Euskadiko Gazte Justizia Parisko Mundu Biltzarrean

Martes, 29 de Mayo de 2018 - Actualizado a las 16:33h.

María Jesús San José Lan eta Justiziako sailburuak gaur esku hartu du atzo UNESCOren babespean Parisen hasi zen Gazte Justiziako Mundu Biltzarrean. Biltzarraren antolakuntzan elkarlanean jardun dute Gazteriako eta Familiako Magistratuen Nazioarteko Elkarteak, Terre des hommes Foundation (Tdh) fundazioak, Penal Reform International (PRI) erakundeak, Child Rights International Network (CRIN) erakundeak, Nazioarteko Haurren Defentsa erakundeak eta Prestakuntza Judizialeko Institutuak.

Haurrentzako eta Nerabeentzako Justiziari buruzko Mundu Biltzarrean mila bertaratu eta txostengile inguru biltzen dira hiru egunez. Gehienak Gazte Justiziako zerbitzuen kudeaketaz arduratzen diren administrazio, erakunde eta agentzia publikoetako kideak dira, baita adin txikikoen justizia-sistemetan espezializatuta dauden epaileak, fiskalak eta profesionalak ere.

San José sailburuak Euskal Autonomia Erkidegoko Gazte Justiziako ereduaren emaitzak aurkeztu ditu;izatez, hogei urte baino gehiagoko esperientzia metatuaren ondoren, arlo horretako erreferente nagusietako bat da. Hain zuzen ere, María Jesús San José sailburuak esku hartu du gazteen arloko zigor-bitartekaritzaren alorreko eta askatasuna kentzen ez duten neurriak gauzatzearen alorreko jardunbide onak, estandarrak eta emaitzak aztertzeaz arduratzen ari den Foro Iberoamerikarraren barruan.

Ildo horretan, Maria Jesús San José sailburuak nabarmendu du gazteak zigor-arloan berrerortzearen tasak beherakada handia izan duela, % 17aren azpitik kokatzen dela, betiere Euskal Herriko Unibertsitatearen Kriminologia Institutuak egindako kanpo-ebaluazioaren arabera. “Euskal Autonomia Erkidegoko Gazte Justiziako Zerbitzuaren jardueraren oinarri diren printzipioak —adierazi du San Josék— azken urteotan metatutako esperientziaren emaitza dira;arrakasta izan duten beste eredu batzuekin alderatzearen emaitza —Gazte Justiziaren alorrean ez ezik, hezkuntzaren alorrean eta gizarte-jardunaren alorrean ere bai—.Eusko Jaurlaritzaren beste sail batzuekin (Osasunarekin, Hezkuntzarekin, Segurtasunarekin eta Enplegu eta Gizarte Politikekin) eta beste administrazio batzuekin (Aldundiekin eta Udalekin) egindako lan koordinatua zuzenean sartu da Euskal Autonomia Erkidegoko Gazte Justiziaren ADNan”.

Sailburuaren arabera, Gazte Justizian lan egiten duten erakundeek eta elkarteek prebentzioari eta sistema orokorretan esku hartzeari eman behar diote lehentasuna eta ezohiko egoeretan soilik jo beharko dute esku-hartze espezializatura eta beti laguntza moduan. Izatez, aintzat hartu beharko da helburua dela herritar guztiak sistema komunetara “itzultzea”. “Goiz esku hartzea jada berandu dela dioen esapideak —erantsi du San José sailburuak— garrantzi handia du Gazte Justiziaz mintzatzen garenean. Prebentziorik onena da adin txikikoei dagozkien eskubideak gogobetetzea, jaiotzen direnetik heldu-adina lortzen duten arte”.

Euskal Autonomia Erkidegoko Gazte Justiziako Zerbitzuaren eredua hiru maila osagarritan eta subsidiariotan egituratzen da: bitartekaritza-prozesuak (kontziliazioa eta konponketa), neurri ez-prebentiboak eta askatasuna gabetzeko neurriak.

Bitartekaritza-prozesuek garrantzi berezia dute Euskal Autonomia Erkidegoko ereduan. Joan den urtean adin txikikoen justizian gutxi gorabehera egindako mila esku-hartzeen herenak bitartekaritza-prozesuak izan ziren, eta kasuen % 78an modu positiboan amaitu ziren.

Neurriak gauzatzeko prozesuan etengabeko erreferentzia izaten da adin txikiko arau-hausleari bere erantzukizuna zuzenean bere gain hartzeko aukera ematea eta biktimari edo erkidegoari eragindako kaltea zuzenean edo modu sinbolikoan konpontzea.

