GIZARTEA

Ordiziako gazteen diagnosia egingo du Udalak

Ordiziako gazteen diagnosia aurkezten, proiektuaren bultzatzaileak

Herriko 16 eta 29 urte bitartekoen beharrak eta interesak jaso nahi dituzte

M. Aranburu - Jueves, 24 de Mayo de 2018 - Actualizado a las 06:03h.

ordizia - Ordiziako Udalak proiektu edo egitasmo berri bat jarriko du martxan hilabete hauetan. “Gazteak herriaren parte garrantzitsu bat dira eta haien errealitatea ezagutu nahi dugu”, zehaztu du Jose Miguel Santamaria, Ordiziako alkateak. Hala, diagnosi bat egingo dute 16 eta 29 urte bitartekoen artean, haien kezkak, zalantzak, ardurak eta beharrak ezagutzeko asmoarekin. Ordizian, alkateak azaldutako datuen arabera, 10.150 biztanle daude eta horietatik 1.500 inguru dira aztertuko diren urte bitarte horretan kokatzen direnak.

Ikerketa honen nondik norakoak azaldu dituzte alkateak berak, Bittor Bolinaga, Gaztedi zinegotziak, Koro Ruiz teknikariak eta lana egiteko ardura hartu duen Zuriñe Romeo EDE fundazioko ordezkariak.

hiru ildo Egitasmo berri honekin hiru helburu bilatuko dituzte. Hasteko, Ordiziako gazteen ezaugarri sozioekonomikoei buruzko informazio kuantitatibo eta kualitatiboa jaso nahi da. Hala, gai ezberdinen inguruan, esaterako, enplegua, aisialdia, hezkuntza eta osasuna, dauzkaten interes, beharrizan eta eskaerak jasoko dituzte. Bigarren puntua herrian gazteei zuzendutako errekurtso eta ekimen publiko zein pribatuei buruzko datuak jasotzea izango da, eta azkenik, gazteriari zuzendutako errekurtso, programa eta politiken diseinurako orientazio eta estrategiak identifikatzea interesa duten eragile sozial ezberdinei zabaltzeko asmoarekin.

“Gure partetik, aukera berri bat dela uste dugu gazteen errealitatea ikusteko”, zehaztu du Ruiz teknikariak. Gainera, sektore edo adin horretako jendearekin Udalak duen harremanak “hobetzeko” balioko duela ere uste du: “Udala eta gazteen arteko lotura horizontala izan behar du, konfiantzan oinarritua. Diagnosi honen bitartez hori lortuko dugula espero dugu”.

uztailerako emaitzak Gazte diagnostikoa uztailaren amaierarako egotea espero du Udalak, hala, “iraila eta urrian zehar etorkizunari begira ezarri beharreko lan ildoak landuko direlarik”. Udal ordezkariek prozesuan parte hartzeko deia egin diete herriko gazteei, azken finean, euren interesak, beharrak edota zalantzen inguruan iritzia emateko aukera izango dute;baita aisialdia, enplegua, ekintzailetza, emantzipazioaz eta baliabideei, zerbitzuei edo programei buruz ere hitz egitera deitzen die.

metodologia “Gazteriari lotutako ekintzak esparru ezberdinetan ba-tzen dituen gazteriari lotutako Europar Estrategia 2020an oinarrituta;hala nola, hezkuntza eta trebakun- tza, enplegua eta ekintzailetza, osasuna eta ongizatea, parte hartzea, boluntariotza ekintzak, kultura eta sormena, gazteria eta mundua eta esku har-tze soziala, herriko gazteen errealitatean sakondu nahi da ikuspegi multidimentsional batetik abiatuta”, nabarmendu du Romeok.

Guzti hau egiteko estrategia metodologiko kuantitatibo eta kualitatibo ezberdinak zabalduko dituzte: eragile esanguratsuei elkarrizketak egingo dizkiete, giza eragileei inkestak bidaliko zaizkie, gazteei zuzendutako online galdetegia abian jarriko da, gazteekin talde eztabaidak antolatuko dira eta mintegi bat ere egingo da gaian interesa agertzen dutenekin.

Dinamika eta teknika parte hartzaileen bitartez, funtsean, herriko gazteen inplikazioa lortu nahi da. Gazteek sare sozialen bitartez zabalduko den online galdetegia erantzun dezakete eta baita antolatuko diren hiru talde eztabaidetan parte hartu. Talde hauek adinaren arabera antolatuko direla zehaztu du Romeok: “ikerketan aztergai dagoen gazteria oso heterogeneoa baita eta beraz ikuspegi espezifikoa eskaini behar zaie”. Interesa duenak, gazteria@ordizia.eus edo zromeo@fundacionede.org helbidera idatzi dezake dagoeneko.

Secciones