Gipuzkoa ekintzaile

Graphenea, Irisbond eta CounterCraft dira, besteak beste, gurelurraldean garatu diren ekimen arrakastatsu batzuk

Amaia Arriaran - Sábado, 26 de Mayo de 2018 - Actualizado a las 13:59h.

Gipuzkoa bere izaera ekintzaileagatik bereizi izan da beti, bai arlo teknologikoan eta baita zientifikoan ere. Krisi ekonomikoaren ondoren startup gutxiago sortu direla nabaritu den arren, badirudi zailtasun guztiak dagoeneko gaindituta daudela;azkeneko urteetan negozio berri ugari azaleratu dira, zein baino zein arrakastatsuagoak eta sektore guztiz ezberdinetakoak. Jarraian, horietako batzuk jaso ditugu.

Graphenea: grafeno ekoizlea

Gaur egun enpresa dena, startup gisa hasi zen 2010. urtean zenbait inbertsore pribaturen eta nanoGUNEren babesarekin. Europako grafeno ekoizle nagusietako bat da Graphenea. 22 langile ditu gaur egun eta 60 herrialdeetara esportatzen du material grafenoa, batez ere Estatu Batuetara, Japonia, Hego Korea, Alemania eta Erresuma Batua. Bere bezeroen artean (400 baino gehiago) Intel, IBM, Qualcom, Canon, Mitsubishi, Toshiba, Sygma edota Phillips konpainia ezagunak aurkitzen dira.

Hasiberritan, 2013an, Repsolen partetik inbertsio handi bat jaso zuen Grapheneak;milioi bat euro inbertitu zuen akzioen %10 eskuratuz. Bultzada garrantzitsu horrekin eta Eusko Jaurlaritzaren eta Europar Batasunaren zenbait programei esker, bere gaitasun teknologikoa sustatu, enpresa bezala hazi eta grafeno ekoizpenaren sektorean nazioarteko lidergoa mantendu ahal izan zuen.

Gaur egun, munduko grafenoaren %15 ekoizten du Grapheneak. Donostiako Miramon Parke Teknologikoan du egoitza eta urtean mila kilo grafeno ekoizteko gaitasuna du bertako laborategi modernoetan. Honen guztiaren atzean dagoen ekintzailea Jesus de la Fuente da, zuzendari nagusia. Aipatu beharra dago Forbes aldizkariak munduko industriaren 100 pertsona sortzaileen artean izendatu zuela.

Baina zer da grafenoa? “Jainkoaren materiala” dela diote batzuk, “etorkizuneko materiala” besteek. Definizioz, karbono puruaren geruza fin bat da.

Atomo bakar baten lodierarekin, gizakiak ezagutzen duen konposatu finena da, materialik arinena, ezagutzen den konposaturik indartsuena, giro-tenperaturan bero eroale onena eta elektrizitate eroale onena. Material hau ikerketa-zentroetan erabiltzen da oraingoz.

Irisbond: begien kontrola

Etorkizunean oinarritutako zenbait filmetan ikusi duguna errealitate bihurtu da: soilik gure begien mugimenduekin ordenagailu bat kontrolatu dezakegu. Ezinezkoa zirudien hori gaur egun posiblea da Irisbond startup-ari esker. 

2013an sortu zen Irisbond, Vicomtech Fundazioaren kolaborazioarekin, ikusmen artifizialean aplikatutako ikerketa zentroa. Eyetracking edo jarraipen okularrean oinarritutako teknologia erabiltzen du eta desgaitasuna duten pertsonei zuzenduta dago, mugikortasun murriztua dutenentzat bereziki. Kolektibo honentzat oso baliagarria da sistema hau, izan ere, ordenagailuko teklatua eta sagua ukitu gabe, begiekin lan egin dezakete. Horrela, komunikazioa, autonomia eta irisgarritasuna bermatzen ditu.

Baina nola funtzionatzen du? Eyetrackingteknologiak argi infragorri sorta bat du, gizakiaren begiarentzat ikusezinak eta kalterik egiten ez dutenak, eta erabiltzailearen kornean distirak sortzen ditu. Bideokamera batek distira horiek erregistratzen ditu eta konputazio-algoritmo konplexuen bitartez, erabiltzailearen begi-niniak identifikatzen ditu. Informazio hau ordenagailuan prozesatzen da aurrez instalatu den aplikazio bati esker. Horrela, begien mugimenduak saguak pantailan duen posizioaren koordenadetan transformatzen dira.

Teknologia horretan oinarrituta, Irisbond eta Twitterrek aplikazio bat aurkeztu berri dute, begiradarekin mugikorra kontrolatu dezakeena. Modu honetan, desgaitasuna eta garun-paralisia duten pertsonek Twitter erabili dezakete beren mugikorrean. Duela urte bete, Irisbond, Twitter España eta Fundación Oncek tablet eta ordenagailuetan begiradarekin Twitter erabiltzea lortu zuten, eta oraingoan haratago joan dira mugikorrekin lan eginez.

CounterCraft: zibersegurtasuna

Beste startup donostiar hau goitikbehera ari da aldatzen zibersegurtasunaren mundua. Eusko Jaurlaritzaren (SPRIren bitartez) eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekintzailetza laguntzei esker sortu zen 2015ean. Irtenbide berritzaile eta ezberdin batekin etorri zen, Europan lehenengoa: iruzurrean oinarritutako teknika eta tresnak. Modu horretan, etsaiak detektatu eta manipulatzen ditu;hau da, benetazko informazioa eskuratzen ari direla sinestarazten zaie, baina hala izan beharrean, etsaiari trabak jartzen ari zaizkio eta berari buruz informazioa jasotzen da.

Hortaz, CounterCraft ez da konformatzen segurtasun mehatxuak egozten. Beraiek diotenez, “zentzudunagoa da mehatxu horiek kontrolatuta edukitzea eta etsaiei pentsaraztea atakea arrakastatsua izan dela”. Horrela beren ekintzak, teknikak eta tresnak ezagutu daitezke, gauza oso baliagarria.

Startup honen atzean David Barroso (CEO), Dan Brett (CMO) eta Fernando Braquehais (Software Architect) daude, nazioartean oso ezagunak sektorean. 20 pertsonek osatzen dute lantaldea, denak zibersegurtasunean esperientzia handiarekin. Orain Londres, Madril eta Kalifornian ere bulegoak ditu, eta bere helburua gehiago nazioartekotzea da, Europa, Ekialde Ertainean eta Estatu Batuetan.