Justizia Konponarazlea eta Espetxea Nazioarteko Mintegia ospatu da

Lunes, 4 de Junio de 2018 - Actualizado a las 17:59h.

María Jesús San José Lan eta Justiziako sailburuak itxi du Euskadiko Artxibo Historikoan gaur egin den “Justizia Konponarazlea eta Espetxea Nazioarteko Mintegia”. Nazioarteko mintegi horretan Justizia Konponarazleko hiru adituk —Libardo Arizak, Johaness Fest-ek eta Jorge Ollerok— Kolonbia, Alemania eta Espainiako espetxe-sistemak aztertu dituzte, baita espetxe-ingurunean jardunbide konponarazleak sartzeko aukerak ere.

Miren Gallastegui Justiziako sailburuordeak ireki duen jardunaldian parte hartu dute operadore juridikoek, Arartekoaren bulegoak eta espetxeetako eta hirugarren sektoreko profesionalek. Jardunaldiari amaiera emateko, teknika konponarazleak espetxeen kudeaketan txertatzearen ondoriozko arriskuei eta aukerei buruzko mahai-ingurua egin da. Eztabaidan parte hartu dute, era berean, Jesús Guerrero Arabako espetxeko psikologoak eta Jose Mari Larrañaga Espetxe Sarea Euskadi-Nafarroako ordezkariak.

Itxialdi ekitaldian, San José sailburuak gogorarazi du Eusko Jaurlaritzaren akordio programatikoan jaso zela zigor- eta gizarteratze-erakundeen eta espetxeen antolamendua, erregimena eta funtzionamendua eskualdatzearen alde lan egiteko konpromisoa (Euskal Autonomia Erkidegoko 10.14. artikuluan jasotzen den transferentzia). “Gure espetxe-eredua eraikitzeko prozesuan lan egiten ari gara —erantsi du San José sailburuak— eta eztabaida-foro hau eskaini nahi izan dizuegu esperientziak, proposamenak eta aukerak aztertzeko. Lege-esparru bera izango da, baina kudeaketa hobetzeko elementu ugari txerta daiteke”.

María Jesús San José sailburuaren arabera, gaur egun Eusko Jaurlaritza Justizia Konponarazlearen kontzeptua zabaltzen ari da, justiziarekin lankidetzan jarduteko zerbitzuen barruan: biktimaren arreta, zigorren kudeaketa eta justizia konponarazlea. “Justizia konponarazleko zerbitzu berriarekin —adierazi du San Josék— jauzi kualitatibo osoa egingo da, Europako esparru intrajudizialean guztiz berriak diren teknikak txertatuko baitira zigor-bitartekaritzan”.

Justizia eta Laneko sailburuak aditzera eman duenez, etorkizuneko euskal espetxe-eredua osatzeko behar-beharrezkoa izango da, batetik, gizarteratzera zuzentzen den dirua gizarte-inbertsio bat dela aintzat hartzea, eta, bestetik, erregimen itxiaren eta erregimen irekiaren arteko erlazioa aldatzea, azken horren alde. “Gure adibidea Europako Iparraldeko herrialdeak dira, urteak baitaramatzate espetxeaz kanpoko gizarteratze-erregimen irekia aplikatzen. Sistemak biktimaren beharrak erantzun eta entzun behar ditu, delituak berriro egitea saihestu behar du eta gizarte zuzenagoa, kohesionatuagoa eta solidarioagoa lortu behar du. Hiru elementu horiek (biktima, gaizkilea eta gizartea edo erkidegoa) funtsezkoak dira Euskadiko etorkizuneko espetxe-sistema ezartzeko”.

Amaitzeko, San José sailburuak azaldu duenaren arabera, helburu hori lortuko bada, prozesu konponarazlearen oinarriak espetxetik bertatik aplikatzen hasi beharko dira eta gaizkigileen tratamendurako programak ibilbide pertsonalizatu baten diseinuan oinarritu beharko dira, betiere delitua eragin duten kausen ezpezifikotasuna kontuan izanik..