GIZARTEA

Mintza Eguna Hondarribira ekarriko du Topaguneak ekainaren 2an

Euskal Herrian zehar mintzapraktika taldeetan aritzen diren 300 lagun inguru biltzea espero dute Bertako Blagan Eguna ere batera ospatuko da, ‘Itxeki Euskarari!’ lelopean

Xabier Sagarzazu - Viernes, 18 de Mayo de 2018 - Actualizado a las 06:03h.

hondarribia - Euskaltzaleen Topaguneak Hondarribira ekarriko du aurten, datorren ekainaren 2an, bere Mintza Eguna, Euskal Herriko txoko guztietako mintzapraktika taldeetan aritzen direnen urteroko elkarretaratze eta jai nagusia.

Horretarako, Hondarribiko Udalaren eta hiri honetako Blagan Euskara Elkartearen zein beste zenbait eragileren lana eta lankidetza izango dituzte, egun horretan egingo den ekitaldi programa zabala antolatu eta aurrera eramateko.

“Mintza Eguna, Euskal Herri osoko 120 herri eta eskualdetan Mintzalaguna, Solaslaguna edo Berbalaguna izenekin egiten diren programetan parte hartzen ari diren 6.000 pertsonei dago bereziki zuzenduta, eta guztiak jai giroan elkartu eta egun ona pasatzeko aitzakia da, beti ere, euskararen erabilera sustatzeko helburu berberarekin”, gogoratu du, astearte honetan, aldi berean Topaguneko Mintzapraktika Batzordearen koordinatzaile eta Hondarribiko Mintzalaguna programaren kudeatzaile den Maite Agirrek.

“Iaz Derion egin genuen Mintza Eguna eta hartan, 180 lagun inguru bildu genituen. Egun horretan, Hondarribikoek jaso genuen lekukoa eta jende guzti horri harrera beroa egiteko irrikitan” daudela esan zuen Agirrek.

Bere aldetik, Hondarribiko Udaleko Euskara zinegotzi den Arantxa Berrotaranek, onartu du “hasiera batean, honelako ekitaldia gure hirian antolatzea erronka handia, ia izutzeko modukoa ere” ba zela, baina “gogoz” ekin diotela, “Blaganekin eta Topagunearekin batera, ekainaren 2an txoko guztietako euskaldun eta euskaltzaleei Hondarribian ahalik eta harrera on eta beroena egiteko”.

Ekainaren 2ko euskaltzaleen jai hau, gainera, bikoitza izango da Hondarribiko kasuan. Blagan Euskara Elkarteak iazko ekainean egin zuen bere lehenengo Blagan Eguna eta “aurtengoa, ekainaren 2ko Min-tza Egunarekin batera” egingo dutela azaldu du aurkezpenean euskara talde honen kide den Estitxu Arretxek. “Blagankideen zein Hondarribiko beste zenbait eragileren laguntzarekin, Mintza Egunak inoiz baino egitarau zabal eta erakargarriagoa “ izango duela gaineratu du Topaguneko Maite Agirrek.

egitaraua Ekainaren 2an, Blagan eta Mintza Egunera datozenek ongi etorria eta hamaiketakoa izango dituzte 11.00etan, eta 12.00etan, bi proposamenen artean aukeratu ahal izango dute;edo bisita gidatua egin Hondarribiko zenbait txoko ezagutzeko (harresiak edo hirigune historikoa Tren Berdera igota ezagutuz, besteak beste), edo bestela, San Pedro kalean egingo den irratsaioa zuzenean ikusi eta entzutea eta bertako larunbateroko Azoka bisitatzea.

Bazkalaurrean, 13.30ean, iazko Blagan Egunean egin zen bezala, “traineruan ekarriko dute Kai Zaharreraino Itxeki euskarari! leloa duen pankarta eta hartan bezalaxe, Abiyuan txarangak animatuta kalejira” egingo dela azaldu du Estitxu Arretxe blagankideak.

Gero, hondarribiarrek zein bertaratutako guztiek herri bazkaria izango dute Arrantzale Auzoan 14.30ean eta 16.30ean, Mintza Egunaren agur esta esker emate ekitaldia egingo da.

Bazkalostea eta arratsaldea dan-tzarako izango dira Hondarribira egun horretan etortzen diren guztientzat. Errebal taldearekin dan-tzaldi gidatua egingo dute 17.00etan, Gorpuzkingz trap taldeak emanaldia eskainiko du 19.30ean eta 20.30etik aurrera, Hondarribiko Elektropatxarangarekin emango zaio amaiera haundia festari.

“Hamahirugarren urtea da Mintza Eguna egiten dela eta Hondarribian aurrekoetan baino jende gehiago biltzea” espero dute Topagunetik, “tokiko euskaltzaleek beraiena duten Blagan Eguna ospatuko baitute eta honekin batera, Mintza Egunera etorriko direnak gehituko zaizkielako”.

Honela, “iaz Blagan Egunean parte hartu zuten 100 hondarribiar inguru berriz ere animatzen badira, eta Mintza Egunera etorriko direnak batuta, ekainaren 2an 300 lagun inguru biltzea” espero dela esan du Maite Agirrek.

Aldi berean Blagan Eguna eta Min-tza Eguna izango den honetan parte hartu nahi dutenek, izena emateko aukera daukate, maiatzaren 24ra arte, bai Hondarribiko San Pedro kalean dagoen Blagan kafetegian, bai www.mintzalaguna.eus webgunean (17 eurotan helduen bazkaria eta hamaiketakoa, 10 eurotan umeen bazkaria eta hamaiketakoa eta lurralde bakoitzetik etorriko diren autobusak erabiliz gero, bazkaria eta hamaiketakoa barne, 25 eurotan helduen-tzat eta 18 eurotan haurrentzat).

xehetasunak

Hiru urtez lanean. Hondarribiko Blagan Euskara Elkartea 2015. urtean sortzea erabaki zuen euskaltzale talde batek eta aurkezpen publikoa 2016ko ekainean egin zuten. Iaz, hilabete horretan egin zuten beraien lehenengo jaia, Blagan Eguna.

25 urtez praktikatzen. Min-tzapraktika taldeak duela 25 urte hasi ziren martxan jartzen Euskal Herriko txoko desberdinetan. Gaur egun, 120 herri eta eskualdetan 6.000 lagun elkartzen dira elkarrekin euskaraz aritzera. Guzti hauen urteko jaia eta elkar ezagutzeko aukera izaten da Mintza Eguna deitutakoa.

zenbakitan

75

dira Hondarribian Mintzalaguna programan parte hartzen dutenak, praktika eginez euskara maila hobetu nahi duten bidelari zein aurreko hauei laguntzeko prest izaten diren bidelagun euskaldunak. Guztiak, hamalau taldetan daude banatuta eta astero elkartzen dira.