Lakuak eta ACLIMAk hainbat programa aurkeztu dituzte Kolonbian

(Irekia)

Viernes, 1 de Junio de 2018 - Actualizado a las 16:48h.

Hainbat enpresatako, Eusko Jaurlaritzako Ingurumena, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saileko, Uraren Euskal Agentziako eta Euskadiko ingurumen-sektoreko ACLIMA klusterreko ordezkariek osatutako delegazio bat Kolonbiako Cartagena de Indias hirira joan da Kolonbiako Urari, Saneamenduari, Ingurumenari eta Energia Berriztagarriei buruzko Nazioarteko Biltzarrean (ACODAL) parte hartzera. Sektorean erreferentziazkoa den hitzordu horretan, mundu osoko 2.000 parte-hartzailetik gora bildu da.

Ostegun arratsaldean (maiatzak 31) euskal delegazioko kideak protagonista izan dira;izan ere, saioetako batean, enpresen ordezkariek, Eusko Jaurlaritzak eta ACLIMA elkarteak proiektuak eta jardunbide egokiak azaldu dizkiete bertaratutakoei, hiru jarduketa-ildo handitan ardaztuta: klima-aldaketa, ekonomia zirkularra eta uraren kudeaketa.

Hala, arratsalde horretako saioa hasteko, hitzaldi bana eman dute Aitor Zuluetak, Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketako zuzendariak, eta Kristina Apiñanizek, ACLIMA elkarteko zuzendari nagusiak. Jarraian, ingurumen-sektoreko teknologia digitalei buruzko mahai-ingurua egin da, eta horretan parte hartu dute Bunt Planet, Basoinsa eta Ekiona enpresek. Bigarren blokea uraren kudeaketari buruzkoa izan da eta José María Sanz de Galdeanok, Uraren Euskal Agentziako Plangintza eta Obren zuzendariak, hitzaldia eman du;amaitzeko, uraren sektoreko berrikuntza nagusiei heldu dien mahai-ingurua egin da, eta horretan parte hartu dute Construtec, Quilton, Tecexsa eta Tecnoambiente enpresetako ordezkariek.

Biltzar horretako euskal presentzia osatzeko, erakusketa-gune berezia izan dute bilera-gelen ondoko azoka-esparruan;bertan, informazio-gunea eta parte hartzen duten euskal enpresek merkataritza-bilerak egiteko tokia egon da.

Secciones