Manex Urruzola Tolosarra, ‘Sagardoa bidegile’ dokumentalaren ekoizlea

“Dokumental baten ekoizpenean lehen aldiz parte hartu dut eta asko ikasi dut elkarlanaren balioaz”

Manex Urruzola

Hamaika urte daramatza Manex Urruzolak Elhuyarren lanean eta ekainaren 1ean Topic-en ikus ahal izango da bertan ekoitzi duten ‘Sagardoa bidegile’ lana. Pozik dago sortutako lehen dokumentala Tolosan, etxean, aurkeztuko dutelako

Marta San Sebastian - Jueves, 24 de Mayo de 2018 - Actualizado a las 06:03h.

Tolosa - Ingeniaritza ikasketak egin arren, ikus-entzunezkoen munduan egin ditu azken lan-urratsak Manex Urruzola tolosarrak. Elhuyarreko komunikazio arloaren buru da eta lehen aldiz dokumental bat sortzeko erronkari heldu diote. Sagardotegiaren tradizioa jorratzen duen ikus-entzunezkoa Donostiako Zinemaldian estreinatu ondoren, Tolosan ikusteko aukera izango da Sagardo eta Bixigu Festaren baitan. Ekainaren 1ean izango da Topic-en, 20.00etan, eta amaieran mahai-ingurua izango da txotx giroan.

Nola sortu zen dokumental bat egiteko proiektua?

-Elhuyarrek urteak daramatza, hogei inguru, ikus-entzunezko arloa lantzen, besteak beste, telebistarako Teknopolis saioa egiten du eta era askotako bideoak. Bagenuen gogoa salto bat egiteko eta gure esperien-tzia baliatu dokumental formatua jorratzeko. Nire lehen dokumentala da hau eta Elhuyarrena ere bai. Hasieratik anbiziosoak izan ginen eta Donostiako Zinemaldian aurkezteko helburua jarri genion geure buruari. Elhuyarrek eta Pixelek elkarlanean egindako lana da, Bego Zubia lankideak zuzendari lanak egin ditu eta nik ekoizle lanak.

Eta zergatik sagardoari buruzko dokumentala?

-Bazkari baten bueltan sortutako idea da, asko estimatzen dugun lagun batek proposatutakoa. Sagardoaren inguruan apustu handia egin da eta indar handia hartzen ari den sektorea da, baina hutsune handia zegoen ikus-entzunezko lanei dagokienez. Sagardogileei proposamena luzatu genien eta erabat eskuzabal hartu gintuzten.

Zein bide egin du orain arte dokumentalak?

-Donostiako Zinemaldian aurkeztu genuen eta jaialdiak duen indarra ikusi genuen: hamar minututan sarrera guztiak agortu ziren. Gure-tzat primerako erakusleihoa izan da, eta Argentinatik, Brasiletik, Poloniatik... deitu digute. Euskal Herrian herri askotan ikus ahal izan da eta niretzat oso polita da datorren astean Tolosan aurkeztea Bixigu eta Sagardoaren Festaren baitan. Gainera, egun berean Poloniako Wroclaw hiriko Europe on the Fork jaialdian ere proiektatuko dute poloniarrez azpititulatuta.

Sagardoaren inguruko zein arlo jorratzen ditu dokumentalak?

-65 minutuko bidaia gastronomikoa, kulturala, historikoa eta zientifikoa da. Pisu nagusia protagonistei egindako elkarrizketek dute, baina errekreazioak ere badaude euskal baserrian eta itsas-historian sagardoak izan duen garrantzia islatuz. Sagardoaren atzean erpin asko zeudela konturatu ginen. Esaterako, munduko beste sagardoekin dagoen kontrastea islatzen dugu, sagardoaren atzean gaur egun dagoen ikerketa zientifikoa...

Sagardogintzari buruz asko ikasi al duzu?

-Ez naiz aditua, baina asko ikasi dut. Sagardogileen Elkartean topatu dugun jendearekin sekulako harremana dugu eta lagunak ditugu orain. Bestalde, unibertsitate munduan sagardoa nola ikertzen ari diren oso interesgarria iruditu zait. Tolosan ere badago sagardoaren inguruko tradizioa eta gogoa dut hurrengo asteburuan Garikanotarren sagardotegia ezagutzeko.

Lehen aldiz parte hartu duzu dokumental baten ekoizpenean. Zer moduzko esperientzia izan da?

-Oso polita, amets bezala abiatu genuelako proiektua eta ametsa bete dugulako. Elkarlanaren balioaz asko ikasi dut, instituzio publiko eta pribatu asko inplikatu dira proiektuan eta horrek bidea erraztu du.

Noiztik zabiltza Elhuyarren lanean?

-Hamaika urte egin ditut. Ikus-en-tzunezkoetan nabil azken boladan, baina berrikuntzako proiektu askotan ere parte hartu dut.

Betidanik erakarri zaitu ikus-en-tzunezkoen arloak?

-Nik ingeniaritza ikasketak egin nituen! Energia berriztagarrien multinazional batean bi urte eman ondoren irakaskuntzara saltoa egin nuen eta EHUko ingeniaritza fakultateko irakasle izan nintzen beste bi urtez. Elhuyarreko proposamena ezustean etorri zen, enpresa munduan eta unibertsitatean eskarmentua zuen pertsona bat bilatzen ari zirelako. Lan-talde ona dugu eta oso gustura nago.

Secciones