Enplegu-zentro berezietan lankidetzan jarduteko bide berriak aztertuz

Lantegi batuak. (Irekia)

Lunes, 28 de Mayo de 2018 - Actualizado a las 16:29h.

Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak eta Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomiako sailburuak bilera izan dute desgaitasuna duten pertsonak gizarteratzeko eta laneratzeko lan egiten duten irabazi-asmorik gabeko erakundeen EHLABE-Euskal Herriko Lan Babestuaren Elkartearekin, Lantegi Batuakek Loiun, Bizkaian, duen egoitzan. Topaketan, enpresa horien lana aztertu da eta lankidetzarako formula berriak proposatu dira.

Txema Franco EHLABEko presidentea eta Pablo Moratalla erakundeko koordinatzailea sailburuekin eta Eusko Jaurlaritzako gainerako ordezkariekin batu dira, Marcos Muro Enplegu eta Gazteriako sailburuordearekin, Itziar Agirre Ogasuneko sailburuordearekin, Amaia Arteaga Enplegu eta Gizarteratzeko zuzendariarekin, Borja Belandia Lanbideko zuzendariarekin eta David Álvarez Ondare eta Kontratazioko zuzendariarekin.

Azpiazu sailburuak zera ekarri du gogora: "pasa den martxoan, Eusko Jaurlaritzak onetsi zuen sektore publikoko kontratazio-organo bakoitzak kategoria ekonomikoen oinarrizko lizitazio-zenbatekoen % 5 -gutxienez- erreserbatutako kontratu gisa izapidetu beharko dituela", eta nabarmendu du "Eusko Jaurlaritzaren eta bere sozietate publikoen konpromiso horrek % 30eko igoera ekar dezakeela Euskadiko laneratzeko enpresen eta gizarte-ekimeneko enplegu-zentro berezien urteko fakturazioan". 2017an, erreserba izan zezakeen zenbatekoa 9M/€ ingurukoa izango litzateke.

Sektore Publikoko Kontratuei buruzko 9/2017 Lege berria urrats bat da gizarte-klausulen arloan;izan ere, besteak beste, administrazio publikoak erreserbarako gutxieneko ehunekoak finkatzera eta erreserba hori betetzen dela bermatzeko gutxieneko baldintzak ezartzera derrigortzen du.

Klausula-mota horren erabilera elementu integratzailea da, eta aukerak sortzen dira bere gizarte-funtzioa aldarrikatzen duten enpresen tipologiarako. Beatriz Artolazabal sailburuak zera esan du: "Gizarteratzeko IV. Planak lan-merkatura hurbiltzen ditu desgaitasuna duten pertsonak eta alderantziz. Lanbideren bidez, Europako Gizarte Funtsa oinarri hartuta, Eusko Jaurlaritzak hainbat ekimen bultzatzen ditu eta, horrela, lanpostuei eusten eta kontratazioa areagotzen laguntzen du".

Enplegua sustatzea

Artolazabalek "2018an desgaitasuna duten pertsonak enplegu-zentro berezietan laneratzera sustatzeko bideratutako 33,7 milioi euroak, eta laneratzeko enpresetan enplegua sortzea eta hari eustea sustatzeko 10,22 milioi euroak" nabarmendu ditu, besteak beste.

Azken datuen arabera (ODISMET 2017ko txostena, 2015eko datuak), Euskadin desgaitasunen bat duten 82.400 pertsona daude lan egiteko adinean (16 eta 64 urte bitartean) eta, horietatik, 66.000k desgaitasunen bat dute eta 16.400ek, ezgaitasun iraunkor homolagarria.

Euskal Autonomia Erkidegoan, desgaitasunen bat duten pertsonen estatuko jarduera-tasarik altuenak (% 39,4 vs % 33,9 estatu-mailan) eta enplegu-tasarik altuenak (% 33,2 vs % 23,9 estatu-mailan) dituzte, eta langabezia-tasa baxuenak (% 15,9 vs % 31,0). Alegia, Euskadik lidergo-posizioa du.

Iazko urtea amaitzean Euskadin lanean zebiltzan desgaitasuna duten 27.356 pertsonetatik, % 31,5ek baino ez zuen enplegu-zentro berezien modalitatean lan egiten. Gainerakoak, Euskadin enplegua duten eta desgaitasuna duten hiru pertsonetatik bi, enpresa arruntean edo enplegu publikoan ari dira lanean edo autonomoak dira. 2017an, EHLABEn lan egiten zuten eta desgaitasuna duten 145 pertsonak enplegu arruntera aldatu ziren.

Erkidegoan dauden 76 enplegu-zentro berezietan, desgaitasuna duten 8.629 pertsonak lan egiten dute: 1.028, Araban dauden 17 enplegu-zentro berezietan;4.026, Gipuzkoako 19 enplegu-zentro berezietan;eta 3.575 Bizkaiko 40 enplegu-zentro berezietan. Horrek esan nahi du Euskadin daudela Estatuko enplegu-zentro berezietan lanean dauden desgaitasuna duten pertsonen % 12, nahiz eta Euskadin lan egiteko adina duten eta desgaitasuna duten biztanleen % 4,64 (82.400) baino ez den bizi.

2017ko balantzea

Ehlabe eratzen duten 13 erakundeetan, 2017a amaitzean, desgaitasuna duten 7.793 pertsona zeuden lanean;beraz, ordezkagarritasuna % 90 ingurukoa da, enplegu-zentro berezietan dagoen kontzentrazio sektoriala kontuan hartuta. 2016an, 7.472 izan ziren;beraz, % 4,30eko igoera izan dute urtebetean, erakundearen datuei jarraikiz. 321 lanpostuk gehiagok egiaztatzen dute etengabea dela goranzko joera: 2014an, 504 enplegu sortu ziren;2015ean, 466;eta, 2016an, 354.

Gainera, iaz, 358, 5 milioi euro fakturatu zituzten, eta fakturazio horren % 70 sektore pribatutik bildu zen. 2016an, 302 milioi euro fakturatu ziren;beraz, igoera 56,5 milioi eurokoa da, eta % 18,71koa.

Enplegu Bereziko Erakundeen elkartean, Araban, Indesa eta RAEP enpresak daude;Bizkaian, Lantegi Batuak Fundazioa, Usoa Lantegia, Ranzari Lantegia, Gallarreta Lantegia, Bidaideak, Bizgorre, Egintza Fundazioa eta Apnabi;eta, Gipuzkoan, Gureak eta Katea - Legaia. Horiek guztiak erreferentziazkoak dira Estatuan eta Europan kolektibo berezi horretarako enpleguan.

Secciones