goierri

Mozorroak eta herri kirolak Loinatz jaien bigarren asteburuan

Gaurkoan mozorro eguna dute eta hamaika jaima jarriko dituzte gazteek, baina soinu maila mugatua izango dute

Sábado, 19 de Mayo de 2018 - Actualizado a las 06:04h.

beasain - Ia deskantsurik gabe, indarrez hartu dituzte berriz ere beasaindarrek Loinatz jaiak. Mozorro eguna izango da gaur eta bihar, herri kirolak eta dantza izango dira nagusi.

Gaur goizean hasiko dira ekitaldiak, 10.00etan. Nafarroa Etorbidetik abiatuta, Lehendakari txapelketako 23 urtez azpikoen 68. Loinaz proba jokatuko da eta bertan 124,9 kilometro egin beharko dituzte txirrindulariek. Igoko dituzten mendateak Altzo, Olaberria bi aldiz, eta Mandubia izango dira. Lasterketa hasi eta bi ordu eta erdi pasa ondoren, 12.30ak inguruan, lehen txirrindulariak helmugara iritsiko direla espero da.

Ordu berean hasiko dute elkarteen gastronomia lehiaketa Loinazko San Martin plaza azpian. Aurten Jesus Larrañaga elkartekoak arduratu dira guztia antolatzeaz eta 12 elkartek parte hartuko dute. Prestatu beharko duten menua barazki menestra eta bakailaoa Bizkaiko erara izango da. Goizean sukaldean aritu ondoren, eguerdi alderako jakingo da zein diren irabazleak.

Mozorroak ere nagusi izango dira gaur. Beasaindarrak 19.30ean egingo dute mozorro pasarela txosna gunean eta ordurako kolore eta imaginazioa ikusgai izango da kaleetan barrena. Ohiko legez, egun honetan koadrilek jaimak jartzen dituzte eta aurten, Udal gobernuak egindako bitartekaritzaren bidez, jaimetako gazteek eta Zaldizurreta kaleko bizilagunek gaur sortzen diren eragozpenak gutxi-tzeko zenbait neurri adostu dituzte. 12.00etatik aurrera jarriko dituzte hamaika jaimak. Talde guztien musika ekipoek soinuaren neurria mugatua izango dute eta Udalak ematen duen argindarra goizeko 5.00etan etengo da.

kirola eta dantza Bihar 10.45etatik aurrera, Beasaingo Ostadar taldeak antolatutako XVIII. Dantza Topaketa izango da, Gasteizko Adurtza, eta Iruñeko Ortzadar eta Errotxapea dantza taldeekin batera. 12.30ean elkartuko dira Erauskin plazan ekitaldia egiteko. Arratsaldean, bestalde, 19.00etan, dantza topaketaren azken dantzaldia egingo da Gernika pasealekuan, erraldoi eta buruhandiekin. Ordu horretan hasiko da herri kirol saioa. Batetik, Arrano Beltza taldeak antolatuta, goi mailako herri kirol saioa egingo da Gernika pasealekuan. Aizkolarien lehian Iker Vicente eta Ruben Saralegi, Iñaki Azurmendi eta Jon Rekondoren aurka arituko dira. Bestalde, Alatzne Etxaburua eta Nerea Sorondo aizkolariak buruz buru ariko dira. Harri jasotzaile saioan Xabier Aranburu Guzta idiazabaldarra Jon Unanue Goenatxo III. aren aurka. - M.A.

Secciones