ZUZENDARIARI GUTUNAK

Euskalnafar euroeskualdea

Beñi Agirre - Sábado, 2 de Junio de 2018 - Actualizado a las 06:03h.

Euroeskualdea deitzen diote. Ez da Udalbiltza, ezta Udalbide ere, baina mugaz haraindiko elkarlanerako baliabide oso interesgarria izan daiteke. Europar Batasunean onartutako izaera juridikoa du eta bere baitan Nafarroako erresuma izan zenaren lurralde ia bera marrazten du Historia Garaikidea idazteko mapetan.

Egia bada ere estatuen arteko akordiotan oinarrituta daudela eta aurrez hauen adostasuna behar dela, jada, Akitania-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdea martxan dago. Hala izanik, bistakoa da Euroeskualdea bi estatuen arteko legedi markoei batera lotzea zaila dela eta denboraren poderioz Europak arautu beharko lituzkeela estatu-nazioen gaindiko harremanak. Arrisku-aukera dikotomia denboraren poderioz argituko da.

Errioxa eta beste lurralde batzuen faltan Akitania, Autonomia Erkidegoa eta Nafarroa Garaia hartzen ditu bere baitan. Erakunde mota honek Europako bi, hiru edo herrialde gehiagokoen mugaz haraindiko elkarlana ahalbidetzen du. Oraingoz ez dute berezko botere legegilerik, baina sarritan, mugaz bi aldetakoen interes komunak garatzeko elkarlana sustatu izan dute.

Adibidetzat har daiteke Autonomi Erkidegoko Unibertsitateak, Bordeleko Montaingneko Unibertsitateak, Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Akitaniako ESPEk sinatu duten lankidetza hitzarmena. Ondorioz, Hego Euskal Herriko irakasle eskolako 4.mailako 10 ikaslek frantsesezko urtebeteko prestakuntza jasoko dute eta Akitaniako unibertsitateko beste 20 ikaslek euskarazkoa.

Lankidetza proiektuari “Eskola futura” deitu diote. Ikusten denez, egitasmo handiko proiektu honekin eremu berri bat ireki daiteke, ez lankidetza estrukturalean soilik, baizik eta iruditeri berri bat sortzeko giza eta kultur arloetan. Sustatzaileen hitzetan “Aukera paregabea da unibertsitateetako campusen arteko lankidetza sendotu eta areagotzeko. Gainera, ekimenak beste bultzada bat emango dio lurraldeen arteko mugaz haraindiko lankidetzari, estrategikotzat hartutako gaietan, hala nola enpleguan, garraio publikoan eta hezkuntzan”.

Badira hamarkada batzuk euroeskualdeak martxan direla. Akitania-Euskadikoa 2011ko abenduan sortu zen, Gaztelak Nafarroa inbaditu eta banatu zuenetik 500 urteko bezperan alegia. Egia esan, urte hauetan zehar euskalnafarrok ez diogu kasu handirik egin tresna berri honi. Iruditzen zaigu Europa oso urrun dagoela;gainera, askotan bizkarra ematen digula sumatzen dugu. Hala ere, Europaren markoak baditu tresnak eta programak lurralde egitasmoak garatzeko. Gainera, Kataluniako prozesuari begiratzen badiogu, Europak jada ez dio beti amen egiten Espainiak esaten dionari.

Izan al daiteke Euroeskualdea Frantsesek eta Gaztelarrek Europan zatitu zutena josteko tresna? Ez dakit, baina, lagundu lagundu dezake oztopatu baino. Argitxu Etxandik bere Muga-gaindi Europatik Euskal Herrira tesian honi buruz esaten duenez “Europaren helburua eskualdeen arteko desorekak gutxitzea eta integrazioa lortzea da, eta harentzat eskualdeak eremu garrantzitsuak dira. Beraz, lankidetzak abiatzeko erraztasunak ematen ditu”.

Hala eta guztiz ere, euskalnafarrok badugu aurreko lanik. Zeren eta Europak juridikoki eskaintzen dituen hainbat tresna alferrik izango ditugu aurretik ez badugu lantzen lurralde eta euskal kultur kohesioa. Hau, ordea, politika da. Politika mailan ez baldin badago lurraldea batzeko eta kohesionatzeko helbururik, “euskalnafar” euroeskualdeak ez du zentzurik izango. Aitzitik, proiektua izanez gero, zuzenbidea erabili ahal da prozesua arintzeko eta sendotzeko.

Secciones