KULTURA

Etorkizuneko euskal idazleen harrobi berria

Elgoibarko Udalak antolatutako I Idazlan lehiaketaren epaimahaiak “partaidetza eta lanen maila” azpimarratu du

Erreportajea eta argazkia Jabi Leon - Jueves, 31 de Mayo de 2018 - Actualizado a las 06:03h.

hainbat urtetako etenaldiaren ondoren, Elgoibarko Udalaren Euskara, Kultura eta Gazteria sailek garai batean herriko ikasleen artean euskaraz idazteko trebetasuna sustatzeko helburuarekin antolatzen zen idazlan lehiaketa berreskuratu dute ikasturte honetan. Ekimena arrakastatsua suertatu da eta antolatzaileek dagoeneko aurreratu dute jarraipena izango duela datorren kurtsoan.

Lehen idazlan lehiaketan 8 eta 16 urte bitarteko 142 neska mutilek parte hartu dute eta herriko literaturzale eta idazleek osatutako epaimahaiak 28 lan saritzea erabaki du.

Jasone Osoro idazle eta epaimahaiko kidearen hitzetan, “Batxilergoko ikasleen artean bi lan bakarrik aurkeztu dira baina LH eta DBHko neska-mutilen artean partaidetza handia izan da”. Gainera, hauek aurkeztutako idazlanen maila “orokorrean, oso ona” izan da.

Bestalde, epaimahaiak ikasleek egindako lana eskertu du, “baita herriko ikastetxeetako irakasleek egindakoa ere”. Izan ere, “idazlan onenen lehen aukeraketa ikastetxeetan egin da eta horrek asko erraztu du epaimahaiaren lana”.

sarituak Udalak antolatutako I Idazlan lehiaketaren sariak astearte arratsaldean banatu ziren Kultur etxeko sotoan. Hasteko, Ane Betia alkateak sarrera egin zuen eta horren ondoren Jasone Osorok epaimahaiaren iritzia azaldu zuen.

Bere hitzetan, “Elgoibarko ikasleek idazle batek behar dituen ezaugarriak dituzte: irudimena eta idazteko maila txukuna”. Eta horixe da, hain justu, epaimahaiak baloratu duena: “batzuetan irudimena, nahiz eta akatsak egon. Bestetan ondo idatzita egotea, ondo komunikatzea, kontakizunak hari bati eustea, istorio bat egotea”.

Ikusitakoa ikusita, esan daiteke Udalak bultzatutako lehiaketa berri honen lehen edizioak Elgoibarren etorkizuneko euskal idazleen harrobi berria dagoela egiaztatzeko balio izan duela. Jarraipena izanda, egile berriak sortuko dira herrian.