 “Talde tekniko-psikosozialen txostenak —adierazi San Josék— funtsezkoak dira neska-mutil bakoitzaren errealitaterako erantzunik egokiena aurkitzeko eta erantzuna neska-mutilaren bilakaerara eta testuingurura egokitzeko. Beste oinarrizko printzipio bat esku-hartze minimoa da;zigor penala soilik aplikatu beharko da jokabide arau-hausleari eraginkortasun berarekin erantzuteko beste baliabiderik ez dagoenean, eta, era berean, barneratze-neurria soilik aplikatu beharko da beste bitarteko eraginkorrik ez dagoenean”.

Azkenik, María Jesús San José sailburuak gogorarazi du Gazte Justizian egin beharreko jardun guztien abiapuntua eta erreferentzia hau dela: nerabeak heldu-bizitzarako iragaite-aldi batean daude, etengabe aldatzen ari den errealitate baten barruan, eta adin horren bereizgarria dira gatazkak eta haien inguruneari eta helduen munduari aurre egitea. “Haien bizitzan arlo guztietako aldaketak gertatzen ari diren aldi batean daude;aldaketa psikologikoak, afektiboak, emozionalak, sozialak, familiakoak, prestakuntzakoak eta biologikoak. Errealitate hori abiapuntu izanik soilik uler daiteke esku-hartzea, eta, batez ere, pertsona horientzat berariaz diseinatutako erantzunekin”.

EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO GAZTE JUSTIZIAKO ZERBITZUA 2017an

UPV/EHUko Kriminologiaren Euskal Institutuak landutako Euskal Autonomia Erkidegoko Gazte Justiziako Zerbitzuaren 2017ko Memoriaren arabera, joan den urtean 839 neurri irmo eta kautelazko neurri ezarri zitzaien 554 neska-mutili (% 71 neurri batekin, % 18 bi neurrirekin, % 6 hiru neurrirekin eta % 5 lau neurri edo gehiagorekin).

Gehienbat mutilak izan ziren (% 80), Euskal Autonomia Erkidegoan edo beste autonomia-erkidego batzuetan jaiotakoak (% 68), haien jatorriko familiarekin, familia zabalarekin edo harrerako familiarekin bizi zirenak (% 72), Gizarte Zerbitzuekin harremanetan zeudenak edo egon zirenak (% 70), inpultsibotasun-portaera handiak dituztenak (% 42), denbora jarraituan gurasoen kontrol eraginkor urria zutenak (% 22) eta toxikoen ohiko kontsumoko patroia zutenak eta batzuetan kontsumo problematikoko patroia zutenak (% 28). Era berean, % 34 eskolaratu gabe zegoen, adinagatik dagokiena baino ikasketa-maila txikiagoa zuten eta eskolaratutako gehienak (% 79) errendimendu txarra edo erdipurdikoa zuten. % 48 gizarte-arriskuko portaerak dituen berdinen talde bateko kide zen eta % 58k ez zuen inolako aisialdiko jarduera egituraturik egiten.

2017an, ezarritako neurrien ia erdiak (% 41) zaintzapeko askatasuna izan ziren, eta ondoren barneratzeak (% 18) eta erkidegoaren onurarako prestazioak egitea (% 15).

Ezarritako neurrien % 91 neurri irmoak izan ziren eta guztira 764 izan ziren (312 zaintzapeko askatasuna, 135 barneratze, 115 erkideagoaren onurarako prestazio eta 90 gizarte- eta hezkuntza-zeregin). % 73 baliabide irekian bete ziren eta gainerakoak hezkuntza-zentro batean. Gehienak mutilei ezarri zitzaizkien (% 83). Neurri horiek aplikatu zitzaizkien pertsonen % 68 Euskal Autonomia Erkidegoan edo beste autonomia-erkidego batzuetan jaiotakoak ziren eta % 32 atzerrian jaiotakoak.

Lau delitu-egintza hauek egin zituzten batez ere: indarra eta/edo larderia erabiliz lapurtzea (% 16), lesioak (% 11,1), indarra erabiliz lapurtzea (% 10), eta familia-indarkeria (% 9).

2017an ezarritako kautelazko neurriei dagokienez, guztira 75 izan ziren (33 barneratze, 32 zaintzapeko askatasun, 9 bizikidetza hezkuntza-zentro batean eta 1 biktimarengana hurbiltzeko debekua), gehien bat mutilei ezarri zitzaizkien (% 93). Iraupenari erreparatuta, kautelazko neurrien % 88 ez ziren 6 hilabetetik gorakoak izan, eta, kautelazko neurriak ezarri zitzaizkien pertsonen jatorriari dagokionez, ikus daiteke neurri horien % 61 Euskal Autonomia Erkidegoan edo beste autonomia-erkidego batzuetan jaiotakoekin lotzen direla eta % 39 atzerrian jaiotako pertsonekin.