Ingurumena zaintzearekin eta babestearekin lotutako hainbat programa onartu dira

Martes, 5 de Junio de 2018 - Actualizado a las 18:03h.

Ingurumenaren Mundu Eguna dela eta, Iñigo Urkullu lehendakaria buru zuen Gobernu Kontseiluak asteroko ohiko bilera Urdaibaiko Erreserban egin du, Busturiako Madariaga Dorrean hain zuzen ere. Aitor Aretxaga Busturiako alkateak egin dio harrera Lehendakariari eta, elkarrekin, Madariaga Dorrean kokatutako ikasleentzako tailer berriak bisitatu dituzte. Bisitaren ondoren, Gobernu Kontseiluaren bilera hasi da. 

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburu eta Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkoreka eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu Iñaki Arriola prentsaren aurrean agertu dira, gaur eguerdian, Urdaibaiko Biosferaren Erreserbako Patronatuaren egoitzan gaur egin den Gobernu Kontseiluan aztertutako gaien berri emateko.

Prentsaurrekoan Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu Iñaki Arriolak adierazi du, Ingurumenaren Mundu eguna dela eta, Gobernu Kontseiluak ingurumenaren zaintzarekin eta babesarekin loturako sei programa onartu dituela.

Aipatutako programen artean, Iraunkortasunerako Hezkuntza Estrategia nabarmendu du. Programa horren helburua da ingurumenarekin erlazionatzeko dugun modu berriak eskatzen dituen sentsibilizazioa eta jarreren aldaketa eskolatik eta Unibertsitatetik abia daitezen eta kontsola daitezen lortzea. Halaber, Arriola sailburuak aipatu du Gobernu Kontseiluak baimena eman duela Sailaren eta Abanto Zierbenako Udalaren artean lortutako akordioa onartzeko. Akordio horren arabera, Udalak Corta Eraikina eta finka 30 urtetarako lagatzen du EKOETXEA MEATZALDEA gisa Ingurumen Hezkuntzako ikastetxeen sarean sartzeko.

“Eskualdeko ingurumen- eta kultura-jarduera sustatzea eta indartzea”, “meatze-jardueraren garrantzia historikoa, geologikoa eta soziala zabaltzen jardutea” eta “zona horretako ingurumen-, ekologia-, paisaia-, geologia- eta kultura-intereseko hainbat leku sustatzea” dira EKOETXEA MEATZALDEAri lotuta Arriolak aipatutako asmoak.