Ia 1.200 lagun elkartu ziren Haztegiren urteurren bazkarian

Legazpiko Haztegi ikastolako lehenengo ikasleak.

Larunbat eguerdian argazkiak atera zituzten eta festa igande goizaldera arte luzatu zen

Asier Zaldua - Martes, 29 de Mayo de 2018 - Actualizado a las 06:03h.

legazpi - Haztegi ikastolak 50 urte bete ditu eta hainbat ekitaldi antolatu dituzte urteurrena ospatzeko. Larunbatean ikasle ohiek eta langileek bazkaria egin zuten. Ia 1.200 lagun elkartu ziren.

Festa eguerdian hasi zen: 18 urtetik gorako kinta guztien argazkiak atera zituzten. Ikastolako langile eta langile ohiek ere argazkia atera zuten. Ondoren, bazkaria egin zuten plazan. Bazkalostean dan-tzaldia egon zen. Batzuek igandeko goizaldera arte luzatu zuten festa.

Sagrario Etxabe, ikastolako zuzendaria, gustura ageri da. “Oso gustura gaude. Arrakastatsua izan da, zentzu guztietan. Ikasle ohien erantzuna zirraragarria izan da: ia 1.200 lagun elkartu ziren. Antolakuntza ezin hobea izan zen eta giroa oso ona. Kinta askotako jendea aspaldi elkar ikusi gabea zen eta asko eskertu zuten. Kataluniatik, Menorcatik, Kanariar Uharteetatik... jendea etorri zen. Dantzaldian sekulako giroa egon zen, kaleak bete genituen, giro jatorra egon zen...”.

50. urteurreneko azken ekitaldia datorren astean izango da: ekainaren 9an. “Amaiera festa Ikastola Egunean txertatu dugu. Festa hau ikastolan bertan egin ohi dugu, baina aurten herriari eskaini nahi diogu. Hori dela eta, plazan egingo dugu”.

Egunean zehar hainbat ekitaldi egongo dira: eskalada, makillaje tailerra, txoko solidarioa, bazkaria, DJ Txurrurekin dantzaldia, zirko tailerra, apar festa...

Azken hilabete hauetan makina bat ekitaldi egon da: Benito Lertxundiren kontzertua, argazki erakusketa, ikastolari buruzko solasaldia, mendi irteerak, flashmoba, rock kontzertua, musika eskolakoen kontzertua... Mendi irteera bat atzeratu egin zuten eguraldi txarragatik eta aurki egingo dute.

Ekitaldi hauek guztiak antolatzeaz gain, ikastolan plaka bat jarri dute. Gainera, ikastolak aurtengo jaietako danborradan konpainia bat atera du. Bestalde, Haztegikoen taldea Lilatoiko jendetsuena izan zen.

Etxabe oso pozik ageri da. Berak ez zuen ikastolara joaterik izan urte bakar batengatik, baina dagoeneko 35 urte daramatza bertan lanean. “Urte hau oso garrantzi-tsua izan da ikastolako guztiontzat. Oso urte polita izan da. Komunitatea sendotzeko balio izan du. Izan ere, antolatutako ekitaldiek gurasoak eta irakasleak gerturatu egin gaituzte”.

Secciones