Argazkien bitartez tabuak hautsiz

Ekainak 17rarte, argazkilaritza-erakusketarako areto erraldoi bilakatuko da Barakaldo. Baffestjaialdiaren hirugarren edizioak tabu diren gaiak ditu erdigune, emakume argazkilarien begiradatik

JONEBATI ZABALA - Martes, 22 de Mayo de 2018 - Actualizado a las 14:40h.

EMAKUMEEKIN hitz egiten duten emakumeak. Horixe da Baffest Barakaldoko argazkilaritza jaialdiak aurten hartu duen leloa. Gai horri helduz, sona handiko hamabi argazkilarik askotan ezkutuan geratzen diren gaiak atera dituzte kalera. Modu literalean gainera;izan ere, Barakaldoko kaleetan eta El Regato auzoan ikusi ahalko dira Cristina De Middel, Bego Antón, Sara Merec, Elisa González Miralles, Teresa del Romero eta Mar Saezen lanak.

Roberto Villalon jaialdiaren hirugarren edizio honetako komisarioari otu zitzaion gaia, “emakumeei eragiten dieten gai sozialak jaialdira ekartzeko” helburuarekin, emakume argazkilarien ikuspuntutik, betiere. Cristina De Middelek (Espainiako Argazkilaritza Saria) prostituzioaren inguruan egindako lana jarri du adibide gisa David de Haro jaialdiaren zuzendariak: “Nahiko ezohikoa den arren, berak alderdi maskulinoan jarri du fokua eta hala, emakumea biktima paperetik atera nahi izan du, hedabideek ezkutatzen duten beste errealitate hori argitara ekarriz”. 2016. urtean, emakume argazkilarien lana ikusarazteko helburuarekin sortu zen Baffest. Horrez gain, Barakaldora lehen mailako argazki eskaintza eta kultura ekartzea ere xede zirela azaldu du De Harok. “Jaialdiaren edizio bakoitzean estatu mailan arte plastikoetan zein argazkilaritzan sarituak izan diren artistak ekarri ditugu, baita nazioarteko ibilbidea izan duten lanak ere”. Esan beharra dago, gainera, jada Europa mailako Rutas Singulares programaren barnean ere badagoela Barakaldoko hitzordua.

Urtez urte Baffesten maila gorantz doala uste du zuzendariak eta aurtengo edizioa orain arteko “osoena” dela dio: “Esperientzia hartuz goaz produkzio mailan eta lantaldeen arteko koordinazioan, eta Barakaldoko Udalaren aldetik jasotako babesak eta kultura garaikidearen alde egin duen apustuak dena errazten du”. Dena dela, historia “edizioz edizio” idazten dela gogorarazi du De Harok.

HERRIA, MUSEO Barakaldora hurreratzen direnek formatu handiko lanak topatuko dituzte herrian zehar, “estatu mailan argazkilaritza garaikideko eskaintza onena”. Horrela, De Haroren esanetan, bisitari guztiek argazkilaritzara gerturatzeko aukera izango dute, baita “kulturarekin harreman zuzena” ere. Portu kaleko 2. zenbakian Cristina de Middelen Gentlemens´s club prostituzioaren inguruko lana dago ikusgai;Hizkuntza Eskolan kokatu den Elisa Gonzalez Mirallesen Wannabe lanak gizarteak inposatzen digunaren, bereziki emakumeei, inguruan hitz egiten du;El Regato auzoan paratu duten Haiek Danak Sorginak da Bego Antonen lana, PhotoEspañaren Errebelazio Saria jaso duena, berriki. Bere argazkien bitartez, ezarritakoa betetzen ez zuten emakumeei egiten zietena gogorarazten digu. Mar Saezek emakume biren arteko –bata transa– maitasun istorioa kontatzen digu Vera y Victoria lanean (Bide Onera);La Isla Ignorada (Foto Samar) proiektuan, Sara Merec argazkilariak egunkari bat irudikatu du, Espainiako landa eremuetan lesbiana izatearen problematika argitara ekarriz;eta Teresa del Romero iazko irabazlearen El pequeño fantasma se puso triste lana ere ikusgai da.

BEGIRADA BERRIAK Sail Nagusian dauden hamabi argazkilariez gain, urtero lehiaketa bat antolatzen da Baffesten baitan, EAEn jaiotako edo bertan bizi diren argazkilari berrien lanak saritzeko. Aurten, Arantza Elejabeitia, Maria Sanchez, Helena Cancelo, Jennifer Custodio eta Sara Berasaluze izan dira finalistak, eta Ura Iturraldek irabazi du lehiaketa, Palestinako samariarrei buruz egindako proiektu batekin. “Finalista guztiek maila handiko lanak aurkeztu zituzten eta, azkenean, epaileek Iturralderen lana saritu zuten, fotokazetaritza kutsua duen lan dokumental bat. Iturralde nahiko harritu zen saria jasotzeaz, izan ere, jaialdiaren argazkilaritza estiloa ez baita erregistro horretakoa izan orain arte”. Datorren urtean, beraz, Iturralde izango da Baffest-eko argazkilari gonbidatua. Foruen pasealekuan ikusi ahalko dira artista berri hauen lanak.