‘Lurrera begira’ kanpaina abiatu dute Zarautzen

Ekimena Tabakoaren aurkako Egunaren baitan jarri dute martxan

Ane Roteta - Jueves, 31 de Mayo de 2018 - Actualizado a las 06:03h.

Zarautz - Tabakoaren aurkako Eguna da gaur, eta horrekin bat eginez, Zarauzko Udalak Lurrera begira kanpaina abiatu du Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkartearekin eta herriko anbulategiarekin batera.

Anbulategiko erizaina den Arantxa Berazadik atzoko prentsaurrekoan azaldu zuenez, herriko haur eta gaztetxoei bideratuta dago kanpaina, eta zigarro-punten argazkiak Instagram sare sozialera igotzean datza. Nolanahi ere, herritar guztientzat irekia izango da ekimena, zarauztar orok sentsibilizazio kanpaina honetan beren ekarpena egiteko. “Emakumeak eta gazteak dira erretzen hasten direnak gehienbat, eta azken kolektibo horri bideratu nahi diogu bereziki kanpaina, erretzeak dakar-tzan kalteez jabetu daitezen”, zehaztu zuen Berazadik. Hala, ikasturte amaierarako herriko nolabaiteko mapa bat osatu nahi dute, herritarrei ikustarazteko, “nahiz eta Zarautz polita eta berdea izan, zigarro-punta ugari daudela gure kaleetan”. Beraz, aurrerantzean, kalean edota leku deigarriren batean zigarroak ikusten dituztenek beren argazkiak igo ahal izango dituzte, geolokalizazioa ipiniz, @lurrera_begira profilari etiketatuz, edota #LurreraBegira eta #Zarautz traolak erabiliz. “Osasunari egiten dion kalteaz gain, naturari ere kalte egiten diote zigarroek, eta mapa egitearen helburuetako bat hori da. Ez gara konturatzen ze kalte egiten dioten naturari”, azpimarratu zuen Berazadik. Zentzu horretan, Arkamurka Natur Elkarteari dei berezi bat egin zion, askotan ibiltzen baitira hondartzako eta dunetako guneetan: “Beraiek ere zigarro-puntak ikusten badituzte, argazkiak bidaltzera animatu nahi ditugu”.

Gipuzkoako AECCko Gorka Gilek, bere aldetik, azpimarratu zuen egoera asko hobetu dela, baina oraindik ere asko dagoela egiteko: “Orain badirudi kalean ez dela erretzen eta arazoa konpontzear dagoela, baina Zarautzen 10etik 2 pertsonek erre egiten dute. Gainera, geroz eta gazteago hazten dira, eta horregatik erabaki dugu kanpaina hau beraiei bideratzea”.

Amaitzeko, prentsaurrekoan gogoratu zuten AECCk nahiz anbulategiak erretzeari uzteko eskaintzen dituen zerbitzuak erabat doakoak direla, eta herritarrak animatu zituzten lehen pausoa ematera.