San Balerio balioan jarri eta gozatzeko, ibilbideak

Datorren iganderako bereziki Udalatxera sekula igo ezdirenentzako mendi txangoa antolatu dute Arrasaten 

Miércoles, 23 de Mayo de 2018 - Actualizado a las 11:38h.

ARRASATE – Arrasateko Meatzerreka auzoko San Balerio ermita ondoko hiru hektarea dituen lursailean azken urteetan naturaz gozatzeko egindako aurrerapenak ezagutzeko aukera egongo da bertatik igaroko diren bi txangori esker. Lehena, Udalatxeko bataioa izenburupean, datorren igandean izango da eta nagusiki oraindik herriko tontor berezi honetara igo ez direnei zuzenduta dago.

Hiru ordu eta erdiko mendi ibilbidea izango da, Monterronetik hasita, 9.30ean. “Meatzerrekara joango gara. San Baleriotik pasatuko gara eta laster prest egongo den Anporretako PR bide berria ezagutuko dugu. Lurgorri eta hego mendi pasatu ostean, Udalatxeko tontorrera abiatuko gara. Ondoren, Udalara jaitsi eta Ingurumen Eskolan luntx txiki bat dastatuko dugu. Gainera, diplomak banatuko dizkiegu lehen aldiz Udalatxera igoko direnei”, zehaztu zuen atzo Besaide Mendizale Elkarteko lehendakari den, Aitor Zubiagak. Ezohiko ibilbidea izango da, Kanpanzar aldetik joango baita. Dena den, txango laburragoa ere prestatu dute.

Besaidek, Naturtzaindia eta Sustraibarri elkarteek, Udalaren babesarekin, antolatu duten bigarren hitzordua ekainaren 3an egingo dute. San Baleixoko berdegunera ibilbidea Meatzerrekako txoko honetan ingurumena berreskuratzeko egindako lanak azalduko dituzte.

BIGARRENALehen pinudi zen inguru hori baso bihurtu dute. Udalari lursaila (Elizarena zen) erostea proposatu zioten eta auzolanean 2015ean “400 zuhaitz landatzeaz gain, saguzarrentzat zazpi kabi-kutxa jarri genituen eta txorientzat beste sei. Urmael bat ere egin zen anfibio eta ornogabeentzako”, adierazi zuen Naturtzaindiako Naiara Corcuerak. Ibildidea Monterronen hasiko da 10.00etan.– A.D.