EHUren txosten batek xehetasunez aztertzen ditu Euskadiko gorroto-gorabeherak

(Irekia)

Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasuneko sailburua, Jon Mirena Landa UPV/EHUko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Katedrako zuzendariarekin batera, Eusko Legebiltzarrean agertu da, berak eskatua, Euskadin izandako gorroto-gorabeherei buruzko azterketa aurkezteko. Segurtasun Sailak Euskal Herriko Unibertsitateari agindutako azterketan jasotako 2016ko eta 2017ko datuek islatzen dute nolabait egonkor mantendu dela Euskal Autonomia Erkidegoko gorroto-maparen errealitate kriminologikoaren joera.

Lunes, 4 de Junio de 2018 - Actualizado a las 17:07h.

Txostenak esparru terminologikoa definitu du, lanean homogeneotasunari, doitasunari eta argitasunari eusteko, eta fenomenoaren agerpen publikoan zeharreko ibilbidea egiten du, arreta berezia jarriz Euskal Autonomia Erkidegoko 2016ko eta 2017ko datuetan.

Azterketatik ondorioztatzen denez, Euskal Autonomia Erkidegoko gorroto-maparen errealitate kriminologikoaren joera nolabait egonkor mantendu dela islatzen dute Euskal Autonomia Erkidegoko gorroto-gorabeheren edo balizko gorroto-delituen 2016ko datu orokorrek (146 gorabehera;124 delitu eta 22 arau-hauste administratibo) eta 2017ko datu orokorrek (143 gorabehera;129 delitu eta 14 arau-hauste administratibo).

2016an gorroto-delituen ondoriozko 124 salaketa izan zen (97 Bizkaian, 15 Gipuzkoan eta 12 Araban);68 arrazismoaren/xenofobiaren ondoriozkoak izan ziren, 31 orientazio edo nortasun sexualaren ondoriozkoak, 17 orientazio politikoaren/ideologikoaren ondoriozkoak, 3 erlijio-sinesmen edo -jardunen ondoriozkoak, 3 desgaitasunen ondoriozkoak eta 2 aporofobiaren ondoriozkoak. 2016an, 88 pertsona erruztatu zituzten gorroto-delituen ondorioz

2017. urtean, gorroto-delituen ondoriozko 129 salaketa izan zen (88 Bizkaian, 31 Gipuzkoan eta 10 Araban). Tipologien analisiari erreparatuta, 71 arrazismoaren/xenofobiaren ondoriozkoak dira, 32 orientazio/nortasun sexualaren ondoriozkoak, 16 orientazio politikoaren/ideologikoaren ondoriozkoak, 7 erlijio-sinesmenen eta/edo -jardunen ondoriozkoak, 2 desgaitasunen/gaixotasunen ondoriozkoak eta 1 pobreziaren edo aporofobiaren ondoriozkoa. Aldi horretan, 126 pertsona erruztatu zituzten.

Kolektibo babestuei erreparatuta, gorroto-mapak hiru zutabeko egitura du: kolektibo etnikoa, jasotako delitu-gorabeheren % 70en jomuga, gutxi gorabehera;kolektibo sexuala, % 25 inguru hartzen duena;eta beste kolektibo batzuk biltzen dituen multzo heterogeneoa (gaixotasuna, desgaitasuna edo dibertsitate funtzionala duen pertsona, adina, aporofobia, egoera sozioekonomikoa eta familiakoa), oso hondarreko mailarekin. Kopuruak oraindik ere oso adierazgarriak ez diren arren, talde arabiarrak, beltzak eta ijitoak profilatzen ari dira gorroto-delitu gehienen hartzaile gisa.

Delitu-gorabeheren artean lesioak dira ugarienak (osotasunaren % 18 eta % 30 artean, 2016an eta 2017an, hurrenez hurren) eta, ondoren, mehatxuak eta gorrotoaren diskurtsoa, zentzu zorrotzean (zigor-kodearen 510. artikulua). Hiru taldeen batura delitu-gorabeheren % 60 baino gehiago dira, 2016an zein 2017an.

Gorrotoaren ondoriozko delitu-gorabeherak (lesioak, kalteak, indarra erabiliz egindako lapurretak), egintza bidez egindakoak (hate crime), gorabehera guztien % 35 dira 2016an eta 2017an. Hitz bidezko gorroto-gorabeherak (hate speech: gorrotoaren diskurtsoa), zentzu zabalean (zigor-kodearen 510. artikulua, mehatxuak, derrigortzeak, irainak, tratu degradagarriak…), % 60 inguru dira.

Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasuneko sailburuak aditzera eman zuenez, Ertzaintzak, 2013az geroztik, gorroto-delituen aurrean jarduteko prozedura bat du, 76 zenbakiko polizia-instrukzioa. Gorrotoaren edo diskriminazioaren ondoriozko indarkeria-egintzei buruzko datuak biltzeko sistema bat artikulatzen du, salaketak kontabilizatzeko, salaketen jarraipena egiteko, lortzen diren epaien informazioa lortzeko eta balizko prebentzio- eta borroka-planak prestatzeko.

“UPV/EHUk egindako azterketarekin, gorroto-delitu horien egituraketaren eta sailkapenaren esparru teorikoa eta kontzeptuala edukitzeko lan egiten jarraitzen dugu;gorrotoaren diskurtsoa, diskriminazioa eta gorroto gisa kalifikatzen diren jokabideen zigor- eta administrazio-munta”, adierazi du Segurtasuneko sailburuak.

Secciones