Pasai Donibane, liburutegien eredu

Ubera liburutegia, badiara begira.

Gaur inauguratuko da Ubera, XXI. mendera begira dagoen Oarsoaldeko sorkuntzarako espazioa

Aitziber Mugaren erreportajea - Viernes, 25 de Mayo de 2018 - Actualizado a las 06:03h.

Gaur inauguratuko da ofizialki Pasai Donibaneko Ubera liburutegia. Kultur espazio honen irekiera denboran atzeratzen joan da, baina azkenean bere zerbitzu guztiak herritarrei eskaintzeko prest dago.

Donibaneko liburutegia XXI. mendera egokitutako zerbitzu bat izateko xedearekin jaio zen. Helburu horretan hasiera-hasieratik parte hartu zuten herritar eta eragileek diseinuan eta izan beharreko eginkizunen lanketan.

Ekimen honetan itsasargi bezala Eskandinaviako herrialdeak izan zituzten. Izan ere, gaur egungo eta etorkizun hurbileko liburutegiak ez dira liburu gordailu hutsak.

Pasai Donibaneko kultur eragileek eta Liburutegiaren Lagunak taldeak Ubera behar adina informazio helarazteko baliagarria izateaz gain, kultur topagune ere izan behar duela zehaztu zuten.

“Kultura sustatzeko espazioa ez ezik, ezagutza trukatzeko, euskal kultura bultzatzeko, aniztasuna bizitzeko, libre eta arduratsu izaten ikasteko, ondo pasatzeko, ezagunekin eta ezezagunekin elkartzeko, sortzeko, ideiak plazaratzeko, teknologia berriak eskura izateko, komunitate sentimendua lantzeko eta pentsamendu kritikoa lantzeko tokia da, besteak beste”, aditzera eman zuten eragileek eskutitz batean. Sorkuntzarako ekipamendu bat da, alegia.

Espazio berritzaile hau ezagu-tzeko etorri izan dira adibidez Errenteriako Udaleko ordezkariak, bertako Lekuona eraikinean XXI. mendeko beste liburutegi bat zabaldu nahi dutelako.

Egitaraua

Gaur. 18.00: Inaugurazio ekitaldia liburutegian. 18.30: Lintxua dantza taldearen emanaldia. 19.00: Hamaika bueltan an-tzerkiaren lagunen emanaldia. 19.30: Luntxa. 20.30: Jabier Muguruzaren Leiho bat zabalik disko berriaren kontzertua, Juanba Berasategi Aretoan. Doakoa.

Bihar. 11.30: Aterpea elkarteko aiton-amonekin poltsak josteko tailerra. 11.30: Irakurketa kolektiboa. 12.30: Xuxurlariak taldearen emanaldia, Kulturgunetik hasita, Santiago plazaraino. 17.30: Maite Frankok eta Omaymak Esku bete ipuin kontaketa, euskaraz eta zeinuen hizkuntzan.

Ekitaldi gehiago. Maiatzaren 31n eta ekainaren 1ean.

Secciones