Eskuz binakako Elite txapelketa, Zumarragan

Ligaxkako partidak gaur eta hilaren 10ean eta 17an jokatuko dira eta finala, berriz, 23an

Domingo, 3 de Junio de 2018 - Actualizado a las 06:03h.

zumarraga - Euskadiko eskuz binakako Elite txapelketa Zumarragan jokatuko da aurten ere. Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzak eta Zumarragako Udalak antolatzen duten txapelketa hau gaur hasiko da. Partidak Beloki pilotalekuan jokatuko dira, 11.00etan.

Txapelketa honetan Euskal Pilota Federakuntzako rankingeko pilotari onenek parte har-tzen dute eta urte guztian egindako lanaren saria da. Aurten afizionatu mailako hamabi pilotari onenek jokatuko dute, bi taldetan banatuta. A taldean Azpiri-Otadui, Ojuel-Perez eta Labaka-Madariaga bikoteek jokatuko dute. B taldean, berriz, Santxo-Telleria, Salaberria-Etxebarria eta Ioldi-Lizeaga bikoteek.

Txapelketa ligaxka moduan jokatuko da eta talde bakoitzeko bikote onenek finala jokatuko dute. Gaur, Azpiri eta Otaduik, Ojuel eta Perezen aurka jokatuko dute. Ondoren, Santxo eta Telletxea, Salaberria eta Etxeberriaren aurka arituko dira.

Datorren igandean, Labaka-Madariaga, Ojuel-Perezen aurka arituko dira eta Ioldi-Lizeaga, Santxo-Telletxearen aurka. Ligaxkako azken partidak hilaren 17an jokatuko dira. Labaka eta Madariagak, Azpiri eta Otaduiren aurka jokatuko dute eta Salaberria eta Etxeberriak, Ioldi eta Lizeagaren aurka. Hilaren 23an, 17.00etan, hirugarren posturako partida eta finala jokatuko dira.

Aurkezpena Txapelketa ostiralean aurkeztu zuten, Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean. Aurkezpenean Gotzon Enbil Federakuntzako presidenteak, Aitor Erauskin zuzendari teknikoak eta Mikel Serrano alkateak parte hartu zuten.

Serranok Zumarragak afizionatu mailako pilotaren aldeko apustua egin duela gogoratu zuen. “Azken hamar urteetan, gutxi gorabehera, Elite txapelketa Zumarragan egin da. Gainera, Gravn txapelketako partidak eta emakumeen artekoak ere antolatu ditugu”.

Enbilek eskerrak eman zizkion Udalari pilotaren alde egindako apustuagatik. “Federakuntza ez dago egoera ekonomiko onean, baina txapelketa guztiei eusten saiatzen ari gara. Horretarako, udalen laguntza behar dugu. Zumarragak pilota tradizio handia du”. - A.Z.