzeko gune horiek identifikatu ahal izateko, bezeroentzat erreserbatutako aparkaleku horietan aparkamendu-diskoaren irudia duen seinale bertikal bat egongo da jarria ondorengo kaleetan: Eusko Gudari, Arrantzale, Ibai-Ondo, Herriko Plaza, Aita Lertxundi eta Aritzaga.

Udalak eta elkarteak nabarmendu dutenez, egitasmo hau herriko merkataritza eta ostalaritza biziberritzeko “urrats txiki bat” da, eta alde bietako ordezkariek ahalegin horrekin jarraitzeko konpromisoa adierazi dute.

Secciones