BERTAN

Aspaldiko altxorren topaketa

Igande honetan auto klasikoen topaketa egingo dute Idiazabalen. Eguraldia alde badute, 80 ibilgailu inguru elkartuko direla espero dute antolatzaileek.

M. Aranbururen erreportajea eta argazkiak - Jueves, 31 de Mayo de 2018 - Actualizado a las 06:03h.

Nor ez da gogoratzen izan duen lehen ibilgailuaz? Ilusioa, zirrara, eta kilometroak egiteko gogo horiez? Lehen bidaia hori nora egin daitekeen pentsatzen jartzen zaren une horretaz? Edozein ibilgailuk badu historia bat atzean, are gehiago, duela urte askokoak badira. Idiazabalen, igande honetan, auto klasikoen topaketa egingo dute bosgarren urtez, eta antolatzaileen hitzetan, “indarra hartzen” joan den ekitaldi bat da eta parte hartu nahi duten jende ugari inguratzea espero dute.

Gerturatuko diren ibilgailu guztiek dute asko kontatzeko eta urte hauetan guztietan ondo mantendu diren altxorrak ikusteko aukera egongo da. “Dauden ibilgailuak erakusteaz gain, garai batean egindako gauzak mantentzearen garrantzia nabarmendu nahi dugu topaketa honekin. Orduan gauzak irauteko egiten ziren, ez epe batean funtzionatzeari uzteko eta horixe ikusi ahalko da, garai haietan nola egiten ziren gauzak”, zehaztu du Iñigo Agirre antolatzaileak. Hala, joan den mende hasierako autoak ikusteko aukera izango da. “20. hamarkadatik hasi eta 80. hamarkadarainoko ibilgailuak egongo dira”.

urte eta emozioak Antolatzaileek ere badituzte halakoak eta igandean jarriko dituzte ikusgai haien auto eta motorrak. Esaterako, Juanjo Aldasorok 125eko moto bat dauka: “Ekainaren 11n 60 urte beteko ditu. Aitarena zen, hark Bartzelonatik ekarri zuen lanera joateko. Limas fabrikan lan egiten zuen eta egunero erabiltzen zuen, lanetik etxerako tartea egiteko”. Urte batzuetan geldirik egon ostean, berriz ere eraberritu egin du eta orain “tarteka” erabiltzen duela adierazi du barre artean: “Noizbehinka ibiltzen naiz, baina onartu beharra daukat nik baino gehiago semeak hartzen duela”.

Jon Mugika idiazabaldarraren kasua ere antzekoa da. Antolatzaile lanetan ibiltzen da, baina berak ere badu aspaldiko auto bat, Seat 600 zuri bat, hain zuzen ere. “Aitonaren arrebari eskolarako dirua lortzeko zozketa batean tokatu zitzaion”, aitortu du. Orduan, baina, etxean inork gida-baimenik ez zuen eta beraz, aitonaren eskuetan gelditu zen autoa. Ondoren, urteen poderioz, bera izan da 600 horren ardura hartu duena eta hainbat une berezi bizi ditu berarekin. “Niretzako altxor bat da. Adibidez, arreba ezkondu zen urterako eraberritu nuen eta auto honetan joan zen ezkontzara”.

Polita izan da bientzat berriz ere ibilgailua martxan hartzea, baina izango da sorpresaren bat ere igandean. “Portugalgo gure lagun batena da bizikleta beltz hori”, kontatu du Luis Oliveira antolatzaileak. “Haren amonak erosi omen zuen 16 urte ingururekin lanera joan ahal izateko. Pentsa, ez zuen nahi inork ukitzea eta horregatik etxe barruan bizikleta kandadua jarrita edukitzen omen zuen”, oroitu du Oliveirak. Hala, amonak erretiroa hartu ostean bizikleta etxean geldirik gelditu zen eta haren ilobak eraberritzea erabaki zuen: “Guk eraberritu dugu eta amonak uste du bizikleta hori saldu edo bota egin zela, baina ez du inondik ere espero haren ilobak berritu izana”. Beraz, sorpresa ederra hartuko du portugaldarrak ilobak berriz ere lanera joateko erabiltzen zuen bizikleta beltza berrituta ikusten duenean. Ekintza eta sorpresa “ oso polita” izango dela uste du Oliveirak.

turismorako Guztiek zeruan dute begirada. Azken finean, horrelako ekitaldi batean eguraldiak “asko mugatzen” duela azaldu dute eta euria egiten badu asko ez direla gerturatzen. Horixe gertatu zen iaz, izugarrizko euri zaparradak hartu zuen herria. “Urte asko dituzten autoen jabeek askotan, eguraldi txarra badago, ez etortzea erabakitzen dute. Izan ere, ondoren hainbat arazo sor daitezke haien kotxeetan;hala nola, herdoila”, gehitu du Agirrek.

Aurten, 80 automobil inguru espero dituzte eta eguna 9.30ean hasiko da izen-emate irekierarekin. 10.30ean doako bisitak egingo dituzte Idiazabalgo Gazta Museora eta Aranburu gaztandegira eta jarraian, hamaiketakoa egin eta Goierrin zehar ibilbide bat egingo dute, besteak beste, Segura, Zerain, Mutiloa eta Gabiriatik pasaz. Ekintza honek “eskualdeko turismoa indartzeko” balio du-ela ere gogorarazi dute. Iñigo Agirre: “Topaketara etortzen diren guztiek Goierri ezagutzeko aukera izango dute”. Ondoren, bazkaria egingo dute.

Herrian zehar jarriko dira autoak eta aparkatzeko inolako arazorik ez dela izango ere gogorarazi dute. Horrela, ikusleek gertutik ikusi ahalko dituzte garai bateko altxor hauek, urteak igaro arren bizi-bizirik jarraitzen duten ibilgailuak.