GIZARTEA

Gomazko erraldoitxoak jarriko ditu salgai Zarauzko Udalak

Ruben Platero, gomazko panpinen egilea, eta Ixidor Larrañaga eta Nekane Iribar zinegotziak, gomazko erraldoitxoekin.

Arpoilaria eta baserritarra astelehenetik aurrera eskuratu ahal izango dira turismo bulegoan

Ane Roteta - Sábado, 26 de Mayo de 2018 - Actualizado a las 06:03h.

Zarautz - Zarauzko Udalak gomazko erraldoitxoak jarriko ditu salgai astelehenetik aurrera turismo bulegoan. Lau dira Zarauzko festetan agertzen diren erraldoiak eta egun etxe berria dute, Udaberri jubilatuen elkarteko tabernatik Merkatu plazako lehen solairura mugitu baitziren duela pare bat hilabete. Bertan daude gordeta eta ikusgarri, eta agerraldi ezberdinetarako handik aterako dira aurrerantzean.

Bertan egin zen erraldoitxoen aurkezpena, eta Ixidor Larrañagak, Jaiak eta Ekitaldietako zinegotziak, momentuz erraldoi bikote bat enkargatu dutela jakinarazi zuen: “Herritarrek eta, batez ere, haurrek, sarritan egin diguten eskaera bati eran-tzunez egin dugu lan hau. Udaletik, Gigantes de Goma Platero enpresako arduradun den Iruñeako Ruben Platerorekin harremanetan jarri gara eta Zarauzko erraldoiak gomazko panpin bertsioan egiteko eskatu diogu. Erraldoiak lau diren arren, momentuz, bi egiteko eskatu diogu: arpoilaria eta baserritarra. Aurten, beraz, lehen bikotea aurkeztuko dugu eta arrakastaren arabera erabakiko dugu bigarren bikotea noizko enkargatu”.

Zentzu honetan, Nekane Iribarrek, Kultura zinegotziak, nabarmendu zuen Platerori eskatu zaiola lan hau egiteko, honek Euskal Herriko konpartsa eta herri askotako erraldoitxoak egin dituelako: “Zarauzko haur eta familia askok eskatu izan digute Zarauzko erraldoien gomazko bertsioa eta, guri, ideia paregabea iruditu zitzaigun. Hala, Platerorekin jarri ginen harremanetan, aditua baita horrelako lanak egiten”.

Platerok aurkezpenean azaldu zuenez, pintura ez-toxikoak erabiltzen dituztela horrelako panpinak egiteko eta elastikoak dira, gainera: “Materiala ahalik eta kalitate gorenean bilakatzen saiatzen gara. Duela bost urte hasi ginen erraldoitxoak egiten eta dagoeneko 35 herritakoak egin ditugu. Itxaron zerrenda luzea dugu. Erraldoitxoen bilduma egiteko ohitura sortzen ari da eta kultura denez, niri poza handia ematen dit hau bultzatzeak. Gaztetxoenen artean, gainera. Oso polita iruditzen zait”. Erraldoitxoen bikote bat egiteko prozesua hiru hilabetekoa dela gaineratu zuen artistak: “Detaile guztiak har-tzen ditugu kontuan. Kasu honetan, adibidez, zapiaren izurrak ere egin ditugu”. Udaletxeetarako erraldoi handiak eta buruhandiak ere egiten dituzte eta baita hauen errestaurazioak ere.

Panpinak astelehenetik aurrera erosteko aukera izango dute zarauztarrek, turismo bulegoan, banaka edo bikoteka. Bakoitzak 12 euroko prezioa izango du. Era berean, Ruben Platerok bere web orrian ere salgai izango ditu, gigantesplatero.com-en.

Santa Marinetako festak bukatuta eta San Pelaio jaietarako hilabete eskas falta denean, Larrañagak aurreratu zuen aurten San Pelaioetan Erraldoien III. Agerraldia ospatuko dela: “Hitzordu garrantzitsua bilakatu da hau eta, beste herrietako konpartsek etortzeko aukera izan dezaten, ekainaren 24ra, igandera, aurreratu dugu ekitaldia. Beraz, aurten San Pelaio jaiak ekainaren 24ean hasiko dira”. Zarauzko Erraldoiak protagonista izango dira, beraz, aurtengo San Pelaio jaietan. Gainera, sorpresak izango direla tartean aurreratu zuen zinegotziak.

Secciones