KULTURA

Abian da Lazkao Txiki bertso paper lehiaketa

Argi Berri elkarteak ekintza hau antolatzen duen 27. aldia da eta uztailaren 1erako entregatu beharko dira lanak

Martes, 29 de Mayo de 2018 - Actualizado a las 06:03h.

ordizia - Bertsolaritza eta idazkera elkartuz, 27. aldiz abian jarri du Ordiziako Argi Berri elkarteak Lazkao Txiki bertso paper lehiaketa. Ohiko moduan, hiru maila egingo dira eta sariak ere hala banatuko dituzte. Bestalde, dagoeneko bidali daitezke lanak eta uztailaren 1a izango da horiek aurkezteko muga.

Mugarik ez du sormenak, eta horregatik, parte-hartzaile guztiek nahi adina bertsopaper bidaltzeko aukera izango dute. Gaztetxoen mailan, bertsopaper bakoitzean gutxienez bi bertso eta gehienez lau idatzi beharko dituzte. Gazte eta helduek, bestalde, gutxienez zortzi bertso idatzi beharko dituzte eta gehienez ere hamabi.

Gaztetxoenentzako gaia jarri du elkarteak, eta aurtengoan Asko maite zaitutizango da. Gazteen eta helduen mailan, berriz, gaia librea izango da eta norberak ikusi beharko du zein hariari heltzen dion. Neurria eta doinua, baina, guztientzat libreak izango dira, bakoitzak ondoen datorkiona aukeratu ahalko du.

Gaztetxoen mailan 13 urte artekoek parte hartu dezakete, gazteen mailan 14 eta 18 urte artekoek (2018an gutxienez 14 urte eta gehi-enez 18 betetzen dituztenentzat) eta helduen mailan 1999an edo lehenago jaiotakoek izango dute lekua.

Lehiaketaren partaideek Argi Berri elkartera bidali beharko dituzte lanak: Gipuzkoa kalea, 15 behea. 20240 Ordizia. Posta elektronikoz ere bidaltzeko aukera badago eta bide hau hartu nahi dutenek aitor-c@aek.org helbidera bidali beharko dute. Bestalde, zalantzaren bat edo informazio gehiago behar dutenek 649 011 262 zenbakira ere dei dezakete eta bertan Aitor Calvillo Argi Berri elkarteko kideak erantzungo dizkiete nondik norakoak. - M.A.