Aldundia Lazkaon izan da bertako estrategia eta etorkizunaren berri izateko

Lazkaoko kaleetan, Aizpuru eta Olano diputatuak Udal ordezkariekin, bertako beharrak ezagutuz.

Olano eta Aizpuru diputatuek herria eta Leberri enpresa ezagutu dituzte

M. Aranburu - Viernes, 18 de Mayo de 2018 - Actualizado a las 06:03h.

ordizia - Bisita berezia izan zuten asteazkenean Lazkaon, izan ere, Gipuzkoako diputatu nagusia, Markel Olano, eta Ainhoa Aizpuru, Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekarako diputatua bertan izan ziren Felix Urkola Lazkaoko alkatearen eskutik udalerrian dituzten proiektuak, egitasmoak eta erronkak bertatik bertara ezagutzen eta horrez gain, etorkizuneko ekonomiari bultzada emateko irizpideak finkatzen. Diputatu nagusiak iragarri zuenez “ezinbestekoa” da instituzioetatik herrietara bertaratzea “udal ordezkariekin eta agente ekonomiko eta sozialekin batera bertako beharrak, proiektuak, ideiak eta estrategiak ezagutzeko”. Udaletan Aldundiak “ikuspegi soziala lan-tzea” duela helburu zehaztu zuen Olanok: “Gizarte kohesionatuak horrela segi dezan funtsezkoa da hori”.

Goizean zehar udal ordezkariekin bildu ziren Olano eta Aizpuru, eta bertan, bi erakundeen arteko lankidetza uztartzeko asmoarekin, ideia, proiektu eta etorkizuneko estrategiak partekatu zituzten, eskualdearen garrantzia beste behin ere nabarmenduz: “Gipuzkoa lurralde industriala da eta Goierrin eta Lazkaon nabaria da sektore honen eragina eta pisua, bai jardun-ekonomikoan, baita familien egunerokoan eta herriaren martxan ere”, adierazi zuen diputatu nagusiak.

Horren segidan, Goierri Valley erakundeko kideek proiektuaren nondik norakoak azaldu zizkien foru ordezkariei. Erakunde hau 2017ko ekainean aurkeztu zen eta metalgin-tzaren batasuna irudikatzen du kide dituzten enpresa guztiekin. Besteak beste, eskualdean, Gipuzkoan eta orohar munduan indarra duten enpresak daude;hala nola CAF, Ampo, Orkli, Indar, Irizar, Hine eta Jaso. Goierriko 50 enpresa baina gehiagorentzat industria-bazkide den egitasmoak laguntza eta babesa eskaintzen die, berrikuntzan, lehiakortasunean, kooperazioan eta nazioarteko lankidetzan oinarrituz.

Proiektuak, sortu zenetik, Aldundiaren babesa jaso du eta Olanok hala azaldu zuen: “Goierri Valley bezalako egitasmo bat lurraldean izatea benetan baliotsua da bertako enpresentzat, baita gipuzkoar guztiontzat ere. Industria produktiboa Gipuzkoako lehiakortasunaren ardatza da eta Goierriko eskualdean eraldaketa industriala aurrera eramatea du helburu proiektu honek”. Hala, Olanoren ustez, “ezagutza partekatuan oinarritutako lehiakortasunean aurrera” egitea bilatu behar da eta xede hori Goierri Valley eta eskualdeko enpresekin elkarbana-tzen duten puntua da.

Goierri Valley-ko ordezkariekin batera Leberri enpresa bisitatu zuten diputatuek. Enpresa hau Goierry Valley-ko kide da eta batez ere, makina elektrikoen kalkuluan, diseinuan eta fabrikazioan lan egiten dute. “Leberri enpresa adibide bat da berrikuntzan oinarritutako enpresa eredua daramatelako aurrera, puntako teknologia erabiliz eta etorkizuneko tendentziak aurreikusiz”, gehitu zuen diputatu nagusiak. Eguna amaitzeko, Txindoki gerontologikora joan ziren.

Secciones