KULTURA

Hernanik kultura indartuko du iazko gerakinarekin

Sorkuntza, auzoak, udal eraikinak eta laguntzak handitzeko 4,8 milioi daude

Aitziber Muga - Miércoles, 23 de Mayo de 2018 - Actualizado a las 06:03h.

Hernani - Hernaniko Udalak atzo 2017ko gerakinarekin aurtengo aurrekontuari gehituko dizkion inbertsioak aurkeztu zituen. Likidazioari, ia 4,5 milioi euro, kuporako gordeta zegoen dirua gehitu behar zaio eta beraz, 4,8 milioi pasatxo ditu erabilgarri. “4,8 milioi hauek 2018ko aurrekontuari gehituko zaizkio. Aurreikusita dauden inbertsioak eta diru partida batzuk indartuko ditugu;beste proiektu eta inbertsio ba-tzuk, ordea, berriak dira”, adierazi zuten. Kulturan, auzoetan, udal eraikinetan eta etxebizitzetan eta diru laguntzetan egingo dira inbertsio potoloenak.

Izan ere, diru partida handiena, 1,7 milioi euro, kultur sorkuntza eta herri mugimenduetara bideratuko da. Honela, Ave Maria etxean Sorgunea eraikiko da, Bizi kultura Hernanin amaitu berri den hausnarketa prozesuan kultur sorkuntzarako gune baten beharra ikusi baita.

Honela, Ave Maria etxea arte plastikoen eta beste diziplinen sorkun-tza gune izateko azterketa abiatuko du Udalak. Eginkizun honetan 800.000 euro erabiliko dira. Gainera, Sandiusterri eraikineko auditorioaren erabilera murritza dela eta, areto hori egokituko da beste kolektibo batzuen beharrak asetzeko. Bi erabilera nagusi izango ditu: Udal Musika Eskolan Urumea ikastola zaharrean dituen gelak kokatuko dira eta Ttarla dantza taldearen jarduerarako espazioa sortuko da. 500.000 euro inbertituko dira. Azkenik, Milagrosa kaperako eta Kulturarteko Plaza Feministako eraikinarentzat eta urbanizazioarentzat partidak handituko dira.

Beste partida garrantzitsu bat auzoetara bideratuko dena izango da;guztira 1,5 milioi euro: Etxeberriko urbanizazioan 660.000 euro gehiago jarriko dira (guztira, 1,3 milioi euro);Portu, Loidi, Errollaburu, Añuako zati bat, Errotaran eta Iturralde herri bideak konponduko dira 360.000 eurorekin;Portu-Elizatxo Mugikortasun Planaren lehen faseko obretarako 35.000 euro gehiago jarriko dira (kostea 160.000 eurokoa da);Hiribus geltokietan markesinak jartzeko 30.000 euro bideratuko dira;Atsegindegiko itxitura berritzeko eta akustika hobe-tzeko 367.000 euro gehiago jarriko dira (guztira, 500.000 euro) eta Sagastialde parkeari 40.000 euro erantsi zaizkio;azkenik, Elorrabiko zubiarako 22.000 euro gehituko dira (guztira, 502.000 euro). Osiñaga eta Zikuñaga berriro lotuta egoteko.