Lakuak Renferen bi linearen titulartasuna kudeatuko du

Erkoreka. (Irekia)

Martes, 29 de Mayo de 2018 - Actualizado a las 16:37h.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkoreka gaur eguerdian agertu da Gobernu Kontseiluan aztertutako gaien berri emateko.

Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak Jaurlaritzaren Kontseiluaren ondoren izandako prentsaurrekoan jakinarazi du Espainiako Gobernuak aldeko erantzuna eman diola Euskal Autonomia Erkidegoan zehar igarotzen diren bi trenbide-linea eskualdatzeari. Zehazki, hauek dira: Alonsotegi-Barakaldo linea eta Bilbo-Basauri linea. Bozeramaileak nabarmendu du lineen kudeaketa partekatua izango dela eskualdatzea gauzatu arte.

Erkoreka sailburuak azaldu duenez, Espainiako Gobernuaren erantzuna iritsi da auzitegietan errekurtsoa aurkeztu aurretik egindako errekerimendutik hilabete eta erdira eta, horrenbestez, azpimarratu duenez, horrek zati batean erantzuten dio Eusko Jaurlaritzaren aldarrikapenari.

“Jaurlaritzak bere gain hartzen du linea eta tarte horiek Interes Orokorreko Trenbide Sarearen linea eta tarteetatik kentzeko konpromisoa;eta, hortik abiatuta, transferentzia eraginkor bihurtzeko beharra ere bere gain hartzen du, oraindik inolako datarik ez egon arren”, erantzun dio Erkorekak gai honen inguruan kazetariek egindako galderari.

DATUAK BABESTEKO ORDEZKARIA

Gaurko prentsaurrekoan aztertutako beste gai bat izan da Arantza Sanabria Llaguno “Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoen Datuak Babesteko ordezkari” berria izendatu izana.

Kontseiluak azaldu du figura hori sortu dela datuak babesteari buruzko Europar Batasunaren araudi berriaren betebeharrak betetzeko. Araudi horrek baldintzatu egiten du Europako administrazio publiko guztien datu pertsonalen tratamendua.“Ordezkari berriak erabateko independentziaz jardungo du. Ez du inolako harreman hierarkikorik izango Eusko Jaurlaritzaren barruan. Funtzionamendu-estatus berezia izango du eta haren agintaldia (6 urte) legegintzaldiarena baino luzeagoa izango da, denboraldi bererako luzatzeko aukerarekin”, esan du sailburuak.

Era berean, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkorekak adierazi du izendapen horren bidez berretsi egiten dutela konfidentzialtasunarekiko eta datu pertsonalen babesarekiko konpromisoa testuinguru berri eta globalizatu honetan. “Eusko Jaurlaritzak Arantza Sanabria izendatu du Zuzenbidean dauzkan ezagupen espezializatuengatik eta datuen babesaren alorrean duen esperientzia zabalagatik”, ñabartu du.

IKERKETA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAN

Jaurlaritzako bozeramaileak jakinarazi duenez, gaurko bilkuran, Jaurlaritzaren Kontseiluak ikerketa sustatzeko zenbait programa onartu ditu “Euskadi 2020 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plana”ren barruan. Eusko Jaurlaritzak onartutako programen artean, Erkoreka sailburuak bi nabarmendu ditu.

Alde batetik, 734.000 euro zuzenduko ditu “Biocruces”, “Bioaraba” eta “Biodonostia” osasun-ikerketako institutuentzat, EAEko osasun-sisteman gailu medikoak eta osasun-teknologia baliozkotu eta froga daitezen laguntzeko.

Bestalde, 2,7 milioi euro inbertituko ditu pertsonal ikertzailea hobetzeko programan (doktoratu ondoko fasearen lehen etapan dago). “Programa honetan sartzen direnek aukera izango dute atzerrian ikertzeko, Euskal Autonomia Erkidegora itzul daitezen I+G+b-ren esparruan garatutako ezagupenekin”, azaldu du Erkorekak.

BESTE GAI BATZUK

Kazetariek zentsura-mozioaren inguruan galdetu diotenean, Jaurlaritzako Bozeramaile Josu Erkorekak esan du Eusko Jaurlaritzak ez duela jarrera irmo eta ofizialik zentsura-mozioari dagokionez.

Era berean, nabarmendu du atzo bertan lehendakariak egonkortasunaren alde igorritako mezua. Gainera, adierazi du Eusko Jaurlaritzak konpromisoa duela leialtasunean, lankidetzan eta eraginkortasunean oinarritutako harremanari eusteko. “Eusko Jaurlaritzak Gobernu Zentralarekin jarrera horri eutsiko dio haren buru edozein dela ere;izan ere, Eusko Jaurlaritzan, erakunde arteko harremana halabeharrez printzipio horietan oinarritutako harremantzat hartzen baitugu”, adierazi du amaitzeko.

Secciones