GIZARTEA

Oikiak hartuko du Eskola Txikien Festa ekainaren 10ean

Gipuzkoako 26 ikastetxe txikietako ordezkariak bilduko dira 31. edizio honetan

Ane Roteta - Miércoles, 30 de Mayo de 2018 - Actualizado a las 06:02h.

Zumaia - Gipuzkoako Eskola Txikien Festa datorren ekainaren 10ean ospatuko da Oikian, Zumaiako auzoan, eskola herrian edota auzoan izateak duen garrantzia beste urte batez aldarrikatzeko. Aurtengoa 31. edizioa izango da eta hilabeteetan zehar auzoko ikasle, irakasle, guraso zein bizilagunek festa handia prestatzen aritu ondoren, ilusio handiz aurkeztu zuten festa atzo goizean, Oikiako Eskola txikiaren atarian.

Aurkezpenean azaldu zutenez, Gipuzkoako 26 herri eta auzo txikitako ordezkariak bilduko dira festan eta, urtero bezala, Eskola txikiak bizirik, herri eta auzo txikiak bizirikleloa aldarrikatuko dute jai giroan. “Eskola txikiak herri eta auzo txikien altxorrak dira;bertan, umeak aniztasunean hezteko aukera dute, euskaraz, giro goxoan eta naturarekin harremanetan. Eskola txikiak modernoak eta kalitatezkoak dira;egunero erakusten dugu gutxirekin asko egiteko indarra, eta horixe ospatu nahi dugu jai honekin”, azpimarratu zuen Itziar Garciarenak, Oikiako eskolako zuzendariak.

Horretaz gain, Oikiako eskolan, gaur egun, 38 haur daudela jakinarazi zuen zuzendariak (17 Haur Hezkuntzan eta 21 Lehen Hezkun-tzan): “Egungo eraikina oso zaharra da eta leku falta ikaragarria dugu. Hori dela eta, orain dela urte batzuk eskola berria egiteko proiektuarekin hasi ginen eta momentu hauetan azken urratsak ematen ari gara;ilusio handiarekin esan dezakegu urte honen bukeran eskola berria egiten hasiko direla”. Hain zuzen ere, eraikin berria solairu batekoa izango da eta, orain ez bezala, zerbitzu guztiak eraikin berean izango ditu;hala nola, ikasgelak, jangela, gimnasioa eta liburutegia.

26 Eskola Txiki Gipuzkoan Aurkezpenean zehaztu zutenez, 26 eskola txiki daude une hauetan Gipuzkoako lurraldean (Araban bost dira eta Bizkaian, 19) eta urteetan barrena egindako lanari esker, “nortasun propioa garatu eta hezkuntza eta eskola ikusteko eta bizitzeko modu propioa” dutela nabarmendu zuen Mikel Goñik, irakasleen koordinatzaileak Eskola txikien kolektiboak zenbait ezaugarri dituela gehitu zuen: “Eskola publikoak gara eta adin aniztasuna bultzatzen dugu. Bestalde, tamaina txikikoak gara eta horrek aukera ematen digu eskola komunitatean interakzio eta harreman onak eta sanoak sortzeko, guztion-tzat aberasgarriak izango direnak”.

Kolarre Guraso Elkarteko kide den Unai Gijarrok, bere aldetik, Oikian horrelako eskola bat izateaz “oso harro” daudela azpimarratu zuen: “Guraso bezala sekulako aukera da gure umeek etxean bertan eskola izatea;herri gisa geure arteko harremanak lantzeko tresna da eta argi daukagu lotarako soilik izango den herria bihurtu ez dadin eskola bizirik izatea zeharo estrategikoa dela”.

Oikiako eskolako ikasleek ere hartu zuten hitza eta Dambo Diaby eta Urko Larrañagak festa eguna iristeko “gogo handiz” daudela adierazi zuten. Zentzu horretan, jaia prestatzeko lan asko ari direla egiten azaldu zuten;besteak beste, eskola margotu dute, gune bakoitzerako kartelak egin dituzte eta dantza eta koreografiak prestatzen ari dira. Gainera, festa egunean denek batera eskultura berezi bat egingo dute eta, zehaztu zutenez, guztiek beren hatz markak jarriko dituzte, ondoren eskultura Oikiako Eskola berrian jartzeko.

Bost gune auzoan zehar Guztira, bost gune izango dira auzoan festaren egunean eta egitarau zabala izango da haur nahiz helduentzako gozagarri. Eguna goizeko 10.30ean hasiko da haurrek prestatutako harrera ekitaldiarekin eta egun osoan zehar jolasak eta tailerrak, puzgarriak, pottokak eta poniak eta beste zenbait ekitaldi izango dira.

egitaraua

10.30. Harrera ekitaldia.

11.30-13.30. Jolasak eta tailerrak gunez gune eta puzgarriak txikienentzat.

11.30-13.30. Eskola ikusteko aukera.

14.00. Bazkaria.

15.00-18.00. Zaldiak, pottokak eta poniak.

15.30-16.30. Dantza saioa Zumaiako Musika Bandarekin.

15.00-19.00. Puzgarriak.

16.00. Gorriti eta Lopene beren animaliekin.

16.30. Potxin eta Patxin pailazoen Hondartzan ikuskizuna.

18.00. Apar festa.

Gomendioak

Zifra

26

Guztira, 26 eskola txiki daude Gipuzkoan. Araban eta Bizkaian, berriz, 5 eta 19 daude, hurrenez hurren.