Gezur hezurretik

Zer ikusi

Aitzol Elizaran - Domingo, 3 de Junio de 2018 - Actualizado a las 06:03h.

Oraindik oroitzen dut, ikastolako gelan ginela, filosofia ematen izango zen, Platon-en testu batean nola dakusat hitza agertzen zen. Denok egin genuen testua ulertzen genuenaren itxura, kobazuloa, gizakia... baina nik ez nuen hitz hura ulertu, eta irakasleari galdetutakoan dakusat ikusten dut dela azaldu zidan, baina trinkotuta.

Gustatu zitzaidan kontzeptua, eta ordutik aurrera, erdi txantxa erdi serio, ahal dudanean erabiltzen dut aditz hori, eta baita beste aditz trinko batzuk ere. Modan ere jarri ziren duela ez asko, eta aditzak trinkotzeko makina moduko bat asmatu zuten, eta baita Aditz Trinkoen Erret Akademia sortu ere. Erret erretiratuko nuke nik, baina tira, momentuko gorakadan gerora erabili izan ditugun aditz zenbait sortu ziren, adibidez, eta barka moduak, dizerdit.

Kontua da, egunotan dakusat kontzeptua berriz itzuli dela nire burura. Albert Rivera-ren haize-orratz diskurtso horietako batean, berak, pentsaera, joera politiko edota nazionalismoen gainetik espainiarrak ikusten zituela adierazi zuen. Noski, bakoitzak nahi duena ikusten du. Nik ere askotan ikusi izan ditut gauzak direna baina ilunago, eta argiago, baina alderdi naranjako buruak espainolak baino, bozkak ikusten ditu paretik pasatzen zaizkion horien aurpegietan. Ezin denak pozik mantendu ordea.

Pozik egongo ez direnak alderdi popularrekoak izango dira, azken egunetan okertu baitzaie keinua Gürtel auziaren epaia entzun ostean. Ekaitza lehertu berri da, orain arteko denak nahikoa ez balira bezala. Baziren frogatutako kasuak, epaituak, espetxeratuak eta itsu batek argi eta garbi ikusiko lituzkeen froga deuseztatuak. Baina tontoak garenez, denak irentsi ditugu, eta irentsi ez baditugu, onartu bai behinik behin. Orain arte ordea debalde atera zaie.

Batzuen itsukerian ezin daiteke inolaz ondorioztatu M.Rajoy izenpean zein egon daitekeen,ez, hori ez dakusate. Beste alde batetik zenbaiten emazteak haientzako miseria hutsa dena ordainduz kartzelatik aise ateratzea ere ez dute argi ikusten, nakusiko nuke ordea sosa horiek nondik atera diren. Hauei ez zizkieten duela hamabost urte egindako delituengatik ondasunak bahituko ez, erraz preskribatzen dira zenbait, eta ez hain erraz beste zenbait.

Ikusi ez nuena M. Rajoy izan zen osteguneko zentsura mozioko arratsaldeko eztabaidan aurpegia ematen, eta zuek ikusiko ez duzuena alderdi horren barkamen eskatze publiko bat izango da, niri bost barkamena eskatzea egia esan, nahiago nuke lapurtu duten dirua bueltatuko balute, edo behintzat behar duenei, edo beraiek behartsu bihurtu dituztenei bueltatuko baliete. Baina ez, nik ere, Riveraren antzera, ustelkeria trama horren atzean, solo veo españoles.