Hiru familia zumaiar eta hiru getariar behar dira ‘Familia harrera’ egitasmora atxikitzeko

Proiektu pilotu honen helburua Loiuko 30 gaztek euskaraz bizi diren eremuak ezagutzea da

Domingo, 3 de Junio de 2018 - Actualizado a las 09:52h.

Zumaia/Getaria – Familia Harrera egitasmoa Bilbo Handiko Lauro Ikastolak, UEMAak eta Eusko Jaurlaritzak jarri du martxan elkarlanean. Proiektu pilotua da eta helburu du Lauro ikastolako 30 gaztek UEMAko kide diren udalerri euskaldunetan astebete pasatzea, euskaraz bizi diren eremuak ezagutu eta beraien inguruan euskararen erabilera areagotzeko.

Hala, Zumaiako nahiz Getariako Udalek jakinarazi dutenez, hiru familia behar dira herri bakoitzean ekimena aurrera atera ahal izateko. Familia horien baldintzak honakoak dira: familiako kide guztiak euskaldunak izatea, etxeko hizkuntza euskara izatea, DBH 3. edo DBH 4. mailako seme-alabaren bat izatea familian, eta gaztea hartzeko logela bat izatea edo adin bereko seme-alabarekin elkarbanatzeko bitartekoak izatea.

Loiuko ikastetxea Lauro Ikastola Lauroeta auzoko nekazal ingurunean dago, Loiun, eta euskarerekiko konpromiso eta sentsibilitate handia badu ere, Bilbo Handian kokatuta dagoenez, ikasleentzat zaila da eskolatik kanpoko harreman sareak euskaraz sortu eta mantentzea. Hain zuzen ere, hori aldatze aldera sustatu da egitasmoa.

DBH 3eta DBH 4ko gazteekin egingo da ekimena, eta ikasleen egonaldia ekainaren 22tik 30era izango da. Gainera, harrera familia bakoitzak 150 euroko diru-saria jasoko du gazte bat etxean hartzearen truke, gazteak sor ditzakeen gastuak estaltzeko helburuarekin. 

Zumaiako Udaletik jakinarazi dutenez, harrera familiakoekin aurrelanketa bat egingo da, eta ildo horretan, gazteek galdetegi bat bete beharko dute, eta gazteentzako zein gurasoentzako formazio saioak egingo dira. Saio horietan honako gaiez hitz egingo dute: udalerri euskaldunak eta arnasguneak, Eusle metodologiaren oinarriak, Lauro ikastolako gazteen egoera soziolinguistikoaren azalpenak eta jokatu beharreko papera egonaldian zehar.

Familia interesdunek udal webgunean izango dute eskuragarri eskaera orria, eta behin beteta, Udaleko euskara zerbitzuan entregatu beharko dute. Bestalde, informazio gehiago nahi izanez gero, hezkun-tza@uema.eus-era idatzi edo 943 816 699 telefonora dei daiteke. – A.R